Espainiako Lehen Maila ez da asteburuan hasiko. Historian bigarrenez, emakume futbolariek grebara joko dute. Aste honetako hirugarren bilera egin zuten atzo sindikatuek eta patronalak lan bitartekaritzan, eta horretan ere ez zen akordiorik izan. Horrenbestez, ostiralean iragarri zuten bezala, lan itun berriaren negoziazioan akordiorik ez dagoela kontuan hartuta, greba egingo dute. Deialdia ligako lehen bi jardunaldietarako da. Dena den, datorren asteartean beste bilera bat egingo dute.
Iragan ostiralean bidali zuten sindikatuek grebarako idatziaEspainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzura, eta AFE eta Futpro sindikatuek egoera salatu zuten. «Urtebete daramagu hizketan, baina negoziazioak ez atzera ez aurrera daude, geldirik. Akordio bat lortzeko dauden zailtasunak ikusita, ez dugu beste biderik. Hitzarmen duin eta justu bat lortu nahi dugu jokalarientzat, soldata arrakala gutxitu, eta beste eskubideetan aurrera egiten jarraitu». Astelehenerako iragarri zuten beste bilera bat patronalarekin. Bilera horretan ez zen akordiorik egon, baina beste bi ahalegin egin dituzte.
Duela urtebete hasi ziren sindikatuak eta patronala hitzarmen berria negoziatzen. Gutxieneko soldataren inguruan maiatzean hitz egin zuten sindikatuek jokalariekin. Bozketa bat ere egin zuten. Egun, 16.000 euroan dago soldata hori, eta sindikatuek hurrengo proposamena egin zuten hasieran hiru denboraldirako: 20.000 euro aurrenekoan, 25.000 bigarrenean, eta 30.000 azkenengoan. Patronalarena, berriz hau zen: 16.500, 17.500eta 19.000. Guztiak %100eko partzialtasunarekin. Proposamena erretiratu egin zuen gero.
Herenegungo bileran gerturatze bat egon zen arlo horretan. Sindikatuei presioa egin nahirik, patronalak, F ligak, eman zuen horren berri. Beren proposamenberria jakinarazi zuten. Horren arabera, kontratuetan partzialtasuna kenduko litzateke. Gutxieneko soldata 18.000 eurora igoko litzateke, eta hiru denboralditan 25.000 eurora igoko litzateke. Diru kopurua zertxobait igo zuten arren, ez zen adostasunik izan. Atzoko bilera ere ez zen balekoa izan. Denboraldi honetarako gutxieneko soldata hori 23.000 eurokoa izateko eskatu zuten sindikatuek, eta patronalak 20.000 eurokoari eutsi zion.
Baina ez da gutxieneko soldata lan hitzarmenean negoziatu behar duten bakarra. Sindikatuek aurrerapauso gehiago eskatu dituzte, besteak beste, kontziliazioan eta formakuntza eskubideetan. Gainera, sexu abusuen aurkako protokoloa indartzeko eskatu dute, eta neurriak hartzeko boterekeria kasuak daudenean.
Emakume futbolariek egingo luketen bigarren greba izango litzateke. Kontuan izan behar da 2019ko otsailean sinatu zutela lehen lan hitzarmena Espainiako Ligako emakume futbolariek. Borroka luzea izan zen emakume futbolariena. Izan ere, 2018ko azaroan hasi zituzten negoziazioak. Orduan, traba nagusia kontratuen partzialtasuna izan zen. Jokalariek gutxienez %75ekoa izatea nahi zuten, eta patronalak %50ean jarri zuen marra gorria. Negoziazioak aurrera ez zihoazela ikusita, greba egin zuten jardunaldi batean futbolariek,
Azkenean, Mediapro ekoiztetxeak 100.000 euro eman zizkien klubei telebista eskubideak eta zelaietan dauden publizitate estatikoak kudeatzegatik, eta horrek ahalbidetu du egoera bideratzea. Hitzarmenaren arabera, jardun osoko kontratua zuten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango zuten urtean; %75ekoa zutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen zituen lan hitzarmenak. Horien artean zegoen, esaterako, lan jazarpeneko eta haurdunaldi kasuetarako protokoloa. Izan ere, jokalariek, haurdun geratuz gero, ez zuten babesik, klubak kanporatzea erabakiz gero. Gainera, amatasunerako 600 euroren laguntzak aurreikusi ziren akordioan.
Oporrak ere arautuko zituzten estreinakoz lan hitzarmenari esker. Horren arabera, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango zuten. Opor aste horiek jarraian eta udan izan behar zuten.
Aurreko denboraldian ere, lehen jardunaldian greba batekin hasi zen liga. Orduko hartan, epaileena izan zen. Azkenean Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartu behar izan zuen Espainiako Federazioaren eta F Ligaren artean. Azkenean, adostasun batera iritsi ziren, sektorea profesionalizatu eta epaileei gutxieneko soldata bat ezartzeko.
Hermosoren salaketa
Bestalde, atzo jakin zen Jennifer Hermoso futbolariak fiskaltzaren aurrean deklaratu zuela asteartean, Munduko Kopa irabazi eta gero Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesek baimenik gabe eman zion musuagatik. Hala, bide eman dio Rubialesen aurkako salaketari.
Iragan astean, fiskaltzak baztertu egin zituen Rubialesek emandako azalpenak, eta, Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu zuen ez zegoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu. Fiskaltzak argudiatu zuen baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela. Baina erasoa jasan zuenaren edo
haren ordezkari legalaren salake-
ta edo fiskaltzaren kereila bat be-
har zela auzibide bati ekiteko. 15 egun eman zizkion Hermosori fiskaltzan aurkezteko, eta hala egin du.
Futbolariak grebara doaz, bigarrenez
Azkenean ez da akordiorik izan sindikatuen eta patronalaren artean, eta liga ez da bihar hasiko. Lehen bi jardunaldietarako da greba deialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu