Italiako erreskate taldeek Genovako Morandi zubiaren ezbeharrean desagertutako biktimen bila jarraitu zuten atzo. «Bertze 48 orduz jarraitu dezakegu norbait bilatzeko itxaropenaz», adierazi zien kazetariei Pietro Cosolak, hondakinen garbiketa lanak zuzentzen ari den teknikariak. Francesco Cozzi Genovako fiskalaren arabera, hamar eta hogei lagun artean egon litezke desagertuta —orain arte zenbatutako hildakoak 38 dira—. Egunez egun nabarmenagoa da istripuaren tamaina handia: atzo jakin zenez, Genovako 632 biztanlek etxea galduko dute, eta karrika oso bat desagertu eginen da eraikin guztiak botako dituztelako.
Morandi zubibidearen azpian eta inguruan dauden etxebizitzetako biztanleek alde egin beharko dute, 311 familiak guztira. Giovanni Totti Liguria eskualdeko presidenteak atzo ziurtatu zuen guztiei bermatuko dietela etxe bat urtea bukatu aitzinetik—oraingoz, 30 etxe prest dituztela erran zuen—.
Genovako Morandi zubibidea 45 metro garai eta 1.182 metro luze zen, eta Frantziako mugatik iristen den A-10 autobidea Milanera doan A-7arekin lotzen zuen. Joan den asteartean 215 metroko zati bat erori zen.
Hondamendiak eztabaida politiko ikaragarria sortu du Italian. Luigi Di Maio lehen ministrorde eta M5Sko buruak eta Matteo Salvini Barne ministro eta Lega Nordeko buruak atzo berretsi zuten Autrostraderi errepidearen kontzesioa kenduko diotela. Europako Batzordea ere eztabaidan sartu da Salvinik egin zituen adierazpen batzuen harira, eta Barne ministroari erran dio Italiak «behar adinako funtsak» bazituela zubiaren mantentze lanetarako. Baina gobernua ere ez dago kritiketatik salbu; izan ere, M5Sri leporatu diote iraganean zubiaren egoerarengatik egin ziren salaketak mespretxatu izana, Genovan errepide alternatibo bat eraikitzeko proiektuaren aurka zegoelako.
Genovako zubiaren istripuak 632 herritar utzi ditu etxerik gabe
Italiako erreskate taldeek bihar arteko «itxaropena» dute hondakinetan desagertuak aurkitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu