Susmoak, txosten baten argitara

EHUren Unesco katedraren txosten baten arabera, Pasaiako sarraskiaren auzian ez zen «ikerketa judizial eraginkorrik» egon. Txostena 2020ko martxokoa da, baina senideek orain izan dute haren berri: «Minduta gaude»

Sarraskia gertatu zen lekua, Pasaian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gaurkoaren moduko egun batez, 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Poliziak segada bat egin zuen Pasai Donibanen (Gipuzkoa), eta Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen: Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura. 39. urteurrena albistez beterik iritsi da: alde batetik, martxoaren 28an identifikazio proba egingo dute Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegian, eta sarraskian parte hartu zuten polizietako baten bat identifikatzen ahaleginduko da Joseba Merino, segadatik bizirik irten zen militante bakarra. Beste alde batetik, oraindik orain auziari buruzko txosten baten berri izan dute hildakoen senitartekoek, eta han azaltzen da ez zela egon «ikerketa judizial eraginkorrik».

Txostena ez da oraingoa: 2020ko martxokoa da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzak eskatuta. Baina biktimen senideek duela gutxi izan dute horren berri, eta horrek harritu ditu gehien: orain arte horretaz ezer jakin ez izanak, are gehiago kontuan hartuta txostenaren gomendioetako bat dela ikerketa ezagutaraztea.

Pasaiako sarraskiko biktimen senideek bilera izan zuten joan den martxoaren 3an Jaurlaritzaren teknikariek osatutako batzorde batekin, auziaz hitz egiteko, eta bileraren amaieran eman zieten txostena. Irakurri zutenean, «harriturik» lotu ziren, baita «minduta» ere, Dionisio Aizpururen anaia Pello Aizpuruk azaldu duenez: «Nola liteke txosten hau hiru urtez kaxoi batean egon izana? Han azaltzen diren gomendioak irakurrita, nola liteke ezer ez egitea eta gu jakinaren gainean ez jartzea? Hau al da gurekin portatzeko era?».

Txostenaren hitzaurrean egileek argi utzi dute haien asmoa ez dela «gertaerak behin betiko argitzeko ikerketa» egitea, eta horretarako modurik, ahalmenik eta baliabiderik ere ez dutela, baina auziaren inguruan dauden informazioak bildu dituzte afera zertan den jasotzeko, eta ondorio batzuetara ere iritsi dira.

Datorren larunbatean, martxoak 25, gertatutakoa argitzeko eskatuko dute ekitaldi baten bidez Azpeitian, Azoka plazan, 19:00etan. Ekitaldi horretan, senitartekoek orain ezagutu duten txosten horren inguruko iritzia emango dute.

EXEKUZIOAREN HIPOTESIA

Txostenaren arabera, zantzu ugarik seinalatzen dute «epaiketarik gabeko exekuzioaren» hipotesia: autopsiak, hildako gazteek armak erabili zituztela frogatu ez izana, bertsio ofiziala gezurtatzen edo zalantzan jartzen duten testigantzak, operazioan parte hartu zuten agenteen nortasuna isilpean gorde izana, eta Poliziaren arduradunen ahaleginak auzibidea «atzeratu eta oztopatzeko», besteak beste.

Susmo horien aurrean, estatuak, justizia administrazioaren bitartez, «ikertzeko prestasuna eta ardura» erakutsi behar zuen, baina kontrakoa gertatu zen: «Auzibidea luzatu zuten, porrot egin zuen arte».

IKERKETARIK EZ

Horixe da, hain zuzen ere, txostenaren egileek nabarmendu duten gako nagusia: «Ikerketa judizial eraginkorrik» egon ez izana. Txostenaren arabera, estatu demokratikoak behartuta daudeherritarren bizia bermatzera, «estatuari zilegitasuna ukatu eta legetik at kokatzen diren herritarrena ere bai», eta giza eskubideen urraketa larriak ikertu behar ditu, batez ere estatuaren agenteak urraketa horietan nahasturik agertzen direnean.

Txostenaren egileek diotenez, ikerketa abiarazteak ez du esan nahi horren ondorioak derrigorrez bat etorri behar duenik «ustezko biktimen hipotesiarekin», edo zigor epaia ekarri behar duenik ezinbestez; baina, edonola ere, ikerketa horrek «zorrotza, independentea, azkarra, publikoa, biktimaren senideei irekia, eta indarraren erabilera justifikaturik ote zegoen ebazteko modukoa» izan behar du. Txostenaren argitara, badirudi horrelakorik ez zela egon Pasaiako sarraskiaren auzian.

HIRU MUGARRI

Espainiako justizia administrazioak auzi honetan erakutsitako pasibotasuna ilustratzeko, prozesuaren hiru mugarri nabarmendu dituzte txostenean: batetik, sarraskia jazo eta hiru hilabetera auzibidea artxibatu izana «operazioaren ondorio larriak gorabehera»; bestetik, 1986an Rosa Maria Jimenori eta Joseba Merinori deklarazioa hartu ostean fiskaltzak «ikerketa sustatu» ez izana: «Jarrera proaktiboa izan beharrean, fiskaltza edozein ikerketa egitearen aurka azaltzen da ia beti».

Azkenik, 2016an auzibidea artxibatzeko Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabilitako argudioetan «bere burua justifikatzeko xedea» dagoela uste dute txostenaren egileek, eta, adibidez, deigarri egiten zaie Polizia gai ez izatea Pasaian tiro egin zuten agenteak identifikatzeko, eta auzitegiak hori ontzat ematea.

Oztopo horiek guztiak ikusita, txostenaren egileek uste dute zalantzak «ugaldu» baino ez direla egiten: «Giza eskubideen urraketa larriaren kasu paradigmatiko baten aurrean gaude».

POLIZIAREN JARRERA

Txostenean, justizia administrazioak izandako jarrerari buruzko zalantzak agertzen dira, baina Poliziaren jokabidea ere ez dago kritikatik salbuetsita. Txostenaren egileen ustez, ez da «sinesgarria» inork ez jakitea nor izan zen operazioaren arduraduna eta nortzuek parte hartu zuten tiroketan. Txostenean jaso denez, hura idatzi zuten arte lau polizia baino ez zituzten identifikatu, eta haietatik inork ez zuen parte hartu ikertutako gertaeretan, eta ez zuten baliozko informaziorik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.