Martin Villa: «Heriotzen erantzule politiko eta penala izan ninteke»

Martxoaren 3ko hilketez, ministro ohiak ukatu egin du gobernuak «plan sistematiko» bat eduki izana

Rodolfo Martin Villa, atzoko hitzaldian, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE.
jon olano
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohiak aitortu du Espainiako trantsizioaren jokalekuan 1976ko Martxoaren 3an eta 1978ko uztailaren 8an gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, baina gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala.

[YouTube]https://youtu.be/lV7r_O9acvg[/YouTube]

Forum Europa gosarian mintzatu da Martin Villa, Madrilen, Argentinako justiziak haren aurkako auzipetzea baliogabetu eta gero. «Defendatu dut neure burua inputazio pertsonaletan. Baina uste izan dut derrigortuta nengoela Espainiaren biziaren garai bat defendatzera», hasi da Martin Villa: «Heriotza horien erantzule politiko eta penala ere izan ninteke; posible zatekeen, erokeriak jota, egile materiala ere izatea. Baina ez da posible ni gobernu jakin batzuetako kide izatea, trantsizioan, eta gobernu horiek, akusazioak dioen bezala, plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat edukitzea gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda». Trantsizioa «justu kontrakoa» izan zela gaineratu du.

Memoria legeen aurka ere jo du Martin Villak: «Esan ohi da historialariek historia garaikidea lantzen dutenean oso zaila dela interpretazio politikoetan ez erortzea. Horrek erakusten du memoriaren kontu honek ez duela bertsio bakar bat, eta ia ezinezkoak direla memoria legeak». Erantsi du memoria araudi batzuen asmoa dela «trantsizioa ezabatzea, esanez diktaduraren jarraipen bat dela edo, okerrago, trantsizioan plan horiek egon zitezkeela».

Hitzaldian izan ziren atzo, besteak beste, Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohi eta PPko ministro ohia eta Jaime Mayor Oreja PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidente ohi eta Barne ministro ohia. EH Bilduk, berriz, «oso larritzat» jo ditu adierazpenak, eta eskatu du Villak agerraldia egin dezala Espainiako Kongresuan, azalpenak emateko. Berdin egitea galdegin dio Memoria Demokratikoko ministro Felix Bolañosi ere, adierazpenen harira Espainiako Gobernuak zer neurri hartuko dituen jakinarazteko. «Inpunitatea amaitzeko» eskatu du koalizioak.

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. 1975ean Sindikatuekiko Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta 1976an, Gobernazio ministro; garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren erantzukizuna egotzi izan diote. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule delakoan: 1978ko sanferminetan, German Rodriguezena, eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiko hiru langilerena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—. Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda izan ziren hilak.

Abenduaren 23an, ministro ohiaren aurka Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu zuen Argentinako Ganbera Kriminal Federalak. Maria Servinik auzipetu zuen Martin Villa urrian, baina hark helegitea jarri zion, eta tramiterako onartu zuen apelazio auzitegiak. Ebazpenaren arabera, «ez dago frogarik, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» ministro ohiari egotzitako delituen inguruan. Hala ere, Martxoak 3 eta Sanferminak 78 memoria elkarteek argi adierazi dute: «Auzibidea ez da bertan behera geratu; gelditu egin dute froga indartsuagoak aurkeztu arte; besterik ez. Martin Villa oraindik inputatuta dago gizateriaren aurkako delituengatik». Elkarteek azaldu dutenez, Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat aurkeztuko diote.

Kanpoan, protestak

Villaren hitzaldiak protestak eragin zituen eraikinaren kanpoaldean, talde memorialistek elkarretaratzea egin baitzuten haren aurka: «Gosari informatiboa soilik uler daiteke pertsona horrekiko atxikimendu gisa», ohartarazi du Ceaqua Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako Plataformak: «Ez dago Martin Villaren ibilbidea gogoratu beharrik: etorkizun handiko frankista gisa hasi zen, mugimenduaren buruzagi nazional gisa, Sindikatuekiko Harremanetarako ministro eta Gobernazio ministro trantsizioan, eta urte horietako mobilizazio handien arduradun».

Ibilbide horretan, elkarte memorialistek gogorarazi dute hura izan zela frankismoaren eta garai hartako Poliziaren artxiboak deuseztatzearen erantzule, eta, beraz, gaineratu dute atzoko ekitaldia «probokazio» bat eta «irain» bat dela, «40 urtez justiziarako sarbidea ukatu izanari gehitu beharrekoa». Hain justu, salatu dute trantsizioan «isiltasun eta zigorgabetasun itun» bat egin zela, «Martin Villa bezalakoek jaka aldatu eta boterean jarrai zezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.