1898an ireki zituen ateak lehenengoz Baionako Arte Ederren Museoak, eta sei urte eskasen aldearekin zabaldu zituzten Bilboko Arte Ederren Museokoak, 1914an, eta, elkarrengandik 150 kilometroko distantziara egon arren, erabat lerro paraleloetan egin dute euren ibilbidea bi erakundeek oraintsura arte. Atzora arte, zehazki. Peter Paul Rubens margolariaren zazpi zirriborro utzi dizkio Baionako Bonnat-Helleu museoak Bilboko Arte Ederren Museoari, eta, mende bete pasaren ostean, aldi baterako mailegu hori izan da bien arteko lehen hartu-emana. Obra Gonbidatua programaren barruan erakutsiko ditu Bilboko museoak lanok, urtarrilaren 22ra arte, eta arrazoi horregatik eman du Bonnat-Helleu museoaren irekieraren dataren berri Bilbon Jean-Rene Etxegarai Baionako alkateak. 2011z geroztik itxita egon ostean, 2025ean ireki asmo dutelako.
Handitze lanak aspaldi hasi zituzten, baina atzeratzen eta atzeratuz joan da irekiera eguna. Hasieran, 12 milioi euroko inbertsioa egin asmo zuen udalak museoa zaharberritzeko, baina urratsez urrats handituz joan da kopuru hori ere. 26,6 milioi izango zirela jakinarazi zuten 2020an, eta kopuru hori ere atzean geratu da dagoeneko. Orain eman duten datuaren arabera, 28 milioi euroizango baita proiektuaren guztizko kostua, zergak kontuan hartu gabe.
Museoaren jatorrizko eraikinaz gainera, Baiona Ttipiko oinarrizko eskola izandako eraikina ere hartuko du etorkizunean museoak, eta, 2.000 metro koadro zirenak 4.000 izango dira, behin lanak amaitutakoan. Kafetegi bat, denda bat eta gune pedagogikoak ere izango ditu.
Obra «faraonikoak»
Etxegaraik atzo onartu zuenez, inbertsio «garrantzitsua» bideratu du udalak museoarentzat.Areago, haren hitzetan, «obra faraonikoak» dira hala Baionako museokoak nola Bilboko Arte Ederren Museokoak ere. Baina lanok eragingo dituzten onurak izan zituen mintzagai; «ekonomikoak ere bai, baina nagusiki kulturalak».
Hain zuzen ere, Baiona Ttipiari eragingo dion eraldaketa handiago baten parte da museoarena, Bonnat-Helleu museoa ez ezik, bertan direlako, elkarrengandik metro gutxira, Baionako Euskal Museoa eta Museo Historikoa ere. Jacques Laffite kalea oinezko bihurtzeko asmoa ere badute, horregatik, eta hiri estrategiaren «giltzarri» izango da gune hori etorkizunean.
Hiriaren ezaugarriak dira atzerapenen kausa, Etxegarairen hitzetan: «Ia-ia ur gainean» eraikita dagoela, batetik, eta edozein lan hasteak gune arkeologikoak azaleratzen dituela, bestetik.
Museoak gaur egun lanak maileguan uzteko dituen zailtasunak ere aipatu zituen Baionako alkateak. Azaldu zuenez, estatuko ondare izendapena baitute Bonnat-Helleu museoko piezetako askok, eta, haren hitzetan, horrek zaildu egiten baitu obrak beste museoetara eramatea. Bestalde, Leon Bonnat margolariak ere bere koadroak Baionatik ez ateratzeko baldintzapean bakarrik eman zizkion artelanak hiriari. Eragozpen legal horiek gainditzeko asmoa adierazi zuen Etxegaraik, eta museoa berriz irekitzearekin batera, maileguak egiteko aukera ere izango dutela espero du.
Bilborekin izandako lehen hartu emana ospatu zuen horregatik alkateak, eta gehiago ere izango direla iragarri zuen.
XIX. mendea amaitzear zela eraiki zuten Baionako Arte Ederren Museoa, eta Leon Bonnat margolari baionarra omendu eta hark hiriari utzitako funtsak eskertzeko keinu modura aldatu zioten izena gerora. 7.000 lan baino gehiago ditu egun haren bildumak, eta, Bonnaten lanak ez ezik, Leonardo da Vincirenak, Rafaelenak, Michelangelorenak, Duererrenak, Goyarenak eta Ingresenak ere baditu, tartean. XX. mendearen bigarren erdian, bestak beste Paul-Cesar Helleuren lanen dohaintza ere jaso zuen erakundeak, eta hortik datorkio egungo izendapen bikoitza.
2025ean nahi dute zabalik Bonnat museoa
Guztira, 4.000 metro koadro izango ditu Baionako Bonnat-Helleu museo berriak, eta maileguak egiten hasteko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu