Sri Lankako lehen ministroaren dimisioak ez du baretu tentsioa

Zortzi pertsona hil ziren herenegun, hainbat borrokatan. Gobernuaren kontrakoek Rajapaksa familiaren jarraitzaileak jo dituzte istiluen erantzuletzat. Presidentearen dimisioa eskatu dute

Sri Lankako lehen ministroaren dimisioak ez du baretu tentsioa.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren ondorioz gobernuaren aurkako manifestazioak gero eta handiagoak izaten ari zirenez, Sri Lankako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean. Horrek ez zituen eragotzi istiluak; herenegun, zortzi pertsona hil ziren, eta berrehundik gora zauritu herrialde osoan, iturri ofizialen arabera. Mahinda Rajapaksa lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta agintariek etxeratze agindua ezarri zuten. Militarrek hartu zituzten kaleak, baina gobernuaren kontrako manifestariak ez ziren etxean gelditu.

Rajapaksa familiako inork herrialdetik ihes egin ez zezan, aireportuen inguruak zelatatu zituzten, adibidez. Familia horri ustelkeria leporatze diote, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko ezintasuna. Hain zuzen ere, Gotabaya Rapajaksa presidentearen dimisioa eskatzen dute manifestariek—Mahinda lehen ministro zenaren anaia da—, hura baita gobernuburua. 2019tik dago karguan, eta Mahinda anaia 2005etik 2015era izan zen presidente.

Duela zenbait astetik, presidentetzaren eraikinaren parean egiten ari dira mobilizazioak, eta han kanpatuta daude ehunka manifestari, Kolonbo hiriburu komertzialean. Herenegun, lehen ministroak dimisioa eman ondoren, gobernuaren aldekoek harantz jo zuten, eta orduan hasi ziren borrokak kontrakoekin, nahiz eta Polizia tartean egon.

Ondoren, ehunka lagun Mahinda Rajapaksaren etxeari su ematen ahalegindu ziren. Poliziak airera tiro eginez eta negar gasa jaurtiz sakabanatu zuen mobilizazioa. Jakinarazi ez zuten leku batera eraman zuten lehen ministro ohia, hegazkinez.

Gero, goizaldean, su eman zieten gobernuaren aldeko 50 bat politikariren etxebizitzei, BBC hedabidearen arabera. Sri Lankan zenbait aste daramatzate gobernuaren aurka protesta egiten, eta, mobilizazio horietan, orokorrean, ez da istilurik egon. Hori dela eta, herrialdeko lider erlijiosoek eta gobernuaren aurkakoek Rajapaksa familiaren jarraitzaileak jo dituzte herenegungo istiluen erantzuletzat.

Presidentearen jarraitzaileek «manifestari bakezaleei» egindako erasoak salatu zituen atzo HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak. Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak kezka agertu zuen, eta agintariei eskatu zien istiluak eragozteko. Atzo, Defentsa Ministerioak Polizia indarrei agindu zien «ondasun publikoaren aurka» egiten dutenei ohartarazpenik egin gabe tiro egiteko.

Hauek dira Sri Lankako egoera ulertu ahal izateko gakoetako batzuk:

KRISI EKONOMIKO LARRIA

Sri Lankak petrolio findegi bat zuen, baina agintariek hura itxi zuten, erregaia inportatzeagatik dibisen gastu handirik egon ez zedin. Azaroan gertatu zen hori, eta nahiko argi geratu zen krisi ekonomiko bat lehertzear zegoela.

Aintzat hartu behar da, gainera, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz turismoak nabarmen egin duela behera azken bi urteetan, eta, hain justu, turismoa izan dela azken urteotan diru iturri nagusietako bat uhartearentzat.

Agintariak saiatu dira mezu itxaropentsuak ematen, baina, azken hilabeteotan, inflazioak markak hautsi ditu, eta elikagai gabezia dute herrialdean. Bada, gainera, egoeraren larriaren berri ematen duen erabaki bat: gobernuak kanpo zorraren ordainketa eten zuen aurreko hilabetean.

MANIFESTAZIO MASIBOAK

Tentsioak eta ezinegonak gora egin zuten martxo amaieran. Agintariek hamahiru orduko argindar mozketak ezarri zituzten, eta horrek kalera bultzatu zituen herritarrak, gobernuaren dimisioa eskatzera. Protestak baketsuak izan dira, oro har, eta, asteak pasatu ahala, gero eta masiboagoak bilakatu dira. Go home Gota (Zoaz etxera, Gota) da mobilizazioetan gehien errepikatutako leloa. Kolonbon ez ezik, uharteko beste leku batzuetan ere egin dituzte manifestazioak.

KRISI POLITIKOA

Eta krisi ekonomikoak krisi politikoa ekarri zuen. Protestak hasi eta egun batzuetara, apiril hasieran, gobernuko ministro guztiek dimisioa eman zuten. Rajapaksa presidenteak behin-behinean saihestu zuen krisia, kabinete berri bat izendatuz.

Egun batzuk geroago, ordea, koalizio gobernuko 42 parlamentarik aurkeztu zuten dimisioa, eta ematen zuen gobernua parlamentuko gehiengoa galtzekotan zela. SJB Samagi Jana Balawegaya alderdiak, oposizioko indar nagusiak, presidentearen aurkako bi zentsura mozio iragarri zituen, eta joan den astean astean aurkeztu.

Baina, joan den ostegunean, ganberako presidenteordea aukeratzeko bozketa bat egin zuten,eta gobernuaren hautagaiak 148 boto lortu zituen; oposiziokoak, berriz, 65. «Zenbaketa argia da. Sri Lankako Parlamentuko benetako oposizioa 65ekoa da. Disidenteen drama agerian geratu da gaur», idatzi zuen Twitterren, M. A. Sumanthiran oposizioko diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.