Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Erabilera bakarreko plastikoak ez dira seguruagoak

2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Pandemian zehar eskularru eta maskaren erabilera izugarri handitu da kutsatzeko arriskua ekiditeko beharrezkoak izan baitira, eta, oraindik ere, horien beharra daukagu. Horrek ekarri du hobeto kudeatzen ikasi beharko dugun hondakin kopuru handiagoa sortzea. Kontuan hartuta estatuko osasun-zentroetan 659 milioi maskara kirurgiko baino gehiago erosi direla eta horietako bakoitzak bi gramo plastiko inguru dituela, horrek esan nahi du maskara horietatik bakarrik 1.318 tona plastiko sortuko direla. Horietako asko mikroplastiko bihurtuko dira azkenean, gure inguruan dena kutsatzen duten partikula txikiak.

Baina ez da maskara eta eskularru kontsumoa bakarrik hazi. Paper-zapi hezeen erabilera %49 hazi da, eta erabilera bakarreko plastikozko ontziena ere bai. Zaborrontzi horiaren kudeatzailearen arabera, erabilera bakarreko ontzien kontsumoa %15 handitu da konfinamenduan. Datu horrek edukiontzi horietan bildutako ontzi kopuruarekin du zerikusia, eta, beraz, horrek pentsarazten du kontsumoa askoz handiagoa izan dela. Erabileraren handitze horri gehitu behar zaio gobernu zentralak debekatu egin duela hondakinak eskuz bereiztea hondakinen tratamendu plantetan. Datu ofizialik izan ezean, litekeena da zabortegietan, erraustegietan edo ingurumenean amaitzen duten erabilera bakarreko objektuen eta ontzien gorakada nabarmen bat izatea. Horrek arrisku handia dakarkie naturari eta pertsonei, errausketa eta zabortegiak kutsadura eta berotegi-efektuko gasen iturri garrantzitsuak baitira.

Ziur aski, erabilera bakarreko ontzien emendioak zerikusia izango du erabilera bakarreko ontziak berrerabilgarriak baino seguruagoak direla sinetsarazteko plastikoaren industriak egin duen presioarekin. Ondorio horiek sinestarazten saiatu dira, industria berak finantzatutako ikerketen bidez. Hala ere, azpimarratu behar da higiene-neurri egokiekin ontzi berrerabilgarriak arriskurik gabe erabil daitezkeela. Izan ere, gainazalekiko kontaktua ez da birusaren eraginpean egoteko modu nagusia.

Egoera horren aurrean, osasun-arloko ehun adituk baino gehiagok adierazpen bat sinatu dute aste honetan. Horren bidez, denda eta kontsumitzaileei bermatu nahi izan zaie produktu eta ontzi berrerabilgarriak seguruak direla COVID-19aren kutsadura arriskuaren aurrean. Aditu horien arabera, erabilera bakarreko produktuek berrerabilgarrien antzeko arazoak dituzte. Zenbait ikerketak erakutsi dutenez, birus infekziosoek 24 ordu arte iraun dezakete paperean edo kartoian, egun bat oihalean, hiru egun arte beiran, eta bizpahiru egun arte plastikoan eta altzairu herdoilgaitzean. Alde horretatik, toki publiko batean egon den edozein objektu edo gainazal (erabilera bakarrekoa edo berrerabilgarria) kutsatuta egon liteke, eta, beraz, kutsatzea saihesteko modurik onena higiene neurri egokiak mantentzea da. Era berean, ziurtatu dute erabilera bakarreko plastikoa ez dela berrerabilgarria baino seguruagoa, eta, gainera, botatzen denean, osasun publikoko arazo gehigarriak sortzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.