Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Poliziaren buru izandakoa da Enrique Pamies. 30 urte egin zituen Euskal Herrian, baina haren izen-abizenak ezagunagoak egin ziren Faisan auzian; 2006ko maiatzaren 4an ETAri polizia operazio baten berri eman eta atxiloketak saihestu zituztelakoan, Auzitegi Nazionalak hemezortzina hilabeteko zigorra ezarri zien Pamiesi eta Jose Maria Ballesteros Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore ohiari. Orain, Pamiesek Euskal Herrian eginiko hamarkaden kontakizuna jaso dute Cómo luché contra ETA: de los años de plomo al caso Faisán (Nola borrokatu nintzen ETAren aurka: berunezko urteetatik Faisan auzira) liburuan, Pamiesen beraren narrazioan oinarrituta.
Pamies 1980ko hamarkada hasieran heldu zen Gipuzkoara, 21 urterekin, eta urte horietako bizipenez mintzo da liburuaren lehen orrietan; tartean, GALekiko iritziaz: «Ez nintzen GALen sorreran egon, eta ez nuen izan harremanik txikiena ere. Baina sortu zen zerbait egin beharra zegoelako, ezin zen onartu halako inpunitaterik Frantziaren aldetik. [...] Txapela ia hil arte zauritu zutenean [...] txanpainarekin egin nuela topa... Gerra bat zen». Halere, egun erretiratua dagoen poliziak aitortzen du zergatik ez zuen parte hartu GALen: «Zintzoa izango naiz: zergatik gutako asko ez ginen GALen sartu? Soilik, lurralde banaketa bat egon zelako: Gipuzkoa berdea zen [Guardia Zibila], Bizkaian urdina [Espainiako Polizia]... eta ni Donostian nengoen. Proposatu izan baligute, garai hartan ia guztiok onartuko genukeen, eta erabat doan... Euskal Herrian ez zegoen ez legerik, ez ezer. Baina egia da akatsak egin zirela, batez ere errekrutatutako jendearekin, horretan aritu zirenetako hainbaten motibazio gorena ez zelako patriotismoa izan, dirua baizik».
Garai hartako gobernuko buruzagien jokabidea ere gogoan du: «Poliziak lanean zeukan presioa jasanezina zen. Kuriosoa da orain oroitzea PSOEk gobernuan eginiko lehen hilabeteak. Atxiloketak zeudenean, eta ia astero zen hori, Julen Elgorriaga orduko gobernadore zibila batan jaisten zen, ikusteko nola tratatzen zitzaien... Horrela, 1984ko otsailera arte, Enrique Casas senataria hil zuten arte; orduan gauzak aldatu ziren. Horietako bat ukitu zuten. Ordutik aurrera ere jaisten jarraitzen zuen, baina jada beste modu batera». Pamiesen arabera, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkaria zen Barne Ministerioko kargu esanguratsuenetakoa: «Borroka antiterroristako lider bat zen. Hori bai; biei aitortu behar zaie, Verari nahiz [Barne ministro Jose] Barrionuevori, nahiago izan zutela kartzelan sartu inor salatu baino».
Atal horretan, ETAren aurkako borroka moldeaz gogoetatzen du: «Borroka antiterrorista da oinez ibiltzea ebaki egiten duen aho baten gainean. Alde batean legezkotasuna dago, eta, bestean, ilegaltasuna. Aurrera egiteko, batzuetan oina jarri behar duzu alde batean, beste batzuetan beste batean... Gezurra da esatea soilik zuzenbide estatuarekin terrorismoa amaitzen dela; herrialde bakar batek ere ez du horrela lortu, eta inork ez du zalantzan jartzen demokrazia aurreratuak direnik...».
Jopuntuak zabaltzen
Espainiako magistratura eta Polizia estrategia aldatuz joan ziren, eta ETAz haragoko erakundeak hasi ziren jopuntuan jartzen. Testuinguru horretan heldu zen Herri Batasuneko Mahai Nazionalaren aurkako operazioa, 1997an. Jauzi bat izan zen, baina Poliziari balio izan zion, aurrera begira, erreakzioak neurtzeko: «Operazio hura egin zenean, Xabier Arzalluzek, EAJren buruzagiak, esan zuen (atxiloketena) egia bazen, 'mendira jotzera behartuko gaituztela'. Kontua da ez zela ezer gertatu, lau manifestazioz harago. Gizartea ez zen mobilizatu, eta garrantzitsua izan zen hori frogatzea, terrorismoaren aurkako borrokaren ikuspegi berriarekin, argi zegoelako operazio sentsible gehiago egingo zirela».
Handik zazpi hilabetera gauzatu zituzten Egin egunkariaren eta irratiaren itxierak. Liburuko ataletako baten parte handi bat hartzen du operazio horrek, eta narratiba epikoarekin kontatzen du Paimiesek: «Gau hartan, Hernanik Normandiako lehorreratzea zirudien; [polizien zabalpen] izugarria zegoen eta Garzon Donostiara joana zen operazioa eremutik bertatik zuzentzeko... Egunkariak erredakzioa, administrazioa eta errotatiba zeuzkan nabean sartzera gindoazen, eta, gainera, Egin irratia eta Orain SA argitaletxea ixtera gindoazen. Adrenalina gorenean zegoen eta, sartu ginenean, bertan zeudenak neutralizatzen hasi ginen [...] Agindua zen errotatibek ezin zutela funtzionatu, baina ez genekienez erabiltzen, kide batek burnizko barra bat hartu zuen eta kolpeka hasi zitzaion hortik zegoen panel bati…». Antzematen da oroitzapen ona gordetzen duela Pamiesek: «Egia esan, gozatu zen harekin».
M-11: ETAren «harridura»
Euskal Herriaz harago, 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuez ere mintzo da Pamies, Euskal Herrian pilatutako esperientziatik abiatuta; liburuan dioenez, berak 08:15erako esan zuen hura ez zela ETAren eraso bat izan, eta horren berri zeukan Espainiako Gobernuak ere: «[Angel Acebes Barne ministroak] Guardia Zibilaren bidez jakin zuen —eta hala jakinarazi zien bere buruzagiei— ez zela ETA izan,[...] garai horretan kontrolatuta zeukatelako erakundearen arduradun nagusietako bat, eta entzun zuten nola zegoen beste guztiok bezain harrituta. Ministroari hori idatziz ere helarazi zioten... Dokumentu horren kopia bat Guardia Zibilaren oso goiko kargu baten horman egon zen itsatsita denbora luzez».
GAL, 'Egin' eta beste «gozamen» batzuk
Enrique Pamiesen narrazioan oinarritutako liburu bat plazaratu dute. EAEko poliziaburu ohiak dio GALen aritzeko prest zegoela eta 'Egin'-en itxierak «Normandiako lehorreratzea» zirudiela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu