Maria Lopez sindikalista ELAk antolaturiko manifestaziora bertaratu zen atzo. Hamabost urte daramatza Mercadonan lanean, eta Coruñako (Galizia) langile batzordeko presidentea da, CIG intersindikalaren aldetik.
Zer aldarrikatu nahi izan duzu manifestazioarekin?
Nik ezagutu izan dudanaren lekukotza ematera nator, sindikatuetako ordezkariok pairatzen dugun jazarpenaren lekukotza ematera. Benetan dihardugu Mercadonako langileen eskubideen alde. Hori da sindikaliston betebeharra.
Mercadonak bere langile bat salatu du bide penaletik.
Laguntza eman nahi diogu salatu duten kideari. Muturreraino iritsi ziren [enpresakoak] kasu honetan bide penalera jotzean; marra gorria zeharkatzea da hori. Haien helburua da bidegabeko kaleratzea onar dezala, eta, ahal badute, isiltasun klausula lortzea. Ez dute nahi bertan zer gertatzen den jakitea.
ELAkoek gonbidatu zaituzte manifestaziora. Zer helarazi nahi diezu?
ELAko ordezkari guztiei ere animoak eman nahi dizkiegu. Jazotzen diren gehiegikeria guztien aurka elkartzen eta antolatzen bagara, gure lagunek merezi duten ordezkaritza lor dezakegu. Beldur handia dago dendetan; ez da saldu nahi digutena. Lan harremanak normalizatzea lortu behar dugu, Mercadonan ez baitaude normalizaturik. Kontua da haiekin dugun elkarrizketa ez dela konfiantzazkoa.
«Lesio fisiko larriak» salatu ditu ELAk. Zergatik pairatzen dituzte langileek halako gaitzak?
Mercadonako langile gehienok lan zama izugarria dugu. Lanorduak ez dira txandakatzen, eta, azkenean, hondaturik amaitzen duzu, fisiko zein psikologikoki.Coruñan ez dago dendarik non ezin duzun aurkitu edozein zailtasun izan ez duen langilerik. Gutxi batzuk aipatzearren: etenak, bizkarrak leherturik, karpo kanaletako sindromeak…
Ezin al duzue egokitu lan erritmoa?
Mercadonan ezin duzu lanpostua moldatzea eskatu; ezin da egin. Idatziz eskatu behar da, eta ez da ia inor ausartzen. Leher egin arte aritzen zara, eta, ezin duzunean gehiago, kalera.
Presio psikologikoa aipatu duzu. Zer-nolakoa da Mercadonan pairatzen duzuen presioa?
Izugarria da jasaten dugun presio psikologikoa. Xantaia handi eta ikaragarriena urteroko diru sariarena da, Mercadonako lan hitzarmenak jasotakoa. Zure lanaren balorazio guztiz subjektiboaren arabera ematen dizute edo ez. Haien esanetara egon behar duzu une oro; amore eman behar duzu haien aurrean. Berdin du zure bizitzak; saldu egiten duzu.
Lan sakrifikatua, beraz…
Bakarra izango balitz sakrifizioa... Nahiago nuke bakarra izango balitz. Ezinezkoa da ados jartzea Mercadonarekin. Hermetismoan datza beraien jarduna.
Langileen osasun eskubideen parte dira gaixo agiriak. Erraza al da Mercadonan hauek ematea?
Mercadonan gaixo ez egoteko idatzi gabeko debeku bat dago. Hilzorian egon behar duzu gaixo agiria emateko. Gaixo zaudenean, dendatik irten bezain laster enpresako mediku zerbitzuko dei ugari dituzu. Ea nola bururatzen zaizun gaixo agiria hartzea haiei jakinarazi aurretik. Mercadonan gaixoaldian egon aurretik derrigor hiru egun egon behar duzu etxean, justifikatu gabe, preskripziorik gabe. Halakoxea da protokoloa.
Lan hitzarmenean jasota dago aldi baterako ezintasuna dutenek diru sarrera osagarri bat izateko eskubidea dutela. Lau baldintza bete behar dira osagarri hori jasotzeko, eta bat ez bada, bestea ez duzu beteko.
Galiziako CIGeko kide ere bazara. Zer erantzun jaso zenuen bertako zerrendetara aurkezten saiatu zinenean?
Izugarria izan zen nire esperientzia. 2010ean, CIGeko zerrendetara aurkezten saiatu nintzen. Nire koordinatzaileak egunero esaten zidan sindikatua Mercadonaren aurka zihoala, eta CCOO edo UGT sindikatuetako zerrendetara aurkezteko. Argi nuen CIG sindikatuan aurkeztu nahi nuela, eta horrek are argiago utzi zidan. Prozesu sindikal bat da hura. [Koordinatzaileak] Ez du zertan muturra sartu. Langileon kontua da.
Eta zer ondorio ekarri zizkizun prozesuarekin jarraitzeak?
Ordurako lauzpabost urte neramatzan sail batean, eta, bat-batean, korridore txarrenak niretzat izan ziren; kutxa bakartu batera aldatu ninduten; ez zidaten uzten nire kideekin harremanetan jartzen, eta hiru diru sari kendu zizkidaten —azkenean, auzitara joz berreskuratu nituen—. Orain, CIG sindikatutik saiatzen naiz inork ez dezala pasa nik pasatutakoaren erdia.
Lan gatazka. Mercadona. Maria Lopez. Mercadonako langilea eta CIG sindikatuko kidea
«Leher egin arte aritzen zara, eta, ezin duzunean gehiago, kalera»
ELA Mercadonako langileen eskubideen alde mobilizatu da Bilbon. Maria Lopez Mercadonako langile eta Galiziako CIGeko kideak langileen egoera «basati» eta enpresaren praktika antisindikal «itzelak» salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu