Joaquin Fernandez Eraso. Nafarroako Elikagaien Bankuko lehendakaria

«Batzuek ez dute gurekin lan egin nahi arrazakeria edo aporofobiagatik»

Hilean 300 tona janari biltzen du elikagaien bankuak, bazterketa egoeran direnei emateko. Aurten, zailtasunak izan dituzte laguntza lortzeko.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gaur eta bihar, bilketa handia esaten dioten egitasmoa eginen dute Nafarroako supermerkatu eta saltoki handi gehienetan. Nafarroako Elikagaien Bankuak urtean bitan antolatzen du, bazterketa egoeran diren familientzako produktuak biltzeko. Horren antolaketan buru-belarri ibili da Joaquin Fernandez Eraso (Iruñea, 1947), elikagaien bankuko lehendakaria.

Noiz hasi zineten elikagaien bilketa handia antolatzen?

Duela hogei urte baino gehiago egin genuen lehena, bankua sortu eta denbora gutxira. 1995eko abenduan hasi ginen elikagaien bankuan lanean, eta handik urtebetera edo urte eta erdira antolatu genuen lehen bilketa handia.

Ekarpen handia egiten du jendeak kanpainak irauten duen bitartean?

Laguntza handia da, bai. Bilketa bakoitzean, batez beste 300 bat tona elikagai jasotzen ditugu, eta, kontuan izanda urtean bitan egiten dugula, 600 bat tona janari banatzeko aukera ematen digute kanpaina horiek. Dena den, datuak testuinguruan kokatzeko: Nafarroako Elikagaien Bankuak hilabete bakoitzean biltzen ditu 300 tona elikagai, eta urtean 28.000 bat pertsonari ematen diogu laguntza. Hortaz, bilketa handiak hauspoa ematen digu, eta asko eskertzen dugu laguntza hori, baina ez da gure jardunaren oinarri bakarra. Etenik gabeko lana da.

Horrez gain, kontzientziazioa eta ikusgarritasuna ere emanen dizue bi eguneko egitasmo honek, ezta?

Bai, alde horretatik oso positiboa da, jendearen arreta erakartzea lortzen baitugu. Normalean, gizarteak pobrezia ez du sumatzen gertuko arazo baten edo orain eta hemen gertatzen ari den fenomeno baten gisara. Badaki hor dagoela, baina ezikusiarena egiten du, edo, arazo global bat delakoan, ez du neurririk hartzen. Guk garrantzia ematen diogu auziari, eta jendeak, oro har, ongi erantzuten du.

Hala ere, bada zuen lanarekin ados ez dagoenik ere...

Bai, gero eta ugariagoak dira gure kontrako mezuak. Esaten digute ez genukeela elikagairik banatu behar, edo gutxienez bakarrik «tokikoei» eman beharko geniekeela... Denetarik aditu dugu.

Azken urteetan halako jarrerek gora egin dutela nabaritu duzue?

Tamalez, bai. Aurten, lehen aldiz, boluntarioak falta izan zaizkigu bilketa handiari aurre egin ahal izateko. Berrehun boluntario inguru gehiago beharko genituzke lana baldintza onetan egiteko, baina askok ez dute parte hartu nahi izan.

Zergatik ez?

Emandako argudioetan aporofobiaren eta arrazakeriaren zantzuak antzeman ditugu. «Etorkinek errenta bermatua jasotzen dute, eta gainera janaria pagatu behar diegu?», «askok janaria botatzen dute», «laguntzetatik bizi dira»... Halakoak entzundakoak gara lehendik ere, baina aurten arazoak gainezka egin digu. Mito eta zurrumurru asko zabaldu dira pobreen eta batez ere etorkinen kontra.

Adibidez?

Bada, whatsapp taldeetan eta sare sozialetan bolo-bolo ibili dira argazki batzuk, zeinetan ikusten baitira guk banatutako elikagaiak zaborretan botata. Halakoak erabiltzen dituzte froga gisara, diskurtso arrazista horiek justifikatzeko. Elikagaien bankuko erabiltzaileren batek noizbait janaria bota duela? Eta zer? Halako zenbat kasu daude Nafarroan? Hamar? Ehun, asko jota? Milaka eta milaka erabiltzaile direla kontuan hartuta, hori ez da deus. Baina halakoak izan ohi dira zurrumurruak: salbuespen bat hartu, eta arazo orokortu bat balitz bezala aurkezten dute.

Saiatu al zarete halako mezuak gezurtatzen?

Bai, baina oso zaila da horri aurre egitea. Guk familientzako arreta guneak ditugu San Adrianen, Tuteran, Barañainen eta Iruñeko Buztintxuri auzoan. Udal bakoitzeko gizarte zerbitzuek gune horietara doazen familien eta erabiltzaileen kontrola daramate, hainbat faktoreren arabera: familiako kide kopurua, baldintza sozioekonomikoak, dieta osasuntsua... Bakoitzak behar dituen elikagaiak hartzen ditu, ez gehiago. Oso zaila da iruzur egitea. Saiatu gara hori azaltzen, baina egia konplexua da, eta zurrumurruak zabaltzea, berriz, erraza.

Bankua erabiltzen dutenen kopurua aldatu da azken urteetan?

Bai. Azken urteetan, behera egin du erabiltzaileen kopuruak, eta soslaia ere aldatu da: duela zenbait urte, gehienak etorkinak ziren; gaur egun, berriz, migratzaile kopuruak behera egin du oro har, eta Nafarroan jaiotakoak dira ugarienak. Ezaugarriak aldatudira, baina arazoak bere horretan dirau: pobrezia maila neurtzen duen Arope indizearen arabera, Nafarroan 86.000 pertsona daude pobrezia edo bazterketa arriskuan. Guk 28.000ri ematen diegu laguntza. Atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.