
Eustatek berak onartu du atzo emandako datu aurreratuak muga handiak dituela, zailtasun handiak izan dituelako kalkulu hori egiteko beharrezkoak diren datuak biltzeko. Datu zabalagoak emango ditu datorren ekainaren 5ean, eta ordurako espero du orain eskura ez duen informazioa izango duela.
Aurreikuspenak aldatu
Edonola ere, atzo aurreratutakoa baieztatuz gero, urte osoan hiru lurraldeetako BPGak izango duen erorikoak txiki utziko du Jaurlaritzak berak apirilaren hasieran iragarritako %3,6ko uzkurtzea. Urte arteko tasan dagoeneko %4,5 egin du atzera ekonomiak, eta hori itxialdiaren bi aste bakarrik hartzen dituela kontuan. Horren aurretik, ekonomia hazten ari zen, %2 inguruko tasan.
Atzo bertan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak onartu zuen iragarpena aldatu egin beharko duela. Hori bera egiten ari dira beste erakunde guztiak ere. Nazioarteko Diru Funtsak, esaterako, hil hasieran esan zuen euroguneko ekonomia %7,5 uzkurtuko zela aurten. Herenegun Europar Kontseiluak egindako bileran, ordea, erorikoa %15 artekoa izan daitekeela ohartarazi zuen Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak.
NDFren azken kalkuluak dio Espainiako BPGak %8 egingo duela atzera 2020an, eta %4,3 baizik ez duela gora egingo 2021ean. Zenbakiak pixka bat hobeak dira Frantzian: -%7 aurten, eta +%4,5 datorren urtean. Baliteke Euskal Herrian ekonomia gutxiago uzkurtzea, turismoaren pisua txikiagoa baita oro har.
Urtearen amaieran dagoeneko inork espero ez duen suspertze ikusgarri bat gertatzen ez bada, erorikoak txiki utziko du 2009an gertatutakoa (-%4,1), eta baliteke iristea 2009ko zerga bilketaren hondoratzera. Orduko hartan %20,5 gutxitu zen aldundien zerga bilketa: 2.800 milioi euro, hain zuzen ere. Antzeko kopuru bat jarri du mahai gainean Azpiazuk, 3.000 milioi euro gutxiago.
Aurten 15.767 milioi euro biltzea espero zuten foru ogasunek, 2019an jasotako 15.470 milioi euroak baino 297 milioi gehiago (+%1,9).
Ogasunek 3.000 milioi euro gutxiago bilduz gero, Jaurlaritzak 2.000 milioi gutxiago izango ditu. Diru horren zati bat zorraren bidez konpentsatuko du. «Zorra nabarmen handituko da, neurriak hartu behar direlako zaurgarria den inor ez dadin babesik gabe geratu». Gehienez 830 milioi euroko zorra har zezakeen aurten Jaurlaritzak, baina Azpiazuk esan zuen muga hori handitu beharko dela. Zuloari aurre egiteko beste modu bat gastu batzuen murrizketa izango da.
Enplegua ere gutxitu da
Enplegua ere txikitu da urtearen hasieran. Dedikazio osoko baliokidetza duten lanpostuetan neurtuta, %3,1 egin du behera urtearen hasieran. Eustatek ohartarazi duenez, kopuru horietan sartzen dira aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileak, 200.000tik gora jada Hego Euskal Herrian. Martxoko azken bi asteetan, Gizarte Segurantzak 34.000 kotizatzaile galdu zituen Hego Euskal Herrian, eta 14.364 langabe batu ziren Lanbidera eta Nafar Lansarera.