Aurtengo uda inoizko beroenetako bat izan da Europan; itsasoko urak inoiz baino beroago egon dira; aspaldiko euri gutxien egin du; tenperatura beroenek marka berriak jarri dituzte; CO2 isuriak ostera ere ugaritu egin dira... Erantsi horri bioaniztasunaren galera, suteak, glaziar eta izotz masa handien urtzea, energia ereduaren krisia, Groenlandia eta Antartika mendebaldeko izotzak uste baino ahulagoak direla konturatu direla aurten... Ingurumena kinka estuan dago, eta 2022ko albisteek erakutsi dute bizkortzen ari dela krisi hori, eta handitzen ari dela gai horiei buruzko kezka. «Nora doa mundua?», galdera zabalduz doa, eta kezka horri heldu nahi dio BERRIAk, Kinka proiektu berriarekin. Klima eta natura krisian lelopean, podcast bat eta albiste buletin bat zabalduko ditu hemendik aurrera, gai horiei buruzko informazioa eta baliabideak emateko irakurleei eta entzuleei.
Entzun Kinka podcastaren lehen saioa.
Eman izena Kinka albiste buletina posta elektronikoan jasotzeko.
Podcastaren lehen saioa entzuteko moduan dago, gaurtik, BERRIAren webgunean bertan eta ohiko plataformetan —iVoox, Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts—. Astearteetan argitaratuko da, hamabostean behin. Saio bakoitzean gai bati erreparatuko diote, erreportaje edo elkarrizketa baten bidez, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte: bioaniztasuna, energia berriztagarriak, trantsizio ekologikoa, gazteak eta ekologia, mikroplastikoak, baso politika... Lehen saioan, Ekotopaketen berri eman dute, esaterako. Gaurkotasunari ere begiratuko diote, albiste nagusiei errepaso bat eginez. Baina podcasta hori baino gehiago izango da.
Ikusi gehiago:Nagore Arin, BERRIAko kazetaria: «Esango nuke alerta gorri bat piztu dela gai honen inguruan»
Naturari eta klima aldaketari buruz ikasteko aukera bat ere izango baita podcasta. Kolaboratzaile batzuek, txandaka, aholkuak emango dituzte saioan, ingurumena zaintzeko entzuleek egin ditzaketen ekintza pertsonal eta kolektiboei buruzko pistak eta ideiak emateko. Hiztegi bat ere osatuko dute, ingurumenari eta klima larrialdiari buruzko kontzeptuak eta erreferentzia interesgarriak ikasteko eta ezagutza zabaltzeko. Bestalde, galdera bat ere egingo dute saio bakoitzean, entzuleek gogoeta egiteko eta parte hartzeko, sare sozialen bidez. Eta Kantu bat naturari atalarekin bukatuko dute saio bakoitza.
Euskarazko podcastak bultzatzen ari da BERRIA azkeneko urteotan, eta feminismoari eta musikari buruzko saioak martxan ditu —BerriaFM eta Dunbala—, besteak beste. Eskaintza hori zabaldu ere egingo du Kinka podcast berriak, BERRIAren zaleei informazioa jasotzeko bide berriak emanez.
Posta elektronikoan ere bai
Podcasta, nolanahi ere, Kinka proiektuaren adar bat da. Bestea albiste buletina izango da. Kinka buletina ere hamabostean behin zabalduko da, ostegunetan, eta izena ematen dutenek posta elektronikoan jasoko dute, zuzenean, ingurumenari eta klima larrialdiari buruzko azken berriei buruzko xehetasunekin.
Aktualitateari erreparatuko dio albiste buletinak, batez ere. Krisi ekologikoaren inguruan sortzen diren berri nagusien gakoak emango dizkie irakurleei. BERRIAko kazetariek osatutako lantalde batek idatziko ditu artikulu horiek, eta posta elektronikoan soilik irakurri ahal izango dira.
Albiste buletin hori jaso nahi dutenek izena eman beharko dute helbide honetan: www.berria.eus/kinka. Informazioa abiadura bizian sortu eta iraungitzen den garaiotan, irakurleak bi astean behin jasoko ditu bere posta elektronikoan krisi ekologikoari buruzko azken jakingarriak, garrantzitsua denaz jakinaren gainean egoteko. Urriaren 20an zabalduko dute lehen buletina, eta dagoeneko izena eman dezakete jaso nahi dutenek.
Krisi ekologikoari buruz podcast bat eta buletin bat abiatu ditu BERRIAk
'Kinka. Klima eta natura krisian' podcasta gaurtik aurrera entzun liteke, eta hamabostero atal berri bat kaleratuko dute. Albiste buletin bat ere zabaltzen hasiko dira, urriaren 20tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu