Aldarrikapena eta festa batuko dituzte aurtengo Herri Urratsen

Maiatzaren 8an ospatuko dute Ipar Euskal Herriko ikastolen festa, Senpereko aintziran. Euskal komunitateari dei egin diote

Seaskako kideak, Kanbon, Herri Urratsen aurkezpenean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bi urteko etenaren ondotik, Senpereko (Lapurdi) aintzirara itzuliko da Herri Urrats maiatzaren 8an. Programazio zabala prestatu dute antolatzaileek, baina aldarrikapenerako eguna izatea ere nahi dute. Seaskako kideak azkarki ari dira borrokan ikasleek azterketak euskaraz pasatu ahal izateko eskubidearen alde, baina, orain arte, eskaera guziei bizkarra eman die Frantziako hezkuntza administrazioak. «Milaka pertsona hor izanen dira, ez bakarrik euskara ospatzeko, baina erakusteko ere euskarari zer leku ematen diogun gure bizian», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Gogor mintzatu da Frantziako Gobernuaren jarreraren kontra. «Gure haurren hizkuntza eskubideen kontra egitea erabaki dute». Brebetako eta baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea nahi dute. Orain arte, baxoan, Matematikako eta Historia-Geografiako probak euskaraz erantzuteko parada zuten ikasleek, baina, pandemiak eragindako gorabeheren ondoren lehen aldiz aurten aplikatuko den erreformaren ondorioz, aukera hori galduko dute. Brebetan ere gibelamendua egon da Frantziako Hezkuntza Ministerioa Jean Michel Blanquerrek zuzentzen duenetik: lehenago osoki euskaraz erantzuten zituzten proba guziak; orain, Zientziak frantsesez egitera behartu nahi dituzte haurrak.

Joan den astean bilkura egin zuen Seaskak Anne Bisagni Faure Bordeleko (Okzitania) akademiako errektorearekin, baina bizkarra eman zien bere eskaerei. Tarteko proposamenak ere egin zituen Seaskak, baina ezezkoak baizik ez zituen jaso. «Kexu gara, biziki haserre. Eta Parisi abisua eman nahi diogu gure hizkuntza eskubideen alde, gure haurrek azterketak euskaraz egitearen alde borrokatzeko prest garela, irabazi arte», zehaztu du Jorajuriak.

Abenduan Frantziako Hezkuntza Ministerioak aurkeztu zuen zirkularra, eta, EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Bordeleko errektoretzarekin Seaskak izenpetua duen hitzarmena «ez errespetatzea» leporatu die. «EEPko biltzar nagusia blokeatzea ez bazen aski, Ipar Euskal Herriko hiru ikuskaritzen okupazioa ere ez bazen aski, urrunago joateko prest gara, gure oinarrizko eskubideak errespetatuak izan arte».

Egitarau zabala

Aldarrikapenez gain, besta ere izan ohi da ikastolen eguna, eta araberako egitaraua prestatu dute aurten ere Herri Urratseko antolatzaileek. Musikan lehenik: Euskal Herriko izen handiko talde andana arituko baitira Senpereko aintziraren inguruko guneetan. Xiberoots, Skakeitan, Willis Drummond eta Dupla aipatu dituzte, besteak beste, eta baita Des-kontrol ere —agertokietara itzulera eginen du—. BERRIArekin partaidetzan osatu den Nafarroa-Badok gunean izanen dira gehienak.

Ikasle kopuruaren emendatzeari erantzuteko, bosgarren kolegio bat irekitzeko xedea du Seaskak. Herri Urratsen lortuko dituzten etekinak proiektu hori diruztatzeko baliatuko dituzte. Okerrik ezean, Senperen berean eraikiko dute ikastetxea, eta 2023ko ikasturte hasierarako prest egotea nahiko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.