Guardia Zibilak izen-abizen jakin batzuekin lotu zituen dokumentu batzuetan atzemandako ezizenak, «zantzuen fasean», «ikerketa abiatu» ahal izateko. Hala azaldu zuen atzo Guardia Zibilaren Z61382J zenbakidunagenteak, diligentzien idazkariak, 13/13 sumarioaren epaiketako hirugarren saioan. Poliziak susmo batzuekin egin zuen txosten bat, eta horretan oinarritu zen 2010eko apirilaren 14ko operazioa. Zantzuen ondoren iritsi ziren atxiloketak, miaketak, galdeketak eta inkulpazioak, auzian akusazioari sostengua ematen diotenak.
Bi poliziak deklaratu zuten atzoko saioan, lekuko gisa, eta lehena izan zen Z61382J. Azaldu zuenez, bera izan zen Halboka txostena idatzi zuena; Guardia Zibilaren txosten bat zen hori, 2010eko apirilaren 12an auzitegietan erregistratu zutena; sumarioaren abiapuntuan dagoen hamar lagunen atxiloketa baino bi egun lehenago. Hura izan zen egilea, poliziak berak azaldu zuenez, nahiz eta dokumentua ez duen inork sinatzen. Eta horra defentsako abokatuen lehen protesta: ea bera ote zen txostenaren egilea, kontuan hartuta perituen deklarazioetarako beste polizia batzuk deitu dituztela deklaratzera: ustez, txosten horren egileak direnak.
Horri lotutako beste gai batekin ere kexu azaldu ziren abokatuak: Z61382J lekuko gisa ari zen deklaratzen; beraz, hark ikusitakoaz. Baina Halboka txostenaren egilea izanik, txostenaren edukiez ari zen azalpenak ematen; alegia, peritu lanak egiten, nahiz eta ez zegoen horretarako deituta. Murillok behin baino gehiagotan hartu zion kargu fiskalari horregatik.
Izan ere, defentsako abokatuek auzitan jarri zuten haren lekukotasuna, kontuan izanik ezen, 2010eko atxiloketen unean, Madrildik egin zuela atestatu bat. Z61382Jk idatzi zuen atestatu hori, bera egon ez zen miaketa batean oinarrituta, miaketan egon zirenek kontatzen ziotenaren arabera. Jose Maria Elosua defentsako abokatuaren galderei erantzunez,Z61382J zenbakidunak ez zituen gogoratzen atestatuaren inguruko xehetasun asko.
Halbokaz jardun zuen Z61382Jk, eta apenas auzipetuez; esan zuen ez zela egitura berria, eta horri buruzko informazio eguneratua jaso zutela Frantziako Poliziak 2008ko maiatzaren 20an lau pertsona atxilotu eta gero—Xabier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria eta Igor Suberbiola—:«Halboka egitura bat da, aspalditik ezagutzen genuena». Poliziaren esanetan, Halbokaren egitura ikertu zuen Poliziak; horren barruan, ataletako bat zen «fronte juridikoa, erakunde abertzaleetatik gertuko abokatuek osatua». Ordea, ez zuen jakin horri buruzko xehetasun batzuk ematen; esaterako, Alfonso Zenon abokatuak galdetu zion zenbat abokatuk osatzen zuten «fronte juridiko» hori: «Ideiarik ez», izan zen erantzuna.
Era berean, baieztatu zuen CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zutela ikerketan: «Guk eskatzen genituen datuak ematen zizkigun CNIk; hitzordu bat bazegoen, CNIri eskatzen genion ea horri buruzko zerbait ba al zuten. Ematen ziguten elkarrizketa bat, baina soilik guk eskatutakoari lotutakoa».
«Polemika» dekanoarekin
G17180V zenbakidun guardia zibilaren txanda izan zen hurrena. Arantza Zuluetaren eta Naia Zuriarrainen atxiloketan eta horien bulegoen eta etxebizitzen erregistroan parte hartu zuen, eta atxiloketen eta Bilboko Elkano kaleko bulegoaren erregistroaren xehetasunak eman zituen: bulegotik aterarazi zituztela, eta «une oro» han egon zela idazkari judiziala. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoaren zain egon behar izan zuten, ordu erdi inguruz, eta poliziak aitortu zuen «polemika, eztabaida» izan zutela harekin, dekanoak protesta egin zuelako erregistroarengatik.
Amaitu dira aste honetakoak Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta epaiketak uztailaren 26an jarraituko du, guardia zibil gehiagoren deklarazioekin. Saio horietara ez dute joan beharko Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek, abokatuek eginiko eskaera Murillo epaileak aintzat hartu eta gero.
13/13 auzia. Poliziaren deklarazioak
Poliziak «zantzu» gisa lotu zituen ezizenak 13/13 auziko akusatuekin
Bi poliziak deklaratu zuten atzoko auzi saioan. Uztailaren 26an jarraituko du epaiketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu