Lekuko aldaketa egin du Korrikak, eta koordinatzaile berria izango du: Ane Elordi (Zornotza, Bizkaia, 1991). Hala erabaki zuen AEK-k azken batzar nagusian, atzo jakinarazi zuenez. Asier Amondo (Laudio, Araba, 1969) ordezkatuko du Elordik —Amondo 2013tik egon da karguan—, baina etxe horretanjarraituko du Amondok, «beste eginkizun batzuetan», AEK-k berak jakinarazi duenez.
Kazetaritzako lizentziaduna da Elordi, eta 2015etik dabil AEKn. Hainbat lan egindakoa da bertan, irakasle izateaz gain: barnetegietan, Berbalagun egitasmoan, komunikazioan. Besteak beste, Korrikaren azken aldian komunikazio lantaldeko kide izan zen, eta furgoneta gidaria aurrekoan.
Gogotsu hartu du ardura berria Elordik, aldaketaren berri emateko AEK-k publikatutako bideoan adierazi duenez: «Korrika da Euskal Herriak daukan egitasmo handienetako bat. Zergatik? Bada, euskararen mugak baino ez dituelako, eta kolore eta iritzi askotako jendea biltzen duten egitasmo bakarrenetakoa delako. Ni neu horren gidari izatea ohorea da. Talde handia dago atzetik, eta gogotsu heltzen diot erronka honi». Korrikara «haize freskoa, gaztetasuna eta beste ikuspuntu bat» eramaten ahaleginduko dela ere nabarmendu du.
2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23. Korrika. Aurtengoak izan duen «dimentsio erraldoia» kontuan hartuta, hurrengoa ere antzekoa izango dela aurreikusten dutela azaldu du Elorduik, eta erronka nagusia dela horri «tamaina hartzea eta patxadaz antolatzea». Hala ere, Korrikak bistaratutako indarra hamar eguneko lasterketatik kanpo ere baliatu beharra azpimarratu du: «Euskal Herri osoa zeharkatzen duen uholde horren indarra balia dezagun Korrika batetik bestera lanean jarraitzeko eta euskara kalean presente egoteko».
Ane Elordi da Korrikaren koordinatzaile berria
Ondo ezagutzen du lasterketa; komunikazio lantaldeko kide eta furgoneta gidari izana da, besteak beste. Asier Amondo ordezkatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu