Espainiako Bigarren Errepublikak omendutako lehen emakumezko artista izan zen Antonia Merce Luque La Argentina dantzari eta koreografoa (Buenos Aires, 1890 - Baiona, 1936). 1931. urtean izan zen, ordurako flamenkoaren tradizioa sakon ikertu, propio egin, Parisen sona lortu, eta figura garrantzitsu bilakatua zela. Neoklasizismoaren eta abangoardiaren arteko zubi lanak egin izana aitortzen diote adituek, eta kriskitinekin birtuosoa zela ere badiote. Mundua dantzan gurutzatu ostean hil zen,45 urterekin, 1936ko uztailaren 18an zehazki; Bigarren Errepublikaren aurkako altxamenduaren albistea jaso eta kolpean, Baionan. Eta lotuta daude bi gertakariak Isabel de Naberan idazle eta ikerlariaren arabera: pitzadura historikoa eta dantzariaren heriotza. «Gerturatzen ari zen oinaze kolektiboa bildu ahal izan zuen bere konbultsio indibidualak, era sinboliko eta adierazgarrian. Eta gau hartan, hala historiari nola La Argentinari ere, biei, bihotza apurtu zitzaien».
Envoltura, historia y síncope (Bilgarria, historia eta sinkopea) saiakera idatzi du idazleak dantzariari buruz; Caniche argitaletxeak eman du argitara, eta sarerako euskarazko bertsio bat ere prestatzen ari dira, Irene Hurtado de Saratxoren itzulpenarekin.
Liburua ez da ohiko biografia bat, ordea. Horregatik, ia ez dira dantzariaren bizitzaren nondik norakoak azaltzen, ez bere ikasketa prozesua deskribatzen, ez eta haren ibilbidearen mugarri nagusiak aipatzen ere. Liburuko hitzaurrean bertan dator azalpena: «Beti esaten dut hau ez dela hari buruzko ikerketa bat, baizik eta haren bitartez edo harekin batera irakurtzeko saiakera bat». Eta, hortaz, haren bizitza eta dantza abiapuntu moduko bat baino ez dira gero mugimenduari, dantzari, tradizioari, transmisioari, historiari eta besteri buruzko gogoetak harilkatzeko. Merce Luque dantzaria «artxibo bizi bat» izan zela dio ikertzaileak, herri dantzak ikasteko izan zuen joeragatik, eta mugimendu haiek imitatuz, kopiatuz eta errepikatuz nolabait ere dantza haietan atxikita geratutako memoria kolektiboa ere bildu zuelako bere gorputzean. Bildu eta dantzatu. De Naberanek dioenez, funtsezkoa baita aritze hori. «Herri dantzen errepertorioa ez da inolaz ere dokumentu egonkor bat; gorputzek transformatu eta aldatu ahala irauten du».
Aita Donostiarekin bilkura
Bere lan berrirako euskal folkloreko mugimenduren bat txertatu nahian zebilen dantzaria 1936an, eta hala heldu zen Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostiarengana, uztailaren 18an bertan: bere heriotza eguna izango zen egunean. Zehazki, Luis Galvek proposatu zion zita, dantzariarekin piano jotzaile aritzen zenak, eta euskal dantzen ikuskizun bat atondu zion Aita Donostiak, haren egunerokoan ere gogoratzen denez. Eta bada liburuan dantzariak Donostiara egindako bisita haren berri ematen duen argazki bat ere. Haren bikotekide Robert Ochs ezkerrean, Galve haren ondoan, eta irribarre zabalarekin bera, eskuinean, seguruenik Garibai kalean, antzokitik atera berri. Bere azken argazkia da. «Zer ikusi ote zuen ikusle modura 1936ko uztailaren 18 hartan Nobedadeen Aretoan?», galdetzen dio ikerlariak bere buruari saiakeran. «Euskal dantza haiek izango ote ziren bere koreografia berriaren inspirazio iturria? Ez dakigu».
De Naberanek liburuan kontatzen duenez, Baionako Euskal Museoan gordeta dago hil berri zela egin zioten hil-maskara. Eta hura ikustera egindako bisita ere kontatzen dusaiakeran. Nola hartu zuen eskuetan, eta nola jarri zuen leihotik sartzen zen eguzki argitara.
Kazuo Ohno dantzari japoniarraren kasua ere badakar gogora liburuak. Bigarren Mundu Gerraren osteko dantza garaikidea berritzen lagundu zuen Butoh mugimenduko izen handietako bat da harena, eta badu La Argentinaren omenezko pieza bat ere. Bertan, flamenko dantzariak eskuekin egiten zituen mugimenduak birsortzen ditu, bere memoriaren iragazkitik pasatu ostean, betiere. 23 urterekin ikusi zuen Merce Forque dantzan Ohnok, eta sakon eragin zion emanaldiak; hainbeste, ezen, oroitzapen hura izan baitzuen motorra, 50 urteren buruan, haren omenezko koreografia sortzeko.
Baina badira haren dantzak liluratutako autore garrantzitsu gehiago ere. Gertrude Stein idazleak, esaterako, badu hari eskainitako testu bat, eta, are, erritmo apurtuko bere idazkerarekin dantzatzeko modu hura birsortzen saiatzen zela dio liburuak.
Bulegoa z/b arte eta ezagutza bulegoaren parte izan zen De Naberan Leire Bergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera, 2018an utzi zuen arte, eta egun Madrilgo Reina Sofia museoko arte bizien departamentuko komisarioa da, baita Azkuna zentroko ikertzailea ere. La Argentinari buruzko ikerketa 2016an abiatu zuen, eta hainbat egonaldi egin ditu publikaziora heldu aurretik. Liburu amaieran aitortzen duenez, gainera, La Argentinaren dantza, memoria kolektibo baten parte den neurri berean, hamaika lagun eta pentsalarirekin izandako hartu-emanen emaitza da haren saiakera.
Orainaldia da iragan bat dantzan
Antonia Merce Luque 'La Argentina' dantzari eta koreografoa abiapuntu duen saiakera bat kaleratu du Isabel de Naberan ikerlariak; besteak beste, tradizioaz eta transmisioaz gogoeta egin du lan horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu