Espainiako Konstituzioaren 44. urteurrenarekin batera kargu hartu dio EAJk Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, «lurralde auziari aurre egiteko aukera galtzen utzi» duelako. EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek «etsigarritzat» jo du PSOE-Unidas Podemos koalizio gobernuaren legealdiaren balantzea, autogobernuari dagokionez. Datorren urteko hauteskundeetarako geratzen dena gehienez urtebete dela eta, Estebanek deitoratu du Sanchezek aukera alferrik galdu duela «nortasun nazionalen auziari aurre egiteko».
2019ko abenduan, Andoni Ortuzar EAJko presidentearen eta Sanchez beraren artean izenpetu zuten inbestidura akordioak jaso zuen «Estatuaren lurralde egitura nortasun nazionaletara egokitzea, kide izatearen sentimenduak aintzat hartuz», Estebanek gogoratu duenez. «Ez da konbentzimendurik egon, ezta borondaterik ere, Euskadi eta Kataluniako nazio auziei heltzeko».
EH Bilduk ez du adierazpenik edota oharrik igorri hedabideetara, Espainiako Konstituzio egunaren karietara. «Abenduak 6 dugu gaur, Espainiako Konstituzioaren eguna. Ez daukagu ezer ospatzeko», esan du koalizio abertzaleak Bilbon Hezkuntzari buruz egin duen konferentzian. «Aitzitik, egun ezin aproposagoa da euskal hezkuntzaren geroari buruz gogoeta egitera elkartzeko».
EAJ, nazio aitortza eske
Jeltzaleek, aldiz, Espainian abenduaren 6ak duen testuinguruaren bultzadaz, «nazio aitortzari» buruz hitz egitea erabaki du. Gogora ekarri dute «borondatea baldin badago, Euskadin aplika daitekeen formula erraza» dela: «nazio aitortza, aldebikotasuna, arbitro neutrala eta erabakitzeko eskubide itundua». Horren ordez, oso bestelako erantzuna eman du Sanchezen gobernuak, 2020ko martxoan hasita izan den pandemiaren agertokian. «Legealdi honetan protagonista nagusi izan da gure autogobernua inbaditu duen lege dekretu andana, COVIDak ekarritako krisia eta Ukrainako gerra aitzakiatzat erabilita», azaldu du Estebanek. Unidas Podemos ere egoera eta erantzun zehatz horren erantzule egin du jeltzaleak.
Oraindik egin gabe dauden erreformei dagokienez, eta Espainiako Gobernuak «hartu ez dituen arriskuei» dagokienez, Estebanek Sekretu Ofizialen Legearen eguneratzeaz hitz egin du, eta gogoratu EAJk sei urte inguru daramatzala eguneratze hori erreklamatzen. Jeltzaleek erreklamatu duten beste aldarazpena da CNIrena, Pegasus espiatzeko sistemarekin zerikusia duen kasuaren ingurukoa. Hori guztia «argitzeko» esan dio Sanchezi.
«Euskadiren nazio auziari» aurre egiteko eskatu du EAJk
Pedro Sanchezi «legegintzaldiaren aukera alferrik galtzea» aurpegiratu dio Aitor Estebanek. EH Bilduk «ez du ezer ospatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu