Gregorio Vicario presoaren osasun egoeraz ohartarazi du Etxerat-ek

Bihotzeko ebakuntza bat egiteko erietxeratu dute. Beste lau preso Euskal Herriratuko dituzte

Sarek iazko irailean Bilbon eginiko manifestazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Etxerat-ek jakinarazi du Gregorio Vicario Durangoko presoa Burgosko espetxetik Leongo ospitalera eraman dutela bypass koronario bat jartzeko ebakuntza egin ahal izateko. Elkarteak azaldu du gaitzarekin lotutako lehen abisua 2020ko maiatzean eman zuela, denbora batez bularraldean mina izan ondoren, Topaseko espetxean zegoela. Ospitaleko azterketa baten ondoren, kartzelara itzularazi zuten berriro. Burgosko espetxean egon den denboran, Vicario larrialdietara eraman dute aurtengo urtarrilean eta otsailean, minagatik eta zorabioengatik. Joan den martxoan, kardiologiako kontsulta bat izan zuen, ekainaren 17an baieztatu baitzioten esfortzu proba bat egiteko itxaron zerrendan zegoela.

Urriaren 26an egin zioten proba hori, Burgosko ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Departamentuan, eta hedadura handiko iskemia larria atzeman zioten euskal presoari. Larri zegoela eta, azaroaren 3an kateterismo bat egin, eta stent bat jarri zioten. Euskal Herriko espetxe batera eramateko aukera ukatu egin diote orain arte. Joan zen uztailean, Tratamendu Batzordeak Euskal Herriko espetxe batera lekualdatzeko hartutako erabakiaren kontra, Burgosko espetxean gelditzeko agindu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak. 64 urte ditu Vicariok, eta 2001ean atxilotu zuten.

Etxerat-en esanetan, «espetxean oso baldintza txarretan egoteak eta duen adinak Durangoko presoaren osasuna apurka-apurka hondatzea dakarte».

Irkus Badillo, libre

Beste lau preso ekarriko dituzte Euskal Herriko kartzeletara: Santi Aragon Logroñotik Martutenera (Donostia); Juan Karlos Herrador, El Duesotik Basaurira (Bizkaia), eta Josu Ginea eta Iker Lima, berriz, Leondik Basaurira. Bestalde, Irkus Badillo baldintzapean aske geratu zen atzo, ia hemezortzi urtez preso egon ondoren. 2019ko otsailean bete zituen hiru laurdenak. BERRIAren zenbaketaren arabera, egun 72 euskal preso daude Euskal Herriko kartzeletan, eta, horiek eta aurrez iragarrita dagoen beste bat mugitzean, 77 izango lirateke jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.