Iparraldeko Ikastolen Elkarteari, Seaskari, eman dio Euskara saria Hau Pittu Hau konpartsak. Aste Nagusian urtero banatzen dute, eta mende erdia bete duen urtean jaso du Seaskak. Hain zuzen ere, euskararen alde egindako lana aitortzen du sariak. Hur Gorostiaga (Donostia, 1972) elkarteko zuzendariak jaso zuen saria atzo arratsaldean egindako ekitaldian. Azpimarratu du oraindik ere asko dutela borrokatzeko.
Nola hartu duzue saria irabazi izana?
Ohore handiz. Guretzat ohore bat da Mendebaldeko euskaltzaleek Ekialdeko euskaltzaleen lana azpimarratzea. Halaber, Hau Pittu Hau ezaguna da konpartsa gisa, eta ohore bat da beste hainbat izenen ondoan egotea.
Zeinentzat da aitorpena?
Mende erdia bete dugu, eta ondoko mende erdian pentsatuz eman digute saria. Betiko zailtasunekin ari gara, euskara ez baita ofiziala Iparraldean. Batez ere, azken urte hauek zailak izan dira. Macron gobernuan dagoenetik trabakbesterik ez dugu izan, eta irabazitako guztia borroka bidez izan da.
Mende erdia pasatuta, zein da Seaskaren egoera?
Hastapenean, deabrua balira bezala ikusiak ziren ikastolak, eta Frantziako ordezkarien aldetik traba guztiak ezarri zizkieten. Trabak beti bata bestearen atzetik etorri dira. 50 urteko historia horretan datza.
Egun, zeintzuk dira beharrak?
Irakasle postuen beharra dugu batik bat. Frantzia hiperzentralizatuan irakasle postuak Parisen erabakitzen dira, euskararen beharrak inolaz ere kontuan hartu gabe.
Euskarari dagokionez, zer oztopo ditu Seaskak bere egunerokoan?
Edozein egiturak dituen oztopoak. Baina, gaur egun, ikusten dugu bereziki gure ikasleek ibilbide osoa euskaraz egiten dutela, eta gero Baxoan ezin dituztela azterketak euskaraz egin. Azken finean frantses legeak euskara ez du onartzen, eta ez ditu gure hizkuntza eta gure izatea onartzen.Hau Pittu Hau konpartsak dio euskara dela gure territorio libre bakarra, eta uste dut mezu hori garrantzitsua dela.
Zenbateraino da zaila Iparraldean euskaraz bizi eta ikastea?
Zailtasuna handia da. Bi biztanletik bat Frantzian sortua da, eta ez du sentiberatasunik euskararekiko, ez eta euskal kulturarekiko. Beraz, askotan, eta batez ere kostaldean, borondate asko behar da euskaraz bizi eta ikasi ahal izateko. Gure nahia hori ahal bezainbat erraztea da, urtero ikastola berriak sortuz, gurasoek aukera ahal bezain hurbil ukan dezaten.
Zer harrera du Seaskak?
Tokiko hautetsietatik oso harrera baikorra du. Bestalde, gaur egun geroz eta haur gutxiago sortzen da, baina geroz eta gehiago dira Iparraldeko ikastoletara joaten direnak. Horrek adierazten du badagoela gogo eta atxikimendu bat ikastolarekiko.
Transmisioa bermatuta dago?
Gaur egun ez. Nahiz eta bertakoek gero eta gehiago ikasi euskaraz, gaur egun, kopuruz gehiago dira Iparraldera bizitzera datozen eta euskararekin inolako loturarik ez duten frantsesak. Hor nolabaiteko kolonialismo bat bizi dugu. Hala ere, lortzen dugu horietako batzuk euskarara hurbiltzea; baina, momentu honetan, justu gabiltza, eta tokiko erakundeen laguntza handiagoa behar dugu.
Hegoaldetik babes nahikoa duzuela sentitzen duzue?
Beti gehiago eska daiteke, baina egia da krisi momentuetan lortu dugula laguntza. Ikastolengandik jasotzen dugun sostengua ikaragarria da.
Halako sariek zuen lana ikusgarri egiten laguntzen dute?
Euskararen erronka ez dago irabazia oraindik Iparraldean, eta sariak erakusten du jendea horren kontzientzia hartzen ari dela. Sariak adierazten du oraindik ere lan handia dugula egiteko.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizun hurbilean datorren ikasturtea zaila izango da, dudarik gabe. Baina lortuko dugu gure proiektuak aurrera ateratzea. Lortuko dugu euskara biziaraztea eta euskaraz bizitzea.
Zer ekarpen egiten dio Seaskak euskarari?
Gaur egun, Seaskak bakarrik bermatzen du familia erdaldun bateko haurrak euskaldunak izanen direla. Euskarak duen azken esperantza ikastolak dira. Seaska da dugun azken helduleku bakarra euskara bizi dadin gure herriaren ekialde eta iparraldean.
Hur Gorostiaga. Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteko zuzendaria
«Sariak adierazten du oraindik ere lan handia dugula egiteko»
Hau Pittu Hau konpartsak Seaskari eman dio aurten urtero banatzen duen Euskara saria. Gorostiagak Hegoaldetik jasotzen duten laguntza eta babesa azpimarratu nahi izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu