Lankidetzaren bidez euskara nola sustatu

Eskolaz kanpoko eragileen garrantziaz jardun dute Gasteizen. Barakaldoko eta Zaldibiako esperientziak azaldu dituzte, besteak beste

Eskola hiztun bila jardunaldiak, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eskolan ez ezik, eskolatik kanpo ere berebiziko garrantzia dauka euskararen erabilera sustatzeak. Ideia horrekin bat dator hezkuntza komunitatea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako 2022ko Eskola hiztun bila jardunaldietan atzo agerian geratu zenez. Helburu horri helduta lanean ari diren Euskal Herriko hainbat ikastetxek euren esperientzien berri eman zuten topaketetan, eta guztietan izan zen elementu komun bat: eskolaren eta bestelako eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa da hizkuntzaren erabileraren ahulguneak detektatzeko eta euskara indartzeko.

Ikusi gehiago:«Eskolaz kanpoko jarduerek arigune izan behar dute»

«Lankidetza ezinbestekoa da euskararen erabilerari heltzeko», laburbildu zuen Guruzne Arregi Barakaldoko (Bizkaia) Minas ikastetxeko zuzendariordeak. D ereduko ikastetxea da Minas, eta 550 ikasle ditu, jatorri askotakoak. Euskara ez da ikasle askoren ama hizkuntza, eta, hargatik, haien artean euskararekiko atxikimenduan eragiten saiatzen ari dira, hainbat proiekturen bidez. Zeregin horretan Barakaldoko Udalarekin batera ari dira lanean. «Euskararen erabilera ludikoa sustatzen saiatzen gara, batez ere gaztetxoen artean atxikimendu positiboa lortzeko», azaldu zuen Jon Alonso Barakaldoko Udaleko euskara teknikariak. Jakinarazi zuenez, Barakaldoko herritarren %25 inguru dira euskaldunak, baina herriko gazteen artean euskararekiko atxikimendua «urria» da, batez ere eremu akademikora mugatuta dagoelako. Hori iraultzeko bideak jorratzen ari dira udala eta eskola, elkarrekin.

Lankidetza horren ondorioetako bat dira Menia ikastetxean LHko eta DBHko ikasleentzat abian dituzten bi programa. Bertsolaritza sustatzeko da bata, eta ikasleak euskararen sustapenaren erreferente bilakatzeko bestea. Arregik azpimarratu zuenez, irakasleek ardura hartu dute gazteen artean euskal kulturaren transmisioan eragiteko, eta programa horiek «ale» bat dira bide horretan.

«Kontzesio» hitza, askotan

Oso bestelako errealitatea bizi dute Zaldibian (Gipuzkoa). «Arnasgune» batean dago D ereduko Lardizabal ikastetxea, baina, azken urteotan izan diren aldaketa soziologikoen ondorioz, bertan diren umeen herenek atzerrian jaiotako gurasoak dituzte. Garikoitz Goikoetxea Uemako euskara teknikariak azaldu zuenez, atzerriko gurasoen etorrerak hizkuntza kudeaketarekin lotutako «tentsioak» eta «kezkak» sortu izan ditu guraso batzuen artean. Egoerari konponbidea bilatzen saiatu dira ikastetxean, eta lankidetzan topatu dute horretarako bidea: eskolak saio bat antolatu zuen Amelia Barquin irakaslearekin eta beste eragile batzuekin arazoari soluzioa emateko asmoz, eta elkarlan hori «funtsezkoa» izan da euskaraz ez dakiten gurasoekin komunikazioa bermatzeko, euskaraz ez dakitenen eskolako parte hartzea handitzeko eta komunitatean «giro abegikorra» sustatzeko.

Hiru izan dira gakoak, Goikoetxearen esanetan: elkarrizketa, akordioa eta lelo honi jarraitzea: «Pixka bat amore eman, dena ez galtzeko». Ikastetxeko zuzendaritzaren inplikazioa, halaber, ezinbestekoa izan da. «Kontzesio hitza askotan erabili dugu, eta funtsezkoa izan da gure agendan», erantsi zuen Eider Amundarain ikastetxeko zuzendariak.

Hala, Zaldibiako eskolan formatu berriak asmatu dituzte euskara ez dakiten gurasoei begira: besteak beste, ikastetxeak antolatutako saioetan aldibereko itzulpena egiten hasi dira Telegramen bidez. Lau helburu lortu dituzte horrela: bilera ohiko denboran egitea, guraso guztiak elkarrekin egotea, itzultzaile bakarra erabiltzea eta jarduera euskaraz egiten dela ziurtatzea. Horrez gain, gelako Telegram taldeak eratu dituzte, eta, horietan euskara bada ere hizkuntza nagusia, ez dakienak aukera du itzulpen automatikoa erabiltzeko.

Aldaketa horiek abiarazi aurretik, ikastetxeak «ahalegin handia» egin zuen horien atzean zeuden motiboak azaltzeko, batez ere jatorri atzerritarreko sendiei. Aurrerantzean ere kulturartekotasuna eta euskara uztartzeko bidean sakontzen jarraituko dute Zaldibian, eta abiatutako aldaketetan pausoak emateko eta sendotzeko asmoa dute, Goikoetxeak azpimarratu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.