Lau hilabete igaro dira Poloniak Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu zuenetik. Ordutik ezin izan du familiarekin eta abokatuarekin telefonoz hitz egin, eta senideek haren bi gutun bakarrik jaso dituzte. Gonzalezen egoera azaltzeko agerraldia egin dute kazetariaren abokatuak, Gonzalo Boyek, eta bikotekideak, Oihana Goirienak, Eusko Legebiltzarreko Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordean.
Goirienak adierazitakoaren arabera, lau hilabete hauetan ezin izan dute bisitatu Gonzalez, ezta harekin telefonoz hitz egin ere. Bi gutun besterik ez dute jaso. Hasieran, Espainiako kontsulak familiari esan zion burokrazia kontuengatik ezin zirela harremanetan jarri Gonzalezekin, baina orain badakite ez dela horregatik. Poloniak dio Goiriena ere inplikatuta egon daitekeela kasuan, eta horregatik ez diote uzten harremanetan jartzen. Gonzalezekin zergatik hitz egin nahi duen adierazteko exijitu dio Poloniak Goirienari, eta idatziz azaldu behar izan die Europako herrialde horretako agintariei zergatik ikusi eta entzun nahi duen senarra.
Goirienak eskerrak eman dizkio Espainiako kontsulari, kasua «auzi pertsonal» baten moduan hartu duelako. Hala ere, ez da berdin mintzatu Espainiako Gobernuari buruz: Gonzalezen kasuan lan gutxi egin duela dio Goirienak, eta haren egoera amaitzeko lan gehiago egiteko eskatu du.
Boyek dio Gonzalezen aurkako prozesua ez dela «garbia», eta egoera guztiz anormala dela gehitu du; prozesuari buruzko informaziorik ez du Gonzalezen abokatuak. Kazetariari bermedun prozesua izateko eskubidea urratu zaiola esan du Boyek, eta Europako Batasunean halako kasu bat egotea salatu du; gehiago inplikatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Alderdi politiko guztietako ordezkariek elkartasuna adierazi diote Gonzalezen familiari.
Pablo Gonzalez, lau hilabete inkomunikatuta
Kazetariaren bikotekideak uste du Espainiak «lan gutxi» egin duela. Gonzalezen familiak bi eskutitz bakarrik jaso ditu espetxeratu zutenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu