Kontrolik gabeko txartelak, epaileen esku

Maileguaren ordainketa atzeratzeko aukera ematen duten kreditu txartelen legezkotasuna aztertzen ari da Auzitegi Gorena, eta gehiegizko zorrak nork ordaindu behar dituen ebatzi dezake

JUSTIN LANE / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Baliteke amesgaiztoa ohez aldatzea. Herritar ugarik mesanotxeetan zorrak pilatzen dauzkaten kreditu txartel batzuk legezkoak diren ala ez ebatziko du aurki Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, garrantzitsuena dena, zehaztu dezake gehiegizko zorra balego hori nork ordaindu behar duen: bezeroak ala mailegu emaileak. Bereziki krisialdi ekonomikoaren garaitik hona asko ugaritu diren txartela batzuk daude jopuntuan: saltoki handiek eta erakunde mailegu-emaile batzuek eskainitakoak.

Fidelizazio gisa eskaintzen dituzten txartel horietako bat da, baina, kontratuaren letra txikia irakurriz gero, harreman hori betiko izatea bilatzen dute. Revolving ere esaten zaie, birakaria baita sortzen duten zorra: zenbat eta gehiago erosi, handiagoa da interes tipoa. Horiek hala, amaierarik gabekoa bihur daiteke bezeroaren eta mailegu emailearen arteko lotura.

Atzo bildu ziren Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salako magistratuak, gaiari buruz jurisprudentzia ezartzeko. Atzoko espero zen erabakia, baina ez zen hala izan, eta ez dute jakinarazi noiz kaleratuko duten.

Wizink erakunde mailegu-emaileak jarritako helegite bat aztertuko dute. Kantabriako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zion bezero bati, eta gehiegizkotzat jo zuen %27ko interes tasa jarri izana. Orain arte, kasuen %90ean arrazoia eman diete bezeroei, eta Gorenak berak hala egin zuen 2015ean: 1908ko lege bat eskuan, lukurreriatzat jo zuen erakunde horien jarrera, eta baliogabetu egin zuen kontratua.

Gorenak epai konplexua du mahai gainean, lukurreria den ala ez ebaztearekin batera gehiegizko zorra itzultzera behartu baititzake mailegu emaileak. Hala balitz, bezeroek salaketak jarri beharko lituzkete, eta epaitegiek kasuan-kasuan aztertuko beharko lukete zenbatekoa.

Kontsumitzaileen elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian bi milioitik gora herritarrek dituzte gisa horretako txartelak, eta 13.000 milioi euro baino gehiago dituzte maileguetan. Espainiako Gobernuak asmoa agertu du abusuzko maileguen inguruan arautzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.