Poloniari kexa formal bat helaraztea baztertu du Espainiako Gobernuak

Sanchezek hizpide izan du Pablo Gonzalez, eta kazetariaren abokatuak gezurra esatea egotzi dio

Pablo Gonzalez aske utz dezatela eskatzeko elkarretaratzea, martxoaren 6an, Nabarnizen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak galdetuta, Pablo Gonzalez kazetariaren egoera izan du hizpide Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Gonzalezen egoera gertutik aztertzen ari direla azaldu du presidenteak, baina baztertu egin du Poloniak eginiko arau hauste posibleei kexa bat jartzeaz hitz egitea, koalizio subiranistak eskatutakoari muzin eginda. Kontrara, «elkartasuna» adierazi dio estatu hari, Ukrainatik iritsitako errefuxiatuak hartzeagatik.

Aizpuruak gogoratu du «egoera larrian» dagoela Gonzalez, «inkomunikatuta» eta «erabat babesgabe». Halako egoera bat Europako Batasunaren barruan jazo izana salatu du EH Bilduko eledunak, argudiatuta Poloniak nazioarteko erakundearen Oinarrizko Eskubideen Gutunaren hemezortzi artikulu urratu dituela, baita prentsa eta informazio askatasuna «hautsi» ere.

Hala, esku hartzeko exijitu dio Espainiako gobernuburuari, orain arte eginiko urratsak nahikoa izan ez direla iritzita: «Eskatzen dizugu salaketa argi bat egiteko, eta kexa formal bat jartzeko Polonia egiten ari den irregulartasunen aurrean». Izan ere, koalizio subiranistaren ustez, presio diplomatiko eta politikoa ezinbestekoa da Gonzalezen eskubideak berrezartzeko eta hura lehenbailehen askatzeko: «Espainiako Gobernua ezin da mugatu soilik laguntza kontsularra eskaintzera».

Sanchezek bestelako ikuspegi bat du aferaz. Azaldu duenez, Jose Manuel Albares Atzerri ministroa Gonzalezen afera jarraitzen ari da, eta harremanetan da Poloniako bere homologoarekin. Horrez gain, kazetariari laguntza kontsularra eskaini diotela azaldu du: Poloniako kontsulatuko kideen bi bisita izan dituela kazetariak; azkena, aurreko ostiralean. Abokatu bat izateko eskubidea bermatzeko lan egin dela ere gehitu du, eta ofiziozko abokatu bat jarri zitzaiola. Gehitu du, baina, Gonzalezek beste bi abokatu kontratatu dituela; Gonzalo Boye eta beste poloniar bat.

Presidenteak ez du eman kazetariaren egoeraren inguruko informazio gehiago, argudiatuta «argitaratu ezin daitezkeen alderdi batzuk» daudela, Gonzalezen «errugabetasun presuntzioa jokoan dagoelako». Sanchezen esanetan, Gonzalezek berak ere hala egiteko eskatu du.

Hitzok gezurtatu dituzte EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk eta Boye abokatuak. Iñarrituk adierazi du Espainiaren kontsulatutik igorritako informazioek aurkakoa diotela. Hau da, kazetariak aurrez ere adierazi duela ez duela «ezkutatzeko ezer». «Sanchezek susmoak elikatu nahi izan ditu, Poloniaren jarrera salatzeko konpromisoa hartu beharrean». Bide beretik, Boyek Twitter bidez azaldu du Sanchezen hitzak ez direla egia: «Gaizki informatu dute, edo gezurretan ari da».

Otsailetik preso

Sanchezek adierazi du Poloniako justiziak ebatzi beharko duela akusazioen gainean. Kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten, «atzerriko inteligentzia ekintzetan» parte hartu izanaren «susmopean»; hau da, espioitza delitu bat leporatuta. EH Bilduren galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen fiskaltzak agindu zuela haren atxiloketa sekretupean edukitzeko, eta Madrili ez zitzaiola jakinarazi martxoaren 3ra arte. Ordutik, familiarekin eta abokatuekin komunikatu ezinda dago Gonzalez. Rzeszowko auzitegiak bikotekideari bidalitako gutun baten bidez jakin zen, gainera, gutxienez maiatzaren 29ra arte espetxeratuta edukiko dutela.

Gonzalezen egoeraren xehetasun gehiago emateko, Elkarrekin Podemos-IUk eskaera bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Boyek eta kazetariaren bikotekide Oihana Goirienak hitza hartu dezaten ganbera hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.