Arraunean atzera begira egiten dela aurrerantz gogoratu du egunotan Jon Maia bertsolariak. Gisa horretan doa aurrera euskal politika azken urteotan; alegia, aurrerapausoak ematen aldiro atzerako ispiluari begiratuz. ETA desegin zen, eta gatazka armaturik ez dago jadanik. Foro Sozialak ere agur esan zion bere jardunari aurtengo martxoan, baina ohar bat utzita: bake prozesuaren«hiru lokarri funtsezkoetako bat» presoak dira, eta «oraindik salbuespenez» kudeatzen dute esparru hori; euskal presoak gizarteratuak izan daitezen,«salbuespen legedia ez, legedi arrunta» aplikatu behar dela azpimarratu zuen Foroak bere agurrean.
Baieztapen horrek ez zuen polemika politikorik piztu; aitzitik, Foro Sozialaren lana babestu edo aitortu egin dute alderdi politiko gehienek urteotan. Aieteko bide orrian jasoa geratu zen gatazkaren irtenbidean presoen auzia ere kudeatu behar dela, gatazkaren ondorio den aldetik. Euskal alderdi gehienek babestu zuten bide orri hori.
Aldagai hori ahanzturak hartu duela ematen du, ordea, aintzat hartzen bada asteon zer-nolako polemika sortu den. Arraunlari batek presoak etxeratuak izan daitezen nahia gizarteratu du, Kontxako Bandera irabazi berritan. Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlaria «bereziki Iurgirekin» gogoratu da, Iurgi Garitagoitiarekin, Azpeitiko (Gipuzkoa) Inaxio Uria enpresariaren atentatuari loturik kartzela zigor luzea betetzen ari den euskal presoarekin. Aurreko urtean ere, Bermeoko ontziaren garaipenaren ostean, desira hori bera helarazi zuen Goikoetxeak, ETBko kameren aurrean, Kontxan bertan. Eta, iaz bezala, aurten ere EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eskerrak eman dizkio sare sozialetan: «Eskerrik asko betieuskal preso politikoak gogoratzeagatik». Iaz ez zen ika-mikarik sortu, baina aurten ekaitz politikoa iritsi da bat-batean.
EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko zenbait ordezkarik gogor arbuiatu dituzte Otegiren hitzak, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «tamalez batzuek oraindik ibilbide luzea» dutela egiteko. «Elkarbizitza ez da hori, eta iraganarekiko arduratsua izatea ere ez», erantsi du, gogoratu aurretik «Kontxan aritutako hamasei arraunlarien talde txikian bi umezurtz» zeudela, ETAk haien aitak hil baitzituen.
Nork bere kontakizuna
Azken mende erdiko kontakizun nagusia eraikitzeko gatazka indarrez azaleratzen da aldiro euskal alderdien artean, eragile bezainbat kontakizun daudelako tesiari muzin eginda; hauteskunde garaian modu esanguratsuan gertatzen da. Iraganera begiratuta eragin ziren bi olatu handi maiatzeko udal eta foru hauteskundeei eta uztaileko Espainiako Gorteetarako bozei loturik: Aranzadiren biktimen webguneak eta EH Bilduren hautagaien zerrendak. Bietan jarri zuten kritiken erdigunean EH Bildu, eta hauteskunde bietan lortu zituen inoizko emaitza onenetakoak koalizioak.
Urdaibaiko arraunlariaren nahia baliatuta lehertu den polemika ere hauteskunde giroan iritsi da. Urkulluk ez du deitu Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egitera, baina hamar hilabete barru izango dira beranduenez. EH Bilduk gora egin du nabarmen azken bi deialdietan, eta EAJk behera, hark ere nabarmen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hegemonia politikoa jokatuko dute biek hilabete gutxi barru, eta urte politikoa hastearekin batera iritsi da bozen gertutasunak puztutako ika-mika; kanpaina izan daitekeenaren lagin gisa edo. Otegik berak ohar argia bidali du: «Hau ayusismo politikoa da, eztabaida artifiziala bozei lotua, ez etikari lotua».
EH Bilduk ez du elikatu nahi biktima batzuen minarekin lot daitekeen auzirik, baina koalizioak «preso politikorik gabeko geroaren alde» lanean jarraituko duela garbi utzi du, «kartzela politika arrunta» eskatuz. Sakabanaketa politika atzean geratu da aurten, baina, euskal presoen artean, hiru laurden etxera bidean leudeke kartzela politika arrunta aplikatuko balitz, ez salbuespena. Xalotasunez helarazitako arraunlari baten nahiak baditu arrazoi horiek guztiak atzean.
ANALISIA
Arraunlaria, presoak eta bozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu