Hilondoko liburua izan zen Irene Nemirovskiren Suite frantsesa eleberria. Lantzen ari zela, 1942an, Gestapok eta Vichyko gobernuak idazlea atxilo hartu, eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Han hil zen, tifusak jota, urte bereko abuztuaren 17an. Urte luzez, nobelaren eskuizkribua beste paper batzuen artean izan zuen Denise Epstein alabak, harik eta 90eko hamarkadan, arakatzen hasi eta nobela aurkitu zuen arte. Donoel argitaletxeak kaleratu zuen 2004an frantsesez, eta Alberdaniak 2011n eman zuen euskaraz. Nolanahi ere, Suite frantsesa-ren lehen edizioa ez zen izan idazleak azken momentura arte landutakoa, baizik eta Nemirovskik langai modura erabilitako zirriborroa. Hori eman izan da urteetan bertsio definitibotzat. Baina Epstein hil zenean, nobelaren beste bertsio bat agertu zen. Horregatik erabaki du argitaletxeak edizio berria ematea.
Aritz Galarraga liburuaren editoreak nabarmendu du Nemirovskiren arrakastaren gakoa: «Liburu hau naziek Frantzian egin zuten jazarpenaren testigantza zuzena da. Gerra kontatzen ari zaigu, gertatzen ari den lekuan bertan».Garai hura deskribatzen duten eleberriak a posteriori egindako idazketak izan direla azpimarratu du, «onik eta bizirik atera diren idazleenak». Hau ez da kasua. 1942an bukatutzat eman behar izan zuelako nobela: «Orain argitaratu dugun ale hau ere ezin dugu definitibotzat jo; hobetu egiten du narrazioa, baina liburuan lanean ari zela hil zuten».
Suite frantsesa eleberriak bi zati ditu, Ekaitza ekainean eta Dolce. Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak zehaztu du Epsteinek urteetan eduki zuela liburuaren bertsio landuago bat gordeta. Atxilotua izan baino lehentxeago arte aritu zen Nemirovski eskuizkribu hori lantzen, eta haren senar Michel Epsteinek mekanografiatu zuen, idazleak eskuz idatzitako oharrak ere jasoz: «Aurreko edizioarekiko aldaketa nagusiak lehen narrazioari dagozkio, Ekaitza ekainean izenburukoari; bigarren narrazioak, Dolce-k, ez du aurrekoarekiko aldaketarik. Antza denez, Nemirovskik ez zuen denborarik izan horren lanketari heltzeko». Denise Epstein hil ondoren aurkitu zuten testua.
Argitalpen berriak ez dakar Nemirovskik idatzitako kontakizun eguneratua soilik. Idazlearen biloba Nicolas Daupleren ohar batek zabaltzen du liburua, eta testua bera eta haren testuingurua kokatzen laguntzen du. Ondoren dator Olivier Philipponnat adituaren hitzaurrea, eta argitaletxearen oharra gero, nobelaren bertsio eguneratuaren aitzin. Amaieran, Nemirovskik berak izkirituriko lan-oharrak ageri dira eranskin gisara, eta, liburua ixteko, Teresa Lussone adituak egin duen hitzatzea. Euskarazko itzulpenak Joxe Mari Berasategi (Ekaitza ekainean), Mikel Garmendia (Dolce), Joxe Antonio Sarasola (hitzaurrea, oharra eta hitzatzea) eta Joxan Elosegirenak dira (eranskina).
Klasiko bat
Agota Kristofen Koaderno handia ere eguneratu egin dute. 1997an eman zuen euskarara lehenengoz Alberdaniak, eta Gimenezek aitortu du berrizteko garaia zuela nobelak: «Oso liburu gutxi dira gurean 13.000 aletik gora saldu dituztenak. Hau da bat. Euskararen errealitate soziolinguistiko eta literarioa kontua izanda, uste genuen urteak egin dituen itzulpen batek behar zuela eguneratze bat».
Eskarne Mujika lehen itzulpenaren egileak oraingo «berezitasunetara ekarri» du eleberria.
Nemirovskik emandako azkena
'Suite frantsesa' nobelaren bertsio argitaragabe bat eman du Alberdaniak. Agota Kristofen 'Koaderno handia' ere atera du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu