Euskal Herriko bost aireportuek 7,7 milioi bidaiari izan zituzten iaz

Hegaldi berrien eraginez, inoizko trafiko handiena izan dute Loiuk eta Forondak. Miarritze itxita egon zen hilabetez, eta 110.000 erabiltzaile galdu ditu. Hondarribiak eta Noainek gora egin dute

Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
2018an lehen aldiz zazpi milioi bidaiarien marka gainditu ondoren, zortzi milioi bidaiariena gertu dute Euskal Herriko aireportuek. 2019. urtean, 7,7 milioi bidaiarik erabili zituzten bost aireportuak, aurreko urtean baino 420.000 gehiagok (+%5,7). Aireportu guztiek ugaritu zituzten bidaiariak, Miarritzek izan ezik, baina hura itxita egon zen lau astez, otsailaren hasieratik martxoaren hasierara, berrikuntza lanak egiteko.

Euskal Herritik hegazkinez atera edo Euskal Herrira hegazkinez iristen diren lau bidaiaritatik hiruk Loiuko aireportua erabiltzen dute. Zehazki, iaz 5,9 milioi erabiltzaile izan zituen Bizkaiko aireportuak, 2018an baino %8 gehiago.

Hein batean airebide berriek eragin dute trafikoaren ugaltzea. Horrela, udan hainbat hegaldi gehitu zituen Loiuk: besteak beste, Portora (Portugal), Florentziara (Italia) eta Coruñara (Galizia). Gainera, Ryanair itzuli egin zen aireportura, Southenderako (Ingalaterra) airebide batekin. Irlandako konpainia hori 2012. urtean hasi zen Loiun lanean, bost airebiderekin, baina urtebeteren ondoren utzi egin zuen, Aenak eskatzen zizkion tasak oso handiak zirela argudiatuta.

2020ari dagokionez, dagoeneko bost airebide berri iragarri ditu Bilboko aireportuak: Voloteak hegaldiak eskainiko ditu Lyonera (Frantzia), Murtziara (Espainia) eta Cagliarira (Sardinia, Italia), Transaviak Rotterdamera (Herbehereak), eta Aegeanek, berriz, Atenasera. Transaviak eta Aegeanek lehen aldiz izango dituzte airebide erregularrak Loiutik. Gainera, Voloteak lehia egingo dio Vuelingi Menorcarako norantzan (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak).

Miarritzek goia jo du

Erabiltzaile eta airebide kopuruari dagokionez, Miarritzekoa da Euskal Herriko aireportuetan bigarrena, Loiukoaren atzetik. Iaz, 1,06 milioi lagun igaro ziren Lapurdiko aireportutik. Baina, Loiuk ez bezala, badirudi Miarritzek goia jo duela bere hazkundean.

2017an izan zuen erabiltzaile gehien (ia 1,2 milioi), baina azken urteetan bidaiariak galdu ditu: 7.000 2018an, eta 117.000 2019an. Jaitsiera handi horren arrazoi nagusia da lau astez itxita egon zela urte hasieran, otsailaren hasieratik martxoaren hasierara arte. Gutxi gorabehera 50.000 erabiltzaile galdu zituen lan horiengatik.

Tarte horretan, pistaren zorua berritu zuten, eta argi berriak jarri zizkioten. Terminalaren barruan ere izan ziren berrikuntzak: autoak alokatzeko bulegoak aparkalekura gerturatu zituzten, itxarongela berritu zuten, eta ekipajea jasotzeko eremua itxi. Konponketa gehiago egin behar dituzte, aireportua brexit-era egokitzeko. Miarritzetik Ingalaterrarako sei airebide daude gaur egun, eta 140.000 lagun baino gehiago garraiatu zituzten iaz. Trafikorik handiena, edonola ere, Pariserako hiru hegaldiek dute: 625.000tik gora iaz.

Urte ona Forondan

Txikiagoak dira gainontzeko aireportuak, baina hirurek dute ezaugarri komun bat: urtetik urtera krisian galdutako bidaiariak berreskuratzen ari dira. Igoera ikusgarriena Forondak izan du. 2013an eta 2014an, airebide erregularrik gabe, 7.000 lagunek soilik erabili zituzten, udako charter hegaldietan batez ere. Baina, Ryanair itzuli zenetik, bizitza berreskuratu du Arabako aireportuak, eta, iaz, ozta-ozta izan bazen ere, bidaiarien marka hautsi zuen: %23,5 handitu zuen trafikoa, eta 174.022ra iritsi zen.

Ikusteko dago 2020an marka hori hausterik duen, Ryanairrek bertan behera utzi baitu eskaintzen zituen hegaldietako bat, Tenerifera zihoana (Kanariak, Espainia), hango egoitza itxi duela eta. Kanarietarako airebidea berreskuratzeko lanetan dabil Forondako aireportuaren sustatzailea, VIA (Vitoria International Airport).

Bidaiarien terminala hutsik izan zuen urteetan, merkantzietan jarri zuen indarra Gasteizko aireportuak, eta fruituak eman ditu, urtetik urteragarraiatutako salgaien kopurua handitzen ari baita. Iaz 64.400 tona igaro ziren Forondatik, aurreko urtean baino %3,7 gehiago.

Hondarribiko aireportuak oso urrun du oraindik 2007ko marka, nahiz eta iaz urte ona izan zuen: 30.000 bidaiari gehiago (+%10,7). 2020. urteari baikor ekin dio haren sustatzaileak, Ortzibiak. Izan ere, aurten berreskuratuko du Londreserako airebidea, 2017an galdutakoa. Ingalaterrako hiriburuaren erdialdean dagoen City aireportu txikira astean bi hegaldi irtengo dira, uztailaren 4tik irailaren 10era, baina, arrakasta izanez gero, espero dute beste hilabete batzuetara hedatzea.

Krisiak are gogorrago jo zuen Noaingo aireportua, 2007an milioi erdi bidaiari garraiatzen baitzituen eta 2014an, berriz, 138.000. Azken bi urteetan, Lufthansaren eraginez, 75.000 bidaiari irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.