Koronabirusa. Hector Sanchez. Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko arduraduna

«Alokairuak merkatzeko, Jaurlaritzak esku hartzea nahiko genuke»

Iragarritakoa izanagatik, ez da arinagoa izan ostalariek beren negozioak ixteko agindua dela-eta hartu duten jipoia. Sektoreak laguntzak exijitu ditu, kopuru eta neurri zehatzak, milaka lanpostu salbatu ahal izateko.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
ZIUko oheen okupazioaren hazkundeak ostalaritzaren gaur-gaurko errealitatea erabaki berri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: itxiera. Soka beraren bi mutur direla esatea gehiegi esatea litzateke, erietxeetan larri daudenen sokaren beste puntan aurrez aurreko harreman sozialak baitaude, oro har. Eusko Jaurlaritzak, aurretik beste hainbat gobernuk egin duten antzera, harreman horiek eteteko biderik laburrena ostalaritza ixtea dela erabaki du, eta, horrekin batera, ataka larrian jarri ditu bizimodua barra baten atzean dutenak: 60.000 langile. Sektorea asaldaturik dago, eta laguntza eta neurri zehatzak eta azkarrak eskatu ditu. 16.000 lanpostu arrisku larrian daudela ohartarazi dute.

Eta orain zer?

Orain ahalik eta enplegu gehienari eusteko ahaleginak egin behar dira. Erakundeek egin behar dute esfortzu hori. Ia 190 milioi euroko estimazio bat egin dugu, orain arte izan ditugun mugak aintzat hartuz, eta itxiera honekaurreikusitako laguntza horiek handitu egingo ditu. Erakundeen eginbehar horrek galarazi behar ditu kaleratzeak. Sektorearen helburua da ahalik eta lanpostu gehienei eustea, eta enpresen itxiera eragoztea.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, 30 milioi euroren laguntzak iragarri ditu oraingoz...

Bai, oso urrun daude gu eskatzen ari garen laguntzetatik eta gerturatzeko bide horretan topo egin beharko dugu. Ostalari asko daude zorpetuta, inbertsioak egin dituztelako egoera berriari aurre egiteko, edota pandemia aurretik ere egina zutelako inbertsio hori. Zor hori itzuli egin behar da; ez digute barkatuko, noski. Eta bien bitartean, alokatzaileekin borrokan ari dira, alokairua jaistea lortuko badute. Muturreko egoera gehiegi daude ostalaritzan.

Katalunian, gobernuak esku hartu du alokairuan. Jaurlaritzak gauza bera egitea nahi duzue?

Enpresei beren alokatzaileekin negoziatzeko esan diegu elkartean, eta bide hori ez uzteko, baina horrelako egoera batean, lokalen jabeek ezin dute erabaki alokairua merkatu edo ez. Sektoreak eskertuko luke alokairuaren auzian Jaurlaritzak esku hartzea, eta salbuespen neurri orokor bat hartzea, salbuespen egoera batean gaudelako.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek lanpostuak salba ditzakete, ezta?

Enpresentzako ez da batere erraza tresna horietara jotzea. Konpromiso batzuk hartu behar dira kontratuei sei hilabetez eusteko, eta egoera honetan ezinezkoa da jakitea hori bete ahal izango den edo ez. Enpresek enplegu guztiari eustea nahiko lukete, baina gaur egun nork daki zenbat iraungo duen zutik bakoitzaren negozioak? Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak amaitzean, urtarrilaren 31 eta gero, mugekin jarraituko dugu? Litekeena da. Horrelako agertoki batean, erregulazioen tresna ez da opari bat enpresentzat.

Terrazak erabili ahal izateko esperantza zenuten? Arazorik handiena lokalen barruan dagoela dirudi. Edo zuentzat hobe al zen dena ixtea, enplegu erregulazioak errazteko?

Iturri ofizialen arabera, kutsatzeen %3,2 gertatzen dira ostalaritzan. Gu ez gara kutsatzeen gune nagusia; hori hasteko. Terrazak? Baten bati ongi etorriko zitzaion beharbada, baina denok ez dugu aukera hori, eta, beraz, ez litzateke neurri on bat denontzat. Izan ere, ez da gauza bera ABEEra jotzea itxiera ofizial bat izanda, edo muga batzuk daudelako. Alde horretatik hobe izan da dena ixtea.

Gimnasioak eta elizak zabalik daude...

Eta zenbat eta zenbat gehiago, mugekin edo gabe... Zer sektore dago itxita? Hori da galdera. Eta erantzuna da: ostalaritza. Neurri hori hartu duenari galdetu behar zaio zergatik.

Neurri orokor bat da, ordea; Europako zati handi batean dago. Denak ote dabiltza nahastuta?

Ez, baina kanpoan, itxierarekin batera, neurriak eta laguntzak finkatu dituzte. Galizian, 7.000 euro arteko kopuru bat negozio bakoitzeko. Alemanian eta Frantzian, gauza bera. Konfinamenduak laguntza batzuekin datoz. Hemen ez dago horrelakorik. Hitzak bai, baina herrialde serio batean, plan zehatzak egon behar dira. Denbora nahikoa egon da horretarako. Itxierarekin batera, oso garbi geratu behar zuen nola eta zenbateko laguntzekin egingo zuten itxiera hori. Zain gaude oraindik.

Udan, uste baino hobeto egin dute lan ostalaritzakoek; Gabonetan ere gerta daiteke hori?

Batzuei uste baino hobeto joan zaie, bigarren etxebizitzetako herrietan adibidez, Zarautzen, Bakion eta horrelakoetan. Beste askori, ez, turismorik ez da egon-eta. Ostalariek Gabonak baditugu, hobeto, baina ezinezkoa da ohiko Gabonak ospatzea. Enpresa bazkariak eta abar ez dira egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.