Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Diru-sarrerak bermatzeko eredu berri baten bila

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bukatzear dagoen legealdi honetan diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreforma izan da protagonista Euskadin. Legebiltzarrean erreforma proposamena aurkeztu arren, ez da aldaketarik egin, alderdiak ez baitira erreformaren inguruan ados jartzeko gai izan. Horren ostean, legealdi berrian eredu horren erreforma izango da berriz zalantzarik gabe eztabaidagai.

Erreforma hau, ordea, oso testuinguru ezberdinean gauzatuko da. Alde batetik, gizarte beharrak goitik behera aldatu dira: azken urteetan diru-laguntza honen eskaria murriztu egin bada ere, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak nabarmen igoko ditu jasotzaileen kopurua eta laguntza hau ordaintzeko beharko diren aurrekontuak. Bestalde, Espainiako Gobernuak bere diru-laguntza propioa sortuko du —Ingreso Mínimo Vital delakoa—, datorren astean bertan, agidanez. Laguntza honen xehetasunak ez badira azaldu ere, badirudi gaur egun Euskadiko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) edota Nafarroako Errenta Bermatuak (EB) Estatuak emandako diru-laguntza osatu egingo dutela, gure lurraldeetan bermatzen diren kopuruetara heldu arte. Euskadiko eta Nafarroako diru-laguntzen aurrekontua nabarmen gutxituko da, beraz, bertako erakundeek lortzen badute behintzat —iraganean antzeko kasuetan gertatu den bezala— Espainiako Estatuak hartzea gastu berri hori bere kargu.

Aldaketak ez dira hor bukatzen: epe luzera bada ere, Gizarte Segurantzaren prestazioen kudeaketaren transferentziak gai honen inguruan dauden aukerak zabalduko ditu, oraindik antzematen ez diren bideak irekiz. Azkenik, litekeena da indar korrelazio berriak egotea Legebiltzarrean, erreforma erraztu dezaketenak eta, nahitaez, baldintzatuko dutenak.

Erreforma hori gauzatzean komenigarri litzateke bi elementu hartzea kontuan. Alde batetik, mende honetan izan diren bi krisien eraginez, lanaren munduaren aldaketa: sarritan esan da lanak ez duela honezkero gizarteratzea bermatzen. Argi dago, behintzat, lana eta langabezia ez direla —lehen bezala— kategoria urrunak eta, gaur egun, pertsona ugari bizi dela etengabe bata eta bestearen artean, langabezia eta epe motzeko lan kaxkarrak tartekatuz.Egoera horretan, baldintzarik gabeko errenta unibertsal bat behar ez badugu ere, gaur egun indarrean dauden diru-laguntzak arinago eta errazago jasotzeko baldintza gutxiago eskatuko dituzten ereduak beharko ditugu.

Bestalde, diru-laguntza sistema osoaren kudeaketa ordenatzeko eta berrantolatzeko premia argia da. Gaur egun, Gizarte Segurantza, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiek eta udalek ematen dituzte pobreziaren aurkako laguntzak. Foru ogasunek ere gutxi ezagutzen den dirutza gastatzen dute —edo kobratzeari uko egin— indarrean dauden kenkari fiskalen bidez, errenta oso txikia duten hiritarrak kenkari horietaz baliatzen ez direlarik. Behar-beharrezkoa izango da epe motzera euskal erakundeek IMV berri hori kudeatu ahal izatea; epe ertainera, komenigarri litzateke euskal erakundeek gizarte alorrean ematen dituzten diru-laguntza eta kenkari fiskal guziak ahal den neurrian bateratzea, beste herrialde askotan egiten den moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.