Txertatze ziurtagiria ez dute gehiago erakutsi beharko Ipar Euskal Herriko herritarrek martxoaren 14tik goiti. Frantziako lehen ministro Jean Castexek iragarri zuen neurria atzo Frantziako telebistan egindako agerraldi batean. Hala, leku publikoetara sartzeko ez da baitezpadakoa izanen txertaketa pauta osoa egina izatea; urtarriletik, derrigorrezkoa zen ostatuetara, kultur aretoetara eta kirol guneetara sartzeko.
Egun beretik aitzina, gainera, maskara ez da erabili beharko leku horietan —iragan astetik, jada ez da erabili behar ostatuetan—. Era berean, hezkuntza egituren barnealdeetan, supermerkatuetan eta enpresetan ere kentzen ahalko dute maskara. Bi salbuespen izanen ditu neurriak: garraio publikoetan eta osasun egituretan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da, «jendeen arteko nahas-mahasagatik» lehenean, eta pazienteen zaurgarritasuna dela-eta bigarrenean.
Osasun etxeetara sartzeko, gainera, beharrezkoa izanen da osasun ziurtagiria —PCR edo antigeno proba negatibo baten emaitza, kutsatze agiria edo txertatze agiria— erakustea. Gainera, Castexek erran zuen ez dutela kenduko osasun langileek COVID-19aren kontra txertatzeko duten betebeharra.
Neurriak arintzeko promesa
Iragan astean, Olivier Veran Osasun ministroak Senatuan egindako adierazpen batean iragarri zuen Frantziako Gobernua txertatze ziurtagiria kentzea aztertzen ari zela. Erran zuen horretarako suspertze zerbitzuetan diren paziente kopurua 1.500etik beherakoa izan beharko zela. Azken datuen arabera, alta, 2.329 paziente daude suspertze zerbitzuetan, eta, beheranzko joera izan arren, Guillaume Rozier datugintza adituak dio «nekez» lortuko dela martxoaren 14rako 1.500etik behera izatea.
Veranek finkatutako beste baldintza bat zen intzidentzia tasa metatua 500etik behera izatea. Bada, Frantziako batez besteko intzidentzia tasa 584 da, azken datuen arabera. Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan 837 zen herenegun.
Dena den, egoerak okerrera eginez gero, Frantziako Gobernuak uztailaren 31 arte berriz ezartzen ahal ditu neurriak, indarrean den Osasun Legearen bidez.
Koronabirusa
Txertatze ziurtagiria kentzea erabaki du Frantziako Gobernuak
Martxoaren 14tik aitzina ez da indarrean izanen. Maskara ez da erabili beharko leku gehienetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu