Jaurlaritzak «egia» eskatu du ETAren biktimentzat

ETAk 1968tik 1979ra bitartean hildako 86 biktima hartu dituzte gomutan. Ebatzi ez diren kasuak edo guztiz argitu gabe dirautenak dira guztiak

Beatriz Artolazabal, biktimetako bat besarkatzen, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egin du Bilbon ETAren zenbait biktimari «memoria eta aitortza» eskaintzeko, eta haien kasuen inguruan «egia» eskatzeko. Argitu gabe dauden hilketak gogoan hartu nahi izan ditu Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, eta hildakoen senitartekoei koaderno batzuk eman dizkiete, kasu bakoitzaren xehetasun eta inguruabarrak biltzen dituztenak.

86 biktima dira orotara, ETAk 1968tik 1979ra bitartean hildakoak. Senitartekoak ekitaldian egon dira, eta haietako hamaseiri koadernoa eman diete. Koaderno horiek egiteko, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen laguntza izan du Jaurlaritzak. Elkartearen ordezkariak ere ekitaldian egon dira, eta Jaurlaritzak eskertu egin die egindako lana.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek «egiarako eskubidea» aldarrikatu du, eta «laguntza, maitasuna eta hurbiltasuna» helarazi nahi izan die biktimei: «Zareten bezala gogoratu nahi zaituztegu: zerbitzariak, bake epaileak, saltzaileak, guardia zibilak, polizia nazionalak, udaltzainak, taxi gidariak, kazetariak eta abar».

ETAren «basakeria eta zentzugabekeria» arbuiatu du Artolazabalek, eta erantsi du koadernoak «biktimen egiarako eskubideari ekarpen bat» direla, «ebatzi ez edo erabat argitzen ez diren kasuetan; koaderno hauek egia horretan lagundu nahi dute».

Ekitaldiaren amaieran, biktima batzuek hitza hartu dute, eta solasaldi bat egin dute elkarrekin. «Nik ez dut barkatzen, ezta ahanzten ere», esan du haietako batek: «Nahi dudana da hiltzaileak epaitu ditzatela». Beste batek, berriz, esan du bere aitaren hilketa argitzeko epaiketa egiteak ez liokeela «bizitza» aldatuko: «Azken finean, hitz egin behar da. Hitz egiten ez bada, arazoak ez dira konpontzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.