Presoak etxeratzeko dinamika, abian

Sarek «ezinbestekotzat» jo du euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egotea. Ardatz humanista lehenesteko eskatu du

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, atzo, Donostian, Sareren agerraldian. JON URBE / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Etxerako bidean dinamika abiatu du Sarek. Iraganeko garaietarako diseinatutako euskal presoen aurkako salbuespenezko espetxe politika «amortizatzea» eta legedi arruntera egokitutakoa aplikatzea eskatu du. «Gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza» ardatz izango dituen eredu bat defendatu zuen atzo, eta, hain justu, bide horretan doaz Eusko Jaurlaritzak hartzear duen espetxe eskumenari buruzko ardatzak, herenegun Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak esan zuenez. «Behin ETAren jokabide zigorgarria desagertuta, presoen salbuespenezko tratu bat mantentzea ez da bateragarria zigorrak betearazteko printzipioarekin», adierazi zuen Artolazabalek herenegun.

Sarek prestasuna agertu dueuskal administrazioekin lanean segitzeko, gauzatzeko «espetxe-politika berri bat aplikatzea, humanista; aurretiaz kasuak banan-banan aztertuta, askatasunaz gabetzeko zigorren ordez, bizitzen ari garen egoerarekin bat datozen beste batzuk ezartzeko». Horregatik jo dute «ezinbestekotzat» euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.

Horrenbestez, dinamika berri bati ekin dio Sarek: Etxerako bidean. Lehentasunezkotzat jo dute gaixorik daudenak eta 70 urtetik gora dituzten presoak eta salbuespenezko legediak aplikatuz zigortu dituztenak etxeratzea. Sareren arabera, euskal presoen %90i irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketelako legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin.

Bestetik, euskal presoen heren batek baino gehiagok zigorraren hiru laurdenak bete ditu, eta salbuespenezko araudirik ez balego, baldintzapeko askatasunean leudeke. Gainera, gogora ekarri du zigorra osorik betetzeko euskal presoen aurka propio egindako 7/2003 lege organikoaren pean beste 60 bat euskal preso zigortu zituztela, eta Europako Batasunean egindako espetxe urteak ere ez dizkietela aintzat hartzen.

Bizikidetzarako pausoa

Etxerako bidean dinamika sustatuko dute, «gure herriak sufrimendu handia bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako, bizikidetza oinarri hartuta». Euskal presoak etxerako bidean jartzeko, eragile, sindikatu eta administrazio guztiekin elkarrizketan segituko duela berretsi du Sarek, baita presoekin eta biktimekin ere. Gogora ekarri ditu, halaber, 1987-1988an hasitako sakabanaketa politikaren ondorioz errepidean hildako hamasei pertsonak, eta sakabanaketaren ondorioz tratu «gizagabea» jasan duten ehunka lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.