Jon Zabala (Amoroto, Bizkaia, 1990) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia CEE ikerketa taldeko kidea da, eta bera izan da Korrika gizarte psikologiatik begiratuta aztertu duen ikerketaren arduraduna.
Ikusi gehiago:Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak ditu
Ikerketa hau egin eta gero, desberdin ikusten duzu Korrika?
Ez soilik Korrika, baita era guztietako elkarretaratzeak ere. Lagunekin zerbait hartzetik hasi eta edonolako ospakizun txiki eta masiboetaraino, ezberdin antzematen ditut. Sentitzen dut Durkheimen teoria nigan gorpuzten dela. Ikusten dut badagoela nolabaiteko magia bat interakzio sozialetan; indarberritu egiten naute. Ikusten dut zer garrantzia hartzen duten gizartean, bai pertsonalki, bai talde mailan.
Nolatan erabaki zenuen ikerketa hau egitea?
Orain parte naizen ikerketa taldean Durkheimen teoria hau egiaztatzeko lehen urratsak egiten hasiak ziren, eta gaia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Korrika iruditu zitzaidan erritu kolektiborik aproposena teoria hori egiaztatzeko. Korrika gurea da, oso hunkigarria da, eta ezagutzera emateko modukoa. Euskal Herri mailan egiten den euskararen aldeko ekimen masiboena eta garrantzitsuena da. Ikerketako parte hartzaileek berek ere adierazten dute esperientzia hori deskribaezina dela, emozioen eztanda bat, geldiezina sentitzen den indar eta elkartasun erakustaldi bat dela Korrika.
Zer metodologia erabili duzue ikerketa egiteko?
Ikerketa longitudinal bat izan da: datuak hiru alditan jaso genituen, ikusteko ea Korrikan parte hartu aurretik eta ondoren eraginak desberdinak ote ziren edo ez.
Gainera, neurtu dugu parte hartu ondorengo efektuak zenbat irauten duen. Alor bereko beste ikerketa gehienetan ez dute egin; guk aukera izan dugu.
Kama muta izan da ikerketan erabili duzuen aldagai bat.
Kama muta-k sanskritoan esan nahi du maitasunak mugitua, eta erreferentzia egiten dio lagun hurkoarekiko maitasunak eragiten duen hunkidurari. Ikusi dugu kama muta-k eragin psikologiko positibo garrantzitsuak dituela, eta aintzat hartzeko moduko aldagai bat dela.
Eferbeszentzia kolektiboa ere bai.
Pertsonen arteko estimulazio emozionalaren ondorioz, bateratasun emozional bat sentitzea da, hau da, guztiok egotea aldarte berberean. Berdin dio errituaren izaera zein den: hileta bateko tristura, manifestazio bateko amorrua edo Korrikako ospakizuna. Sentipen hori partekatuagoa da aldarte berberera bagoaz, eta espero da efektuak ere berdinak izatea, hau da, kohesio sozial handiagoa izatea.
Korrika, beraz, kolektiboki ahalduntzeko tresna bat da?
Bai. Jendea ez da soilik indarberriturik eta ahaldunduago sentitzen modu indibidualean; kolektiboki ere bai. Euskaldunok badugu ahalduntze kolektibo handi bat, hau da, gizartea eraldatzeko dugun gaitasunaren pertzepzio handia dugu, eta Korrikak areagotu egiten du, aldi baterako bada ere. Alegia, gauzak aldatu ditzakegula sentiarazten digu.
Jon Zabala. Gizarte psikologoa
«Gizartea aldatzeko dugun gaitasunaren pertzepzio handia dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu