«Liburuan mende bete hartzen duten pasadizoak daude elkarren aldamenean, elkarri igurtzika. Eta ipuinok ari dira goseaz, minaz, inozentziaz, jolasaz, askatasunaz, petralkeriaz, inbidiaz, biziraupenaz, imajinazioaz, biolentziaz, pudoreaz, maitasunaz, beldurraz... Hala, 60 kontakizun inguru bildu ditut. Denak, edo ia denak, ahoz esanak, pare bat daude memoriatik ekarriak, belarriz jasoak, eta idatziz emanak». Hala definitu du Uxue Alberdi idazleak bere lan berria: Belarriko kilkerra liburua. Paperera ekarri ditu Alberdik hari ahoz kontatutako istorioak, pasadizoak eta anekdotak, eta horiek ilustrazioz jantzi ditu Begoña Durruti ilustratzaileak. Elkar argitaletxeak kaleratu du lana.
31 kontalariren ipuinak bildu dituzte liburuan; besteak beste, Beñat Gaztelumendiren, Idurre Eskisabelen, Nerea Ibarzabalen, Jone Santamariaren eta Xabier eta Miren Amurizaren istorioak. Horiek dira, hain zuzen, liburuko kilkerrak. Ipuin liburua hiru ardatzetan oinarritzen dela azaldu du Alberdik: ahozkotasuna, memoria eta transmisioa; eta kontatzea merezi duten istorioak jasotzearen garrantzia azpimarratu du: «Kontalari onak badaki errepikapena dela ipuinaren funtsa. Belarritik ahora eta ahotik belarrira bizi dela kontakizuna. Behin kontatuta erretzen den istorioa ez da istorio ona; denborak borobildu egiten ditu ahoan erabilitako kontuak».
Alberdiren arabera, inoizko informazio trafikorik handiena duen gizartean «eskas daude» elkarri istorioak kontatzeko lekuak eta tarteak. «Galtzeko denborarik ez dagoenean, ez da ipuinik sortzen. Autobide ertzean, ez da kilkerrik entzuten; zaratak ez du aditzen uzten». Eta, hain zuzen, azaldu du «galtzeko denbora geneukan unean», edo «denbora galtzeko geneukanean» piztu zitzaiola kontaketarako abagunea; hots, pandemian. Hala, itxialdian aitari entzundako istorioetatik otu zitzaion, «ia deskuiduan», libururako ideia. «Askatzea lortzen ez nuen ipuin luze batekin tematuta nenbilen, amorratuta, halako batean aitak itxialdi garaian bidali zizkigun ahots mezuekin akordatu nintzenean. Aitari mezu bat bidali nion itxialdiaren hasieran, eskean, eta egunero-egunero bidali zigun hamar minutu inguruko ahots mezu bat, hirurogei bat egunez, hirurogei bat grabazio guztira».
Azaldu duenez, hainbat istorio, pasadizo, esplikazio eta oroitzapen zeuden grabazio haietan. «Proba egin nuen gehien gustatzen zitzaizkidanak idatziz jartzen; ea paperean nola ematen zuten, ea ahozkoaren graziari eta txinpartari eustea lortzen nuen. Ariketa gustatu, eta istorio gehiagoren bila hasi nintzen». Inguruan «kontalari trebetzat» zeukan jendea xaxatu zuen orduan, eta hala bildu zituen beste hainbat kontakizun.
Baldintza bat jarri zuen hasieran, gerora bazter utzi zuena: istorioek nolabaiteko lotura izatea gorputz atal batekin. «Nire hasierako intentzioa gorputz ataletan banatutako liburu bat egitea izan zen: begiak, bihotza, gibela, hortzak, barrabilak, sudurra, oinak, mingaina, alua... Eta haiekin lotutako kontakizunak ematea segidan». Hala arrantzatu zituen zenbait pasadizo, eta hasi zen horiek paperean jartzen. Orduan konturatu zen, baina, istorio horiek gorputz ataletatik harago zihoazela, eta sailkapena «murriztailea» zela.
Azkenean, lau ataletan banatu du liburua: Marrubi-lapurretan izenekoan, istorio alaiak, freskoak, dibertigarriak... bildu ditu; bigarrenean, Zerurako eskailera izenekoan, hil osteko kontuak daude: heriotza, gorpuak, katabutak...; Minaren gela ataleko istorioak bestearen premiaz, biolentziaz, maitasunaz... ari dira; eta, azken atalean, Ispilua-n, gorputz fisikoa islatzen da. «Hemen bildu ditut gorputzaren opariak eta miseriak, lotsak eta pozak, minak eta grinak».
Kontatzen segitzeko deia
Prozesuan asko gozatu duela onartu du Alberdik, eta Durrutik egindako lana ere goraipatu du. Ilustratzailearen hitzetan, «bizitzaz» mintzo da liburua. Azaldu du «bizi, fresko eta arin» sortu dituela marrazkiak, eta kontent dagoela emaitzarekin. «Eskertzen dut emandako aukera. Bidaia mundiala izan da».
Bukatzeko, kilkerkeriatan aritzeko deia egin dute biek; hau da, elkarri istorioak, pasadizoak eta anekdotak kontatzeko deia.
Belarriz jasoak eta idatziz emanak
Hainbat lagunek ahoz kontatutako istorioak bildu ditu Uxue Alberdik 'Belarriko kilkerra' liburuan, eta ilustrazioz jantzi Begoña Durrutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu