Donostia ospitalean dago Umetxo haur eskola, eta, COVID-19aren ondoren, atzo zabaldu zituen lehen aldiz ateak. Neurri zorrotzak errespetatu behar dituzte, baina Izarne Fernandez zuzendaria gustura dago berriz haurrekin elkartzeko aukera dutelako.
Joan den astean eman zuten haur eskolak irekitzeko baimena, baina zuek gaur [atzo] ireki duzue. Zergatik?
Bagenekien ireki zitekeela, ahoz esan zigutelako ireki genezakeela, baina nahiago genuen ziurtatzeko agindua idatziz eduki. Gu ez gaude ezinbesteko zerbitzutzat sailkatuta, baina uste dut ezinbesteko langileen umeakzaintzen dituzten langileak garela.
Zerbitzu bat ematen diezue ospitalean lan egiten dutenei?
Bai, gure bezeroen %70 ospitaleko langileak dira.
Nolakoa izan da lehen eguna?
Lehen eguna lan askokoa izan da. Bi edo hiru aste generamatzan pentsatuz nola egin genezakeen. 38 orriko kontingentzia plan bat daukagu: ez dugu ezer utzi zoriaren esku.
Eta zein neurri hartu dituzue?
Espazioak taldeetan banatu ditugu, eta zaintzaile bakoitzak ume talde bat dauka. Oinutsik sartzen dira, eta geletara joan. Han, irakasleak daude itxaroten, eta ongietorria ematen zaie. Hori guretzat ezinbestekoa da. Gainera, garbitu daitezkeen jostailuak aukeratu ditugu.
Eusko Jaurlaritzatik jaso duzue jarraibiderik edo laguntzarik?
Gu baimendutako zentro bat gara: Jaurlaritzaren diru laguntzak dauzkagu, hezkuntza ikuskapenak... Giarbi elkartean gaude, eta Eusko Jaurlaritzan egon ginen. Ez nintzateke kritikatzen ausartuko. Agian, guretzat ekonomikoki merkeagoa zen ez irekitzea, baina iruditzen zaigu moralki eta etikoki pauso bat aurrera eman behar genuela.
Zer diote gurasoek?
Zoratzen daude gu ikusteko, eta oso maitekor egon dira; distantziak mantendu dituzte sarreran...
Beste langileak ere irekitzeko prest zeuden?
Langile bikainak dauzkagu, eta uste dut lan egiteko irrikazzeudela.
Zer espero duzue irailerako? Normal egotea espero dugu:07:30etik 22:00etara. Gaurkoa proba bat izan da guztiontzat.
Koronabirusa. Izarne Fernandez. Umetxoko zuzendaria
«38 orriko kontingentzia plan bat dugu: ez dugu ezer utzi zoriaren esku»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu