«Ez da obra baimenik behar». Esaldi horrekin, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Franco Erorien Haranetik ateratzeko dagoen oztopo juridiko nagusia; horrenbestez, edonoiz atera ahal izango dute lurpetik. Espainiako Gobernuaren bozeramaile Carmen Calvok aurreko astean esandakoa betez gero, azaroaren 10ean Gorteetarako egingo diren bozen kanpaina baino lehen izan beharko luke. Ministroen Kontseiluak eman behar du agindua: proiektua eta aurrekontua eginda dauzka.
Gorenak atzo jakinarazi zituen duela astebete emandako epaiaren argudioak, eta haiek funtsezkoak dira Madrilgo epaitegi batean dagoen auzibide bat indargabetzeko eta beste oztopo batzuk gainditzeko. Jose Yusti Bastarreche epaileak —memoria historikoaren aurka azaldu izan da jendaurrean— behin-behinean eten zituen diktadorea hobitik ateratzeko lanak, lanaren tamaina dela eta. Gorenak ebatzi du exhumazioak ez duela legea urratzen, «obra txikia» delako.
Bigarren urratsa langileak mausoleoan sartzea litzateke, baina beneditarrak aurka azaldu dira. Epaileek, halere, gogoratu dute eraikinaren jabea estatua dela, ordena erlijioso horrek kudeatu arren. Espainiak eta Vatikanoak 1979an sinatu zuten konkordaturen arabera, estatuak ezin du esku hartu gurtzarako leku batean, baina Gorenak azpimarratu du arau hori beste lege batzuen menpe dagoela: desobiratzea arautzen duen legea, adibidez, konstituzionala dela ebatzi du.
Horrez gain, gobernuak eginiko eskabide bati erantzunez Vatikanoak esana du Justiziak adierazitakoa beteko duela. Betorik egongo balitz, baimen judizial bat jasoko luke gobernuak, epaileek idatzi dutenez.
Erabakia irmoa da; Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak dira Francoren familiari geratzen zaizkion ate bakarrak, eta iragarri du helegitea aurkeztu duela, bere oinarrizko eskubideak urratu zaizkiola iritzita. Konstituzionalak ez du zertan lekualdatzea behin-behinean eten auzia aztertu bitartean, baina senideek hori eskatuko dute.
Hurkoren bat hobiratzeko eskubideaz, Gorenak azpimarratu du ez dela «mugarik gabekoa», gainerako legeen menpe dagoela eskubide hori, eta gaineratu du Francoren kasuan ez dela «izaera pribatuko» ekintza hutsa. «Hildakoaren izaera publikoak, oinarrian politikoak, eta haren hobiaren ezaugarriak [estatuaren jabetzarenak] erabakigarriak dira [erabakian]».
Halaber, epaimahaiak baztertu egin du gorpuzkiak Almudenako katedralera eramatea familiak eskatu zuen moduan. «Segurtasun arrazoiak» aipatu ditu; besteak beste, Madril erdialdean eta leku turistiko batean dagoelako. Hala, El Pardo auzoko Mingorrubioko hilerrira eramatearen alde egin du. Adierazi du gobernuak familiari aukera eman ziola Almudena ez den beste toki bat aukeratzeko, baina hark ez ziola erantzun. Gobernuak prest dauka mausoleo bateko hilobi bat hilerri horretan; han dago lurperatuta diktadorearen emazte Carmen Polo.
Franco berehala hobitik ateratzeko trabarik ez du Madrilek
Espainiako Auzitegi Gorenak argudiatu du obra baimenik ez duela behar, eta azpimarratu du estatua dela Erorien Haranaren jabea, ez Eliza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu