«Bai, jaun-andreok, AHT abiadura handiko trenaren tunela Lezetxiki barruan egin dute», salatu dute espeleologo horiek sare sozialetan. Urtarrilaren 28an heldu ziren tunela egin duten lekuraino, eta orduan egin zizkioten argazkiak «izugarrikeriari, guztiz atsekabetuta».
Lezetxiki Udalatx mendiaren inguruko kobazulo bat da, eta han aurkitu dituzte, oraingoz, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak. Besteak beste, Behe Paleolitoko Homo heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa topatu zuten han, gutxienez 164.000 urte dituena; hura da Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena. Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak aurkitu zuten, duela 50 urte.
pic.twitter.com/HqB3EwjHpZ— Inesa Ugalde (@ine_ugig) February 1, 2023
Altxor ordezkaezina den aztarnategiak kalteak izan ote ditu? Ezetz ematen du, haren inguruko beste galeria bat baita tunelak gurutzatu duena, BERRIAk jakin izan duenez; lekuan egondako espeleologoetako batek berretsi dio informazio hori: «Leibar esaten diogun kobazuloan dago, Lezetxikiko aztarnategi nagusiaren itxituratik kanpo. Dena bat zen lehen, suntsitutako galeria aztarnategira iristen baitzen. Orain ez dago sabairik, eta galerian aurrera egin behar da ehunka metro gutxi batzuk aztarnategira iristeko». Dena den, «ikusitakoa baino kalte handiagoa» egongo dela uste du, «agerian ez badago ere».
Aldundiaren erantzuna
Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Departamentuak ere berretsi du suntsiketak ez diola eragin aztarnategiari. Leibar-Leizetxiki barrunbe sistemaren «mutur batean hartutako bideo eta argazkien inguruan sortu den zalaparta ikusirik», Departamentuak «gezurtatu» egin ditu kalteak, ohar baten bidez. Sistema horrek «zenbait kilometrotako galeriak dituela» gogoratu du, eta «ertzetako bati» aspaldian eragin ziotela AHTko tunel baten obrek; «tunel horren exekuzioa bat etorri zen bere garaian onartutako obra-proiektuarekin». Aztarnategi arkeologikoa, ordea, «leku horretatik urrun» dagoela dio, «justu kontrako muturrean».
EH Bilduk, berriz, azalpenak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. «Garraio ministroak gertatutakoa argitu beharko du Kongresuan», esan du koalizioak. Jaurlaritzari exijitu dio Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko duen informazio guztia, eta argitzeko obrek Jaurlaritzak berak babestutako eremuari kalte egin dioten ala ez.
Hain zuzen, tunela babes eremutik kanpo dagoela erakusteko agiri grafiko bat igorri zuen hedabideetara atzo Jaurlaritzako Kultura Sailak.