Europarlamentari talde batek erabakitzeko eskubidearen aldeko caucus bat aurkeztu zuen urtarrilaren 20an, «estaturik gabeko nazioetako eta lurralde gatazkak dituzten nazioetako ordezkari» diren heinean, «komunitate horietako herriek askatasunez eta demokratikoki autodeterminaziorako duten eskubidea legez onartutako moduan aitortua izatearen alde» lan egiteko. Korsika, Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko bederatzi diputatuk osatu dute taldea: Pernando Barrenak (EH Bildu) eta Izaskun Bilbaok (EAJ) ez ezik, François Alfonsik (Regions et Peuples Solidaires), Chris MacManusek (Sinn Fein), Toni Cominek, Clara Ponsatik eta Carles Puigdemontek (Junts Per Catalunya), Diana Ribak eta Jordi Solek ere (ERC).
Zergatik, zertarako eta zein testuingurutan sortu dute taldea? Arrazoi ugari elkartu zaizkiela azaldu dio Barrenak BERRIAri. Horietako bat da Europako Parlamentuak Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia egitea onartu zuela iazko urtarrilean; konferentzia horren planteamendua oraindik zehazteke dago, baina antolatzea eta manifestua ezagutaraztea erabaki dute caucus-aren partaideek: «Momentu honetan badago hausnarketa bat, Europan integrazio prozesuaren hasieratik egon dena: integrazio prozesu hori noraino eraman behar den. Horren inguruan iritzi oso ezberdinak egon dira». Bi joera bereizten ditu: «Batzuek bilakaera mugatu nahi dute, pentsatuz estatuek ezin dutela protagonismoa galdu eta Europa koordinazio ente bat izan behar dela; beste batzuek pentsatzen dute estatuek joan behar dutela eskumenak delegatzen, beren gainetik egon beharko lukeen gainegitura batengan».
Eztabaida hori «oso diferentea» begitantzen zaio Barrenari estatu bat izanda edo ez: «Ezin dugu eztabaida horretatik ihes egin. Euskal herritarron kasuan, ez gara estatu bat, baina pentsatu behar dugu nola intziditu eztabaida horretan, eta zer daukagun eskaintzeko europar integrazioari, betiere eskubide demokratiko batzuk aldarrikatuta estaturik gabeko nazioentzat; gehienbat, erabakitzeko orduari dagokionez». «Hausnarketa informalen» bidez joan zen caucus-aren ideia mamitzen, ikusita Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia osatzeko erabakian estaturik gabeko nazioen errealitatea ez dela «inondik ere» jasotzen.
Europaren geroari buruzko eztabaidan burujabetzaren gaia sartzeko aukerak aztertu nahi dituztela nabarmendu du Bilbaok ere, eta gogora ekarri du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente ohiari irtenbide proposamen bat aurkeztu ziola 2017ko udazkenean, Kataluniako autodeterminazio erreferendumaren ostean. Bilbaok uste du Europak ezin diola izkin egin eztabaida horri, eta «soluzio politikoak bideratzeko» tresna bat behar duela: «Horrelako errealitate politiko bat badago estatu baten barruan, eta, estatuak berak soluziorik ematen ez badu, tresna bat sortu behar da Europa mailan, konponbidea emateko, irizpide jakin batzuekin».
Izan ere, gogoan du Europako Batzordeak orain arte hartu izan duen posizioa: «Espainiako kasuan beti erantzun du hori estatu bakoitzak konpondu beharrekoa dela, baina Eskoziaren kasuan, erreferendumaren ostean, Europako Batzordea agertu zen zerbait esatera». Uste du maila europarreko auziak direla: «Pentsa dezagun Eskoziak erreferendum bat egiten duela eta gehiengoak independentziaren alde egiten duela; berriro Europako kide izaten jarraitzeko eskatzen badute, nork esango die ezetz? Europaren arazoa ere bada».
Bilbaoren esanetan, proposamenaren mamia ez da «gatazkak sortzea, soluzio bat bideratzea baizik, gutxienez, normaltasun osoz eztabaida bat planteatzeko». Bat dator Barrena, azalduta iritzi publikoan Argitasun Legearen ideia txertatzen hasi nahi dutela caucus-aren bidez: «Estaturik gabeko nazioak bagara Europan, oinarrizko parte kontsideratzen gara eta izaten jarraitu nahi dugu, eta Europak lagundu egin behar du modu demokratikoan helburu horiek bete daitezen eta legalki aurrera eramatea posible izan dadin, betiere joko demokratikoa, nazioarteko legalitatea eta Nazio Batuen Erakundearen jurisprudentzia errespetatuta».
Subiranistek, elkarren berri
Taldea eratzeko, beste aldagai bat ere hartu dute aintzat, Barrenaren hitzetan: prozesu subiranisten arteko koordinazioa: «Ohartu ginen hainbat prozesu subiranista irekita daudela, intentsitate desberdinekin». Aipagai ditu Katalunia, Eskozia, Irlandaren batasunerako egin litekeen erreferenduma, Flandriako eta Euskal Herriko mugimendu subiranista «oso potenteak» eta beste batzuk «intentsitate baxuagokoak, baina momentu honetan indar handiz proiektatzen ari direnak»: kasurako, Korsika eta Gales: «Erabaki genuen mugimendu horiek ezin genuelaplanik egin lehen eskuko informazioa, kontaktuak eta kontrasteak eduki gabe».
Hortaz, nahi dute talde sortu berriak balio izatea jakiteko zeintzuk diren asmoak edo espektatibak, «bakoitzak bere planak egin ditzan, kontuan hartuta ulergaitza eta indar xahutze ikaragarria dela Euskal Herrian subiranistok planak egitea katalanek edota eskoziarrek epe laburrean zer asmo daukaten kontuan hartu gabe».
Oraingoz bederatzi kidek osatzen dute taldea, eta espero dute datozen asteetan egitea lehen bilera. «Hor hasiko gara zehazten zeintzuk izango diren lehen ekinaldiak; konferentziari begira, gauzak ordurako mamitu badira». Caucus bera ezagutarazteko ekinaldiak ere abiatu nahi dituzte, eta aztertuko dute zer aukera dauden diputatu gehiago sartzeko taldean; esaterako, Galesko eta Eskoziako diputatuak.
Burujabetzak Bruselako agendara
Erabakitzeko eskubidearen aldeko 'caucus'-a osatu dute bederatzi eurodiputatuk. Xedea da Europaren geroaz eztabaidatzean burujabetza auziak agendan sartzea eta mugimendu subiranistak «koordinatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu