Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak 21 hilabeteko zigorra ezarri dio LABeko sindikalista bati, hiriko La Sangiovesa jatetxean egindako protesta batengatik. Ekintza horretan ez zela inolako indarkeriarik izan baieztatu dute LABeko iturriek, eta jatetxeko arduradunek salaketak kendu zituztela. Kasu bakana ez dela ziurtatu du LABek, eta askatasun sindikalaren aurkako «polizia jazarpena eta jazarpen judiziala» dagoela.
2018ko udan lan gatazka izan zen Iruñeko erdialdeko La Sangiovesa jatetxe italiarrean. «Lan esplotazioa oso agerikoa zen», azaldu du LABek, agiri baten bidez. «Langileek ez zituzten lan eginiko ordu guztiak jasotzen, bazeuden kontraturik gabeko langileak, askatasun sindikalak urratzen zituzten... Konparazio batera, kamioia deskargatzea pizza batekin ordaindu zuten inoiz».
Langileak antolatu eta hauteskunde sindikalak egin ondoren giroa gaiztotu zen. «Enpresak hainbat langile kaleratu zituen bere gustuko hautagaitzari botoa ez emateagatik». Zenbait protesta egin zituzten langileek sanferminetan, eta horien ondotik akordio bat lortu zuten enpresarekin, «akordio on bat». Kaleratutako bi langile berriro hartu zituzten, beste bi kaleratze paktatu zituzten, eta lan baldintzak hobetu zituzten. Gainera, mobilizazioetan jarritako salaketa guztiak kendu zituen enpresak.
Baina salaketa horiek dagoeneko beren bidea egina zuten epaitegietan, eta fiskaltzak bi zigor eskaera egin zituen: bi urte eta hiru hilabeteko zigorra LABeko sindikalista bati, eta urtebete eta sei hilabeteko zigorra jatetxeko langile bati. Derrigortzea edo koakzioa egotzi zien. «Harrigarria da», LABen arabera, ziurtatu baitu ez zela inolako indarkeriarik izan. «Jatetxearen kanpoaldean elkarretaratze bat egin zuten, modu baketsuan sartu ziren, itsasgarribatzuk paratu, eta denbora labur batean megafono batekin hainbat lelo bota». Protestan ez zela istilurik gertatu eta bezeroei ez zitzaiela sarrera edo irteera eragotzi erakusten duen bideo bat aurkeztu zuen LABek, «baina bideoa galdu egin zen epaitegietan». Jatetxeko langilea errugabetzat jo du epaileak.
Helegitea eta kanpaina
LABek epaiaren aurkako helegitea jarri du, eta gogorarazi du zigortutako sindikalista izan zela lan gatazkak iraun zuen bitartean Poliziara eta Lan Ikuskaritzara jotzen zuena lan eskubideen urraketak salatzera.
Epaia «hagitz larria» iruditu zaio sindikatuari. «Baina, zoritxarrez, ez da LABek azkenaldian pairatu duen eraso bakarra». Jakinarazi duenez, Huerta de Peraltako gatazkan «makina bat» isun jaso ditu, eta hiru sindikalistaren aurkako prozedura penalak zabaldu dituzte.
Astelehenean askatasun sindikalaren aldeko kanpaina bat iragarriko du, Gazteluko plazan.
21 hilabeteko zigorra LABeko kide bati, protesta baketsu batengatik
«Jazarpen poliziala eta judiziala» jasaten ari dela dio sindikatuak, eta kanpaina bat hasiko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu