Jeremy D. Walston. Medikuntzako irakaslea

«Errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko»

Teknologia berriak, elikadura egokia eta ariketa fisikoa gakoak dira osasuntsu zahartzeko. Hala ikasi dute adinekoak eta horietako batzuek garatzen duten ahultasuna ikertzen dutenek.

JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Adindunen ahultasunaren jatorri biologikoa, egoera horren prebentzioa eta tratamendua ditu ikergai Jeremy D. Walston irakasleak (Baltimore, Ameriketako Estatu Batuak, 1961). Bera izan zen alor horretako aitzindarietako bat. Helduen osasuna eta bizi kalitatea hobetzea da haren lanaren helburua. Adimen artifizialarekin eta teknologia berriekin egiten du lan.

Zuen lanaren helburua ez da jendea betirako bizitzea, baizik eta zahartzaroan ere osasuntsu egotea. Zer egiten duzue hori lortzeko?

Laborategiko lanean oinarritzen den gure programan begiratzen dugu zein ezaugarri dauden ahultasunaren atzean. Saiatzen gara ikusten zerk eragiten duen pertsona horien energia mailak behera egitea, estresari desberdin erantzutea edo hantura.

Nola identifikatzen dituzue pertsona ahul horiek?

Imajinatu gela bat 80 urtetik gorako adinekoz betea. 100 lagun badaude, 20 ahulak dira: ez dute ariketa fisikorik egiten, eta pisua erraz galtzen dute. Gainera, ikusi dugu bertzeak baino lehenago hiltzen direla, eta gaitasunak lehenago galtzen dituztela. Hortik abiatuta, frogatu genuen ahulak diren adinekoek okerrera egiteko gakoa dela hantura kronikoa. Jarraian, poliki-poliki bertzehainbat sistema okertzen hasten dira.

Identifikazio lana egin eta gero zer?

Ezaugarri biologiko horiek identifikatuz gero, gure asmoa da prebentziozko estrategia gehiago garatzea, baita tratamendu gehiago ere. Hainbat bidetan lan egiten ari gara. Esku artean dugun ikerketa handi batean, adibidez, jendea aztertzen dugu ebakuntza batera edo kimioterapiara iritsi baino lehenago, eta tentsioan dauden sistemak behatzen ditugu. Identifikatu nahi dugu modu bat jendeak tratamendu desegokiak ez jasotzeko.

Prebentzioa lantzen zabiltzate?

Bai. Konturatu ginen jendea osasuntsuago mantentzeko aukera dagoela ahultzea eta eritasun kronikoak prebenituz gero. Beraz, arlo horretan lan egin dezakegu.

Zein dira prebentzio estrategia horiek?

Kirol jarduerekin lotutakoak dira gehienak: 60, 70 edo 80 urte bitarte dituztenek jarduera fisiko gehiago egiteak, adibidez, lagundu dezake ez ahultzen. Mota guztietako ariketak izan daitezke, ez bakarrik oinez ibiltzea: pisu altxaketa, malgutasun edo luzatze ariketak... Horiek guztiek adinekoak aktibo mantentzen dituzte. Horrez gain, gutxietsi egin da faktore bat: eritasunak garaiz tratatzea, zailtasunak agertu baino lehenago. Horrek adinekoen ahulezia eta ezina eragozten du.

Elikadurak ere kirolak bezainbertzeko garrantzia du?

Elikadurak desberdintasun handia dakar. Karbohidrato askoko edo karbohidrato sinpleko dieta batetik dieta mediterraneo batera aldatzen diren horien kasuan, antzeman da ez direla hainbeste ahultzen.

Adinekoen inguruko ikerketetan egitasmo andana agertu dira azken urteotan. Geroscience da horietako bat.

Egitasmo hori zahartzearen biologiarekin lotuta dago. Badakigu zahartzean aldaketak gertatzen direla gorputzean, geroscience egitasmoak saiatzen ari dira identifikatzen zein diren ezaugarri horiek. Botikak edo tratamenduak garatzen dituzte.

Gerotech da bertze egitasmo bat.

Alde horretan ari gara lan egiten teknologia berrietan eta adimen artifizialean. Programak eta aplikazioak ontzen ditugu adineko jendea denbora gehiagoz bere etxean gelditu ahal izateko. Imajinatu norbaitek zailtasun kognitiboak dituela, eta haren familia urrun bizi dela. Adineko horrek zaintzailerik ez badu, egoitza berezi batera joan beharko luke. Baina teknologiaren laguntzarekin, hori atzeratu daiteke, pertsona horiek hobekiago eta babestuago bizi daitezke: botikak hartzea gogorarazten duten gailuekin, edo pantaila baten bidez familiarekin solasta badaiteke. Teknologia horiek lortzeko lanean ari gara, zeinak, zorionez, lagunduko duten adinekoak bere etxean denbora gehiagoz gelditzen.

Proiektu piloturen bat garatu duzue?

Proiektu horiek egiten dituzten taldeak finantzatzen dituen programa bat zuzentzen dut. Horietan errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko. Normalean bere etxean, bakarrik, egoten den jendea bertzeekin komunikatzen laguntzen ahal du. Bertzeekin hartu-eman bisual bat ahalbidetzen du. Horrez gain, badaude teknologiak ikusmen arazoak diagnostikatzeko, eta burmuineko garapena behatzeko. Adimen artifiziala diagnostikoan laguntzeko ere erabiltzen ari dira.

Non erabiltzen dituzue?

Teknologiaren arabera aldatzen da. Gehienak etxerako dira, jendea ahal bezainbertze egon dadin bere etxean. Bertze batzuk aisialdirako dira, non jendeak errazago eskuratu ditzakeen prebentziorako estrategiak, eta osasuntsuago mantendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.