Eusko Legebiltzarrak «utzikeria politikoa» ikusi du jangelen auzian

Ikerketa batzordeak gaur onartuko du ondorioen txostena, oposizio osoaren babesarekin

Eskola bateko jangela, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletan zerbitzua eman izan duten catering enpresen auzia aztertzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako batzordeak egin ditu bereak. Gaur arratsaldeko bileran onartuko dute ikerketa bukatu ondorengo txostena, oposizioaren aldeko botoekin. EH Bilduko Larraitz Ugartek izan du idazteko ardura, batzordeko presidente izan baita. Txostenaren arabera, frogatutzat jo da iruzur egin zuten enpresa horien kontratazioak 70 milioi euroren gainkostua eragin diola administrazio publikoari. Baina, era berean, ukatu egin du enpresek eta agintari politikoek jarrerak hurbildu izana. Hala ere, egotzi die erantzukizunik: kontrol falta leporatu die. Zehatz esateko, txostenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak «erantzukizun teknikoa» du, baina ez politikoa.

Txostena eta zuzenketak hauteskundeen ostean bozkatzea adostu zuten alderdiek. EAJk, PSE-EEk eta PPk elkarrekin aurkeztutako osoko zuzenketa eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako partzialak bozkatuko zituzten. Baina azkenean PPk atzera egin zuen, uste zuelako osoko zuzenketa horrek «Eusko Jaurlaritzak auzian duen erantzukizuna saihestuko» zuela. Egoera horretan ez zuten ezer onartuko; beraz, atzeratu egin zuten bilera. Orain, PPk esan du Ugarteren txostena onartuko duela, Elkarrekin Podemosen zuzenketa partzialekin. Besteak beste, txostenak gainkostu handiagoa izango du zuzenketen ondorioz —70,8 eta 80,2 milioi euro artean—, eta «arduradun batzuek erantzukizun politikoa izan zutela, utzikeriagatik». Ikertutako urteetan EAren, PSE-EEreneta EAJren ardurapean egon da saila.

Gobernua, PPren aurka

Gobernuari eusten dioten bi alderdiak haserretu egin dira txostenagatik eta PPk jarrera aldatzeagatik. David Latxaga eta Mikel Arruabarrena jeltzaleek eta Jose Antonio Pastor sozialistak agerraldi bat egin zuten atzo goizean, hirurek elkarrekin. Uste dute txostenaren asmo «bakarra» gobernuari «kalte» egitea dela. «Aurretik idatzita zeukaten gidoia publiko egiteko antzerkitxoa izan da batzordea», salatu zuen Pastorrek. Legebiltzarkide jeltzaleek egin zuten berba PPren aurka. Latxagaren esanetan, popularrek «mendeku hutsez» jokatu dute, «haserre» baitaude EAJk Guardiako eta Bastidako (Araba) alkatetzak lortu dituelako, gehien bozkaturiko alderdia PP izan arren. Borja Senper legebiltzarkide popularrak erantzun zien: leporatu zien adierazpen horiekin kea sortu nahi izan dutela gobernuaren kudeaketa «negargarri eta lotsagarria» ezkutatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.