Koronabirusa munduan

OME: «Gerta liteke birusa ez desagertzea»

Erakundeak ohartarazi du koronabirus berria birus endemikoa bihur daitekeela. Buruko osasun arretan inbertitzeko eskatu die estatuei

Osasun espezialista bat koronabirus test bat aztertzen. PETER KOMKA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusaren aurkako txerto bat lortu eta COVID-19 gaitza desagerraraztea noiz izango ote den posible galdezka ari dira mundu osoko herritar ugari, pandemiak eragin duen larrialdi egoerarekin amaitzeko gogoz, eta, kasu askotan, beharrez. Birusa betiko uxatzeko aukerarekin «errealistak» izateko eskatu zuen atzo Mike Ryan Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Larrialdietako zuzendariak. «Inork ezin du aurreikusi gaixotasun hau desagertuko den ala ez». Ryanek azaldu zuen posiblea dela SARS-CoV-2 birusa endemiko bihurtzea, hiesa edo elgorria bezala, eta harekin bizi behar izatea. «Gerta liteke birusa sekula ere ez desagertzea».

COVID-19aren kontrako txerto bat garatzea urrats handia izango litzateke gaitza mendean hartzeko, baina Ryanek nabarmendu zuen txertoak gaixotasuna desagerrarazi ahal izateko ezinbestekoa izango dela «eraginkortasun handikoa» izatea, «mundu guztiarentzako eskuragarri» egotea eta era masiboan erabiltzea.

Koronabirus berria gizakietara kutsatzen hasi zela jakin denetik bost hilabetera, 120 txerto proiektu baino gehiago daude martxan. Adituen esanetan, litekeena da urte amaierarako edo 2021 hasierarako txertoren bat merkaturatzeko prest egotea.

Nekearen arriskua

Bost hilabete hauetan, kontrol neurri murriztaileak ezarri behar izan dituzte estatu ugarik. Hainbat herrialdetan konfinamenduak malgutzen hasiak badira ere, arretari eusten eta prebentziorako gomendioak betetzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuen Hans Kluge OMEren Europako arduradunak. «Nekeak orain arte lortu ditugun garaipen baliotsuak jar ditzake arriskuan». Haren iritziz, «agintariekiko konfiantzarik ezak, konspirazio teoriek eta urruntze sozial eta fisikoaren kontrako mugimenduek» pandemia gainditzeko helburua zailtzen dute.

Klugek adierazi zuen ere buruko osasun arazoak ugaritu direla konfinamendu garaian. «Bakartzeak, babes soziala jasotzeko ezinak, egoera ekonomikoak eta mahaira ogia eramateko beharrak» kalte egin diote herritar askoren buruko osasunari, OMEko ordezkariaren arabera. Erakundeak gaineratu zuen litekeena dela suizidio eta nahasmendu kasuek gora egitea. Estatuei eskatu die handitu dezatela inbertsioa buruko osasun arloan, arreta indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.