Hego Euskal Herrian paperik gabeko 12.621 ume eta gaztetxo daude; Europako Batasunetik kanpoko jatorria duten familietako haur guztien %25,91 dira horiek. Hots, Hego Euskal Herriko familia migratzaileetan bizi diren lau umetik bat egoera irregularrean dago. Eta baliteke okerrera egitea: Espainiako legediaren arabera, paperak dituen migratzaile bat egoera irregularrean gera daiteke lan kontratua galduz gero, eta kalkulatzen da COVID-19aren ondorioz sorturiko krisi ekonomikoa dela medio %26 gehitu daitekeela paperik gabeko umeen kopurua.
Hori ondorioztatzen da Save The Children elkarteak plazaratutako txostenetik. Infancia sin papeles (Paperik gabeko haurtzaroa) da txostenaren izenburua, eta, Espainiari buruzkoa bada ere, hor agertzen diren zenbait datu eta ondorio baliagarriak dira Hego Euskal Herrirako ere.
Askori bitxia edo arrotza begitanduko zaio paperik gabeko umeak kontzeptua. Save The Children elkarteak txostenean azaldu duenez, seme-alaben administrazio egoera gurasoen egoeraren ondorio da, hau da, ulertzen da haurrak egoera irregularrean daudela gurasoak hala badaude.
Ez da garrantzirik gabeko kontua. Egia da Espainiako legediak zenbait eskubide bermatzen dizkiela haur guztiei, haien gurasoek paperik izan edo ez, hala nola eskolara joatekoa edo osasun arta jasotzekoa; baina gobernuz kanpoko erakundeak txostenean adierazitakoaren arabera, praktikan hori ez da beti horrela, eta ustez unibertsalak diren eskubide horiek baliatzea baldintza diezaieke etorkinen seme-alabei gurasoek paperik ez izateak.
Txostenean, zailtasun horien berri eman du Save The Children elkarteak. Horretaz gain, egoera irregularrean dauden 22 adingabe eta haien senitartekoak elkarrizketatu dituzte, eta testigantza horiek ere txertatu dituzte dokumentuan. Ikerketaren ondorioa argia da: familia horien egoera legeztatzea da irtenbiderik bidezkoena, eta, gainera, askotariko ondorio positiboak ekarriko lituzke.
DATUAK
Txostenean agertzen diren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 19 urte baino gutxiagoko 48.698 haur eta gaztetxo daude, jatorria Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetan duten familietan bizi direnak. Horietatik 12.621, hau da, %25,91, egoera irregularrean daude, esan nahi baita, haien gurasoek ez dute paperik edo gurasorik gabe etorri dira Euskal Herrira —azken horiek askoz gutxiago dira—.
Egoera irregularrean dauden heldu eta umeen kopurua asko apaldu zen 2010etik 2013ra, seguru asko orduko krisiaren ondorioz, baina 2014tik etengabe emendatu da. Txostenaren arabera, COVID-19ak ekarritako krisiaren ondorioz baliteke datozen hilabeteetan migratzaile askok lan kontratua galtzea eta paperik gabe gelditzea; eta haiekin batera, haien seme-alabak ere bai. Baliteke %26 ugaritzea egoera irregularrean dauden umeak.
HEZKUNTZA ETA OSASUNA
Teorian, ume guztiek dute hezkuntza eta osasun zerbitzuetarako eskubidea, haien gurasoen administrazio egoera edozein delarik ere. Praktikan, ez da hain erraza: 3 urtera arteko haur eskoletan sartzeko, zenbait ikastaro egiteko edo eskolaz kanpoko jarduera batzuk egiteko, agiriak eskatzen dituzte; berdin bekak eta diru laguntzak jaso ahal izateko. Osasun zerbitzuei dagokienez, txostenean jasotako testigantza ugarien arabera, osasun zentro batzuetan arta ukatu zaie paperik gabeko etorkinen seme-alabei, legeak horretarako biderik ematen ez duen arren. Beste batzuetan, beldurragatik ez dituzte gurasoek osasun zerbitzuetara eraman umeak.
POBREZIA
Paperik ez izatearen ondoriorik behinena legezko lanik egiteko ezintasuna da. Horren ondorioz, egoera horretan daudenak, sarri, behartuta egoten dira ordainsaririk apaleneko kontraturik gabeko lanak hartzera, eta pobrezian eta bazterketan erortzeko arrisku larrian geratzen dira. Horren kalteak familiako guztiek pairatzen dituzte: adingabeek ere bai.
ONDORIO PSIKOLOGIKOAK
Agiririk ez izateak esan nahi du beti beldurrez bizitzea, eta kanporatua izateko mehatxuaren pean egotea etengabe. Seme-alabak izatea ez da kanporatzeen kontrako inolako bermea: administrazioak agindu dezake paperik ez duen pertsona bat herrialdetik kanporatzea, eta, orduan, haren seme-alabek harekin joan beharko lukete; edo, bestela, gelditzea erabaki dezakete, baina beste tutorerik izan ezean, administrazioak haien ardura hartuko luke.
Familia banatzearen beldurra, ikaskideek egiten dituzten eskola bidaietan ezin parte hartzea, prekaritatea eta pobrezia... Horrek guztiak ondorio psikologiko nabarmenak uzten ditu haur eta nerabeengan. Txostenean esaten den bezala, beldurrak isiltasuna ekartzen du, eta isiltasunak, berriz, ikusezin bilakatzea. Agiririk ez duena behartuta dago oharkabean igarotzera, eta horrek ikusezin bihurtzen du gainerakoen begietara.
ERREGULARIZAZIOA
Txostenean konponbide bat proposatzen da egoera horretarako: seme-alaba adingabeak dituztenak erregularizatzea. Hainbat arrazoi ematen dituzte: alde batetik, argi dago umeen eskubideak gailendu behar direla beste edozein irizpideren gainetik. Kasu horretan, umeak ez dira helduek egiten dutenaren erantzule: haurrek ez dute erabaki egoera irregularrean egotea, eta, beraz, ez dute zertan horren ondorioak pairatu.
Horrez gain, arrazoi praktikoak ere aipatzen dira txostenean: neurriak zergetan ekarriko lukeen onura berdinduko luke estatuak egin beharreko gastua. Hala dio Save the Childrenek: «Galdera ez da erregularizazioa behar ote den, baizik eta noiz eta nola egingo den».
Paperek mugatutako haurtzaroa
Hego Euskal Herrian 12.600 haur inguru bizi dira paperik gabeko familietan. Baliteke egoerak okerrera egitea krisiaren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu