Kontuetan «neurria» emateko esan diote EH Bilduk eta ERCk Madrili

Jaurlaritzak EH Bilduri leporatu dio «planteamendu politikoak» egin izana bere proposamenean

Arnaldo Otegi eta Mertxe Aizpurua, atzo goizean egin zuten agerraldian. EFE.
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak ez du eman espero genuen neurria». Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak horrela adierazi du indar subiranistak eta ERCk Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuaren inguruan daukaten kezka. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Aizpuruak atzo egin zuten agerraldia, eta, bertan azaldu zutenez,ERCrekin batera agertu ez diren arren, bi alderdien artean «koordinatutako» ekitaldia izan da.

Aizpuruak adierazi du ERCk eta EH Bilduk bi proposamen egin dituztela, baina Espainiako Gobernuak ez dituela egin «etxeko lanak»: «Ez diete erantzun gure proposamenei, baina garaiz gaude oraindik». Esan duenez, neurri «anbizio handikoak» baina «egingarriak» proposatu dituzte, Euskal Herriko eta Kataluniako gizartearen «gehiengoak» babesten dituztenak: «Eskatzen ditugun zuzenketak eskubide sozialak zabaltzeko neurriak dira, herritarrik ahulenak babesteko, hezkuntza sistema hobetzeko, gure lurraldeak egituratzeko eta indartzeko, eta gure herrien hizkuntzak babesteko».

Aurrekontuen negoziazioetan, bi alderdiek hasieratik «jarrera argia» izan dutela azpimarratu du Otegik: « EH Bilduk eta ERCk oso jarrera koherentea izan dute. Argi eta garbi esan genuen zeintzuk ziren gure funtsezko oinarriak». Era berean, azaldu du gobernu bat sostengatzeko ez duela balio alternatiba «txarragoa» dela esateak: «Gobernu bat ona da gauzak beste era batera egiten dituenean. Eskuina geldiarazteaz gain, ezkerreko politikak egin behar dira». Era berean, esan du Espainiako Gobernuak «ekintzekin» frogatu behar duela zeintzuk diren bere «babes parlamentarioak» eta «zer nazionalitate» duten: «Ez dugu inongo interesik aurrekontu hauek blokeatzeko, baina ez dago soilik gure eskuetan».

Jaurlaritzak, bigarren sorta

Koalizioak Eusko Legebiltzarrean ere aurrekontuak izan ditu mintzagai. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio «aitzakiak alde batera» uzteko, eta modu «argi eta zintzoan» erantzuteko EH Bilduk 2022ko aurrekontuei egindako proposamenei. Izan ere, zehaztu du koalizioak Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari egin dizkion zuzenketak «egingarriak» direla.

Jaurlaritzak asteazkenean egin zuen datorren urterako aurrekontuei buruzko lehen bilera sorta oposizioko alderdiekin, eta datorren asterako bigarren hitzordu bat jarri du EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin, bi talde politikoek proposamen zehatzak egin zituztenez gero. Pedro Azpiazu Ogasun sailburua asteazkenean batzartuko da EH Bildurekin, eta ostiralean Elkarrekin Podemos-IUrekin.

Legebiltzarrean, Jaurlaritzak salatu du EH Bilduk «planteamendu politikoak» egin dituela proposamenean. Kortajarenak erantzun du Jaurlaritzaren adierazpenen inguruan: «Aurrekontuen negoziazioa negoziazio politiko bat da ezinbestean».

Bestalde, Jaurlaritzak atea itxi dio erreforma fiskalen inguruko eskakizunari, eta argudiatu du «Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo» geratzen dela arlo hori, eta, horrez gain, eztabaida hori aurrekontuen negoziazioetatik at dagoela. Kortajarenak, ordea, adierazi du 2018ko negoziaketetan Jaurlaritzak «zergenmurrizketa bat» adostu zuela Alderdi Popularrarekin: «Arazoa ez da Jaurlaritzak eskumenik ez izatea, baizik eta ez dagoela borondate politikorik». Esan duenez, ez dago oztoporik eztabaida horrekin hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.