Espainiako Senatuak gobernuari eskatu dio aitortu dezala Gernikaren (Bizkaia) 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan «armada matxinoaren eta ondorengo gobernu frankistaren erantzukizuna, eragindako kaltea eta oinazea, zibilen aurkako aire eraso guztien sinbolo gisa». Horretarako, gobernuari eskatu dio ekitaldi «esplizitu» bat antolatu dezala Gernikako bonbardaketa oroitzeko, «elkarbizitzaren eta askatasunaren defentsan eta memoria ekintzen markoan».
EAJk aurkeztutako mozio baten erdibideko zuzenketa bat da Senatuan bozkatutakoa, eta aurrera atera da; besteak beste, PSOEk, EAJk eta EH Bilduk adostu dute. Hasierako proposamenaren asmoa zen gobernuak barkamena eskatzea Gernikako herriari, baina azkenean esaldi hori ordezkatu egin dute Gernika «zibilen aurkako aire erasoen ikur» jotzearekin. Era berean, «matxinatu frankistek eta haien aliatuek hiribilduko biztanleriaren, Espainiako II. Errepublikako Gobernu legitimoaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurka» egindako erasoa ere gaitzetsi du Senatuak.
Mozioa herenegun eztabaidatu zuten, eta atzoko saioan onartu zuten: aldeko 152 boto jaso zituen —besteak beste, PSOE, EAJ, ERC, EH Bildu eta Geroa Bairenak—, 106 kontra —PP, Vox eta UPNrenak—, eta hiru abstentzio. Herenegungo eztabaidan, Estefania Beltran de Heredia EAJko bozeramaileak azaldu zuen batasuna bilatu dutela zuzenketarekin: «Beharrezkoa da egungo gerraren aurka batasuna erakustea, baina baita iraganeko gerren aurrean ere».
Duela bi aste 85 urte bete ziren Alemaniako Kondor Legioak, italiarren abiazio faxistaren laguntzaz, Gernika bonbardatu zuenetik. Gainera, mende laurdena bete zen Alemaniak eraso horregatik barkamena eskatu zuenetik. Iragan apirilaren 26an, ikusmin handia sortu zuen Espainiako Gobernuak ere ekitaldira ordezkaritza bat bidali izanak eta lore eskaintzan parte hartu izanak. Han izan ziren Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako duen ordezkaria eta Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikorako idazkaria. Haiek ere lore sorta bat ekarri zuten, Espainiako banderaren koloreak zituen xingola batekin.
Radio Euskadin gaiaz galdetuta, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du EAJ «erabat oker» dabilela Pedro Sanchezen gobernuari galdeginez barkamena eskatu dezala; «zentzugabekeria bat» litzateke hori Anduezarentzat, uste baitu egungo gobernua Espainiako bigarren errepublikaren «oinordeko legitimoa» dela. Are, jeltzaleei egotzi die «historia berridazten saiatzea», eta gaineratu du EAJk ere alderdi barruan begiratu behar duela, «bere abizenetako asko» erregimen frankistaren parte izan zirelako.
«Keinu bat»
Baina memoria ekitaldiak egitearen alde agertu da Andueza: «Sinbologia egiten erraza da, eta keinu baten bidez min handia konpon daiteke». Haatik, kexu agertu da Gernika-Lumoko udal gobernuaren jarrerarekin; izan ere, gogorarazi du «bonbardaketaren ondoren fusilatutako bi pertsonak» bi sozialista izan zirela eta horiei erreparazioa emateko ekitaldi bat egin litekeela, baina arbuiatu du udalak ez duela «inolako interesik» hori egiteko.
Gernikari aitortza ekitaldi bat egitea galdegin du Espainiako Senatuak
Sanchezen gobernuari eskatu dio «armada matxinoaren erantzukizuna eta kaltea» aitortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu