Ikertzailea da Miriam Baeta (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1984), eta EHUko Biomics taldearekin 36ko gerran eta Francoren diktaduran hildakoen gorputzak identifikatzen aritu da.
Nola lortu duzue gorputzak identifikatzea?
Hobietatik ateratakoen laginak eta senideenak aztertu eta profil genetikoa lortzen dugu, eta konparatu egiten ditugu, hildakoak identifikatzeko. Laginak Aranzadik ematen dizkigu, eta Gogorarekin eta 36ko gerrako biktimen senideen elkarteekin ere egiten dugu lan. Normalean, izterrezurra edo hortzak bidaltzen dizkigute. Zati bat hartzen dugu, hauts bihurtu eta hortik ateratzen dugu DNA. Dauzkagun senideen arabera, aztertzen ditugu markatzaile genetikoak. Adibidez, seme bat aitaren bila ari bada, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertuko ditugu. Aldiz, beste senide batzuk badauzkagu, informazio gehiago ematen diguten markatzaileak ikertuko ditugu. Urte asko igaro dira, eta gero eta zailagoa da zuzeneko senideak lortzea. Horregatik, garrantzitsua da Gogora-k egiten duen lana ere, 36ko gerran desagertutakoen senideen DNA banku bat sortu baitu. Baliteke denbora batera desobiratze gehiago egitea, eta senide horiekin konparatzeko aukera egongo da.
297 kasutan, lortu duzue profil genetikoa, baina ez dituzue identifikatu. Zergatik?
Batzuetan ez dauzkagulako senide egokiak. Oso urrutikoak izanez gero, oso zaila da identifikatzea lortzea. Gainera, 36ko gerran jende asko mugitu zen. Horregatik, Euskal Herrian lagin batzuk eduki ditzakegu, baina haren familia Andaluziakoa izan.
Identifikatzea lortu ez duzunekin, zer egiten duzue?
DNA bankua daukagu, eta bertan gordetzen dira profil genetiko guztiak. Familiarren lagin berri bat daukagunean, horiekin konparatzen ditugu.
Identifikatzeko zeneuzkaten laginak zein egoeratan zeuden?
Laginen egoera hobien araberakoa da. Hobi beraren barruan ere lagin batzuetatik DNA atera dugu, baina beste batzuetatik ez. Baldintza askok eragina dute. Hobi batzuetan euria egin izan du edo eguzkiak jo, eta horrek DNAri kalte egin dio. Lurzoru motaren arabera ere aldatzen da.
Horrek ere zailtasunak ekarri dizkizue?
Bai, laginen %17tan ezin izan dugu profil genetikoa lortu. Eduki ditzakegu senide egokiak, baina ez daukagu profil genetikoa.
Zein esanahi dauka zuen lanak senideentzat?
Antropologoen, genetikarien eta erakundeen talde lan bat da, eta uste dut familiarrentzat garrantzitsua dela. Izan ere, haientzat itxi ez den zauri bat da. Identifikatzea lortzea lasaitua da, eta, hala,senidea lurperatzeko aukera daukate, urteetan bila aritu ostean.
Identifikatutako gorputzak senideei ematen dizkiozue?
Guk zuzenean ez, baina Aranzadik eta Gogora-k egiten dute.
Ikerketa amaitu duzue?
Ez da itxita dagoen lan bat, eta oraindik laginak iristen dira. Familia asko ari dira desagertutakoen bila, eta guk lanean jarraituko dugu, identifikazio gehiago lortzeko.
Miriam Baeta. Ikertzailea
«Senideentzat lasaitua da gorpuak identifikatzea lortzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu