Egoerari buelta eman ezinik dabiltza Mikel Manzano Altuna gaztearen gurasoak. Tragediaren ostean, baina, okerrenetik onena ateratzea erabaki dute, eta lanari ekin diote, erakundeei exijitzeko «behingoz» konpon dezatelaN-121-A errepideko arazoa.
Gutun bat igorri diezue udalei. Zer galdegin diezue, zehazki?
Inork ez du gure semea bueltan ekarriko, hori argi dugu, baina, gutxienez, egoera honek balio dezala halako istripuak errepika ez daitezen. Gure semeari gertatu zaiona ez dakiola beste inori gerta, eta inork gehiagok ez dezala errepide horretan bizia galdu. Horregatik bidali diegu eskutitza Bortzirietako, Malerrekako eta errepide inguruan dauden gainerako udal guztiei, esateko lehenbailehen behar ditugula konponbideak.
Nafarroako Gobernuak esana du lanean ari direla errepidea zabaltzeko...
Bai, baina errepide horretatik egunero-egunero pasatzen da sekulako kamioi piloa, eta, trafiko astun hori dagoen bitartean, istripuak ekiditea ezinezkoa izanen da. Errepidea zabaltzea eta gisa horretako obrak egitea ongi dago, eta denborarekin eginen dira. Hori guztia egin aurretik, baina, badago neurri azkarrago bat, orain bertan martxan jar dezaketena.
Zer neurri da hori?
Iaz, Belateko tunelean obrak egin zituztenean, mugatu egin zuten trafiko astuna. Egun batzuetan, matrikula bakoitidun kamioiak igaro zitezkeen, eta besteetan, matrikula bikoitidunak. Bada, hori behar dugu orain ere.
Alde handia nabaritu zenuten?
Izugarrizkoa. Neurri hori indarrean egon zen hilabeteetan, ematen zuen trafikoa erdira murriztu zela.
Eta zer esan dizuete orain arte erakundeetako ordezkariek?
Udalek bilerak eta adierazpenak egin dituzte, hitz egin dute alderdi batekoek zein bestekoek... baina orain behar duguna ez da hori. Orain, berehalako konponbideak behar ditugu, neurri zehatzak; trafikoa arintzea, lehenik eta behin, baina, horrez gain, abiadura murriztea, radarrak paratzea eta puntu ilunak konpontzea. Izan ere, puntu arriskutsu asko daude errepide horretan: Sunbillan, Olaguen, Lesakan... Arantzara joaten garen bakoitzean, beldurra pasatzen dugu errepidean.
Zuen ustez, zergatik ez dituzte neurri horiek aplikatu?
Kamioien trafikoari esker, zergetan bakarrik milioiak eta milioiak jasotzen dituelako Nafarroako Gobernuak. Interes horiek alboratzeko eskatzen diegu guk.
Arantxa Altuna. Mikel Manzanoren ama
«Gure semea ez da itzuliko, baina, gutxienez, hau ez dakiola beste inori gerta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu