Joan zen urrian aurreratu zuen BERRIAk: Zaldibarren hondamendia eragin zuen zabortegiaren jabeek Verter Recycling enpresa likidatzeko bidea hartu zutela. Kazeta honek galdetu zion orduan Jaurlaritzari enpresak likidatuz gero nola ordainduko zituen ezbeharrak eragindako kostuak. Gasteizko gobernuak ez zuen orduan argitu. Baina atzo jakin zen Jaurlaritzak 28,7 milioi euro eskatzen dizkiola enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan ziren lanengatik. 2020ko otsailean amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta luiziak bertako bi langile azpian harrapatu zituen.
Elkarrekin Podemos-IUk urrian eginiko galderari erantzun dio Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak. Idatziz adierazi duenez, likidazioaren eraginez enpresa desagertzen bada ere, horren «kudeatzaileek eta administratzaileek» ordaindu beharko dute zorra. Dirutza horretan sartzen dira hondamendiak ingurumenari eragindako kalteak: ez, ordea, AP-8 autobidean eragindakoak. Horiek Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu beharko ditu, hura delako errepidearen jabea.
Sailak azaldu duenez, enpresari «gogo onez ordaintzeko epe bat» emango diote. «Zorra ez bada epe horretan ordaintzen, dirua berreskuratzeko legeak ematen dituen tresnak erabiliko dira», ohartarazi du. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, hiru milioi eurotik gorako gastua egin zuen AP-8 autobideko kalteak konpontzeko. Joan den ekainean, 3,4 milioi euroko faktura bat igorri zion Jaurlaritzak Verterri, lan horien lehen zatia kobratzeko.
Jaurlaritzak 28 milioi eskatu dizkio Verter Recyclingi
Zaldibarko hondamendia eragin zuen enpresa likidatzeko izapideak hasiak zituen Jaurlaritzak, baina likidazioa eskatuta zeukan jada enpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu