EH Bilduk sorrerako ildoetan sakonduko du bigarren kongresuan

Larunbatean abiatuko dute prozesua, 'Hamar urte baino ez' leloa izango duena, eta maiatzera arte luzatuko da. Otsailean zabalduko dute txosten politikoa, eta apirilean egingo dituzte bozketak

Garikoitz Mujika, atzo, kongresua aurkezteko agerraldian. BERRIA.
jon olano
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
EH Bilduk bigarren kongresua egingo du udaberrian, eta prozesu horren xehetasun batzuk eman dituzte Garikoitz Mujika zuzendari nagusiak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak. Kongresu prozesua batzar nagusi bat eginez hasiko dute, asteburu honetan, eta maiatzera arte luzatuko da. 2017an egin zuten sorrerako kongresua, eta orduan hartutako erabakietan sakontzeko bidea egingo dute, Mujikak azaldu duenez.

Lau parte nagusi bereizi ditu Mujikak. Lehena, larunbat honetako batzarra; orduan abiatuko da kongresua, kideei kongresuko planteamenduak aurkezteko. Berme Batzordea ere aukeratuko dute larunbatean. Otsailean egingo dute beste batzar bat, eta orduan aurkeztuko dituzte orain arte eginiko lanaren balantzea eta ildo politikoari eta antolakuntzari dagozkien bi txostenak. Aurkezten diren zuzenketak, proposamenak eta halakoak apirilean egingo duten batzar batean bozkatuko dituzte, eta azken pausoa maiatzean emango dute, zuzendaritza berria aukeratuta.

«Lan horiek guztiak EH Bildu indartzeko eta erabakigarriagoak izateko egingo dira», adierazi du Mujikak. Hamar urte baino ez izango da kongresuaren leloa. Izan ere, hamarkada bat da Bildu sortu zela. «Azken hamar urteetako lorpenei balioa emango diegu, datorren hamarkadako erronkei begiratzeko», esan du.

Asmoa 2017ko erabakietan sakontzea izanik, orduan ezarritako ildo nagusiak gogorarazi ditu: batetik, subjektu politiko propioa eratzea, «koalizio forma, alderdi egiturak eta mugimendu bokazioa» dituena; bestetik, EH Bilduren jarduera eremuak erakundeak eta gizartea izatea; eta, azkenik, zuzendaritza bat sortzea, «ekintza politikoa, instituzionala, gizarte arloko alternatiba eta eragile mobilizatzaile gisa garatzeko».

Larunbateko batzarra telematikoa izango dela gogorarazi du Oleagak; aurrez izena eman beharko da. Azaldu duenez, hilabeteotan prozesuan parte hartzeko bi tresna izango dituzte EH Bilduko kideek: ohiko bide telematikoak eta herri batzarrak. Bigarren horiek izango dira «kongresuaren muina», eta kideek bi bideen bitartez eskuratu ahal izango dute dokumentazio guztia. Gaineratu du «ezinbestekoa» dela EH Bilduren proiektu politikoarekin bat egiten duten herritarrei «kongresuaren garrantzia helaraztea»; ildo horretan, 2017ko kongresuan onartutako estatutuen arabera, bilkide izatea ezinbestekoa izango da parte hartzeko, eta, beraz, proiektuarekin bat egiten duten herritarrei dei egin diete bilkide izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.