Astebete iragan da krisia piztu zenetik, eta Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko diputatuak bi urte eta erdiz alderditik at geratzeko bidean dira. Haiek bereganatu dute arreta guztia, baina horrek ez dezala balio hatz mediatikoaren atzean dagoena ezkutatzeko. Batetik, Espainiako Gobernuak eta PSOEk UPNrekin akordioa lortu zuten lan erreformaren inguruan, eta, atzo, akordio horren nondik norakoak ezagutarazi zituzten. Bestetik, lurrikara politikoa eskuinaren eremuan oharkabean igarotako indar tektonikoen arteko tentsioaren emaitza izan zen. Bi diputatuak izan ziren krisia azaleratu zeneko epizentroa, baina krisiaren beraren sorburua, hipozentroa, Navarra Suma izan da egiazki. Eskuineko koalizioa hilotz politiko bat da. Edo hori dirudi.
ZER DIO AKORDIOAK?
Otsailaren 3ko arratsalde gorabeheratsu hartan agerian geratu zenKongresukoak errebotea izango zuela Iruñeko Udalean: PSNk onetsi zuen Navarra Sumak proposatutako aurrekontuen aldaketa bati baiezkoa ematea eta Enrique Maia alkate eta UPNko presidenteordea ez gaitzestea. Akordio haren bigarren zatiaren berri izatea falta zen. Geroa Baik eta EH Bilduk haren edukia argitara ateratzeko deia egin diete sozialistei behin eta berriz, baina horiek entzungor egin diete.
Diario de Navarra-k ezagutarazi zuen gainerakoa, atzo. Egunkari horren arabera, ongietorriak legez zigortzeko aldaketa bat jaso zuten akordioan. Halaber, Madrilgo gobernuak konpromisoa hartu zuen txosten bat egiteko, Tuteran trenbidea erdigunetik ateratzeko aukera aztertze aldera. Azkenik, Ebroko Ur Konfederazioarekin adostuta, Nafarroako ibaiak «ingurumen iraunkorreko irizpideen» arabera garbitzea jaso zuten.
GAIZKI ATERA AL ZAIO JOKALDIA UPN-RI?
Alde batetik, bai. Sozialisten aurrean emandako hitza jan du, eta bere sinesgarritasuna kolokan jarri da, etorkizunera begira. Akordioaren edukia ere ez da lorpen handi bat, eta, gainera, bertan behera geratu da. Dena den, politikoki ez zaio hain gaizki atera jokaldia. Berriro ere agerian utzi du Espainian baldintzak aldatzen badira PSOEk lasai aski eman dezakeela lema kolpea. Nahiz eta ez den gutxietsi behar PSNk legealdi honetan egindako norabide aldaketa, akordioak agerian utzi die bazkideei ez dela atzeraezina. Sozialistak, gainera, eroso nabari dira zentraltasun posizioan; ezker-eskuin adosteko gai direla erakutsi nahi izan dute.
ZER ASMO ZUEN UPN-K?
Esparzak berak asteon gogorarazi duenez, UPN alderdi espainiarzale eta konstituzionalista da; baina, era berean, Nafarroa du ardatz politiko, eta lurraldea gobernatzea da helburu nagusia. Basamortuko zeharkaldiak zazpi urte dirau, eta, horregatik, politikoki, alderdiaren zuzendaritzak ulertu zuen baiezko botoak etorkizunean sozialistekin akordioak egiteko aukera eta norabidea sendotuko zituela. Haientzat, «lan erreformatxoa» da hau, eta Miguel Sanzen agintaldietan sustaturiko CCOO-UGTren eta patronalaren arteko «ituntze sozialaren» ideia bultzatzen du.
ZER GERTATU DA NAVARRA SUMAREKIN?
Hori da auzia. Koalizioak 2019ko foru hauteskundeetan balio izan zuen eskuinaren indarra metatu eta aurreko legealdiko aldaketaren indarrek baino gehiago biltzeko. Ez gobernatzeko adina, baina bai gehiengo hori oztopatzeko bezainbeste. Behin hori lortuta eta Ciudadanos hutsaren hurrengoa bihurtuta, iazko ekainean Esparzak irekirik utzi zuen Navarra Suma amaitzeko aukera. Hitz haiek gogoan, irudi luke UPNrentzat koalizioa amortizatuta dagoela. Alderdi barruan horretaz gogoeta egitekoak ziren, baina oraingoz ez dute ezer esan. Perspektiba apur batekin, Navarra Suma leherraraziko zuen botoia zirudien lan erreformaren aldeko botoak.
ZERTAN HUTS EGIN DU UPN-K?
Bere asmoak ezagutarazi zituen, eta PPk aurrea hartu dio UPNri: koalizioari piztu ordez, hari piztu dio krisia. PSOE eta Unidas Podemosen bazkideak kontra zeudela jakinda, PPrentzat Pedro Sanchezen gobernuaren aurkako botoa zen lan erreformarena. UPNk bi hanka sartze nagusi egin ditu. Bat, begirada luzekoa. Azken urteetan eskuineko alderdien diskurtsoa elikatu eta hauspotu ostean, ezin da hain bira azkarra egin, abantaila taktiko baten izenean. Bere esparruko militanteek ez ulertzeko arriskua zuen. Tartean interes gehiago izanik ere, esparru horretako boto emaileen ezinegonaren isla ere izan zen Sayasen eta Adaneroren ezezkoa.
Bestea, epe motzekoa. Sayasen eta Adaneroren zalantzen jakitun izanda eta hori bazekiten, ezin dira 24 orduz bi diputatu bakarrik utzi, Madrildik dena diferente ikusten baita. Eskuineko alderdi bateko ordezkari izanda, hango aparatu mediatiko-politikoaren presioaren erdigunean izanik, irentsiak izateko aukera handiegia zen. PPk dio ez duela zerikusirik izan bi diputatuak konbentzitzeko mugimenduekin, baina PPko diputatuen egun hartako txalo eta keinuak ikusi besterik ez dago.
ZER GERTATUKO DA ORAIN?
Orain ikusteko dago Nafarroako eskuina nola berrosatzen den: Navarra Sumaren haustura atzeratu besterik ez den egin eta behin betikoa ote den, edo bi alderdi nagusiek egoera bideratzeko borondaterik duten. Ekuazioan, kontuan hartu behar dira hainbat aldagai. Ciudadanos hutsaren hurrena da egun. Vox ez zen aurkeztu 2019an Navarra Sumari ez itzal egiteko, eta zaila dirudi jokaldia errepikatzeak. PPk badaki bakarrik aurkeztuta ez duela asko egiterik. UPNk urteotan Navarra Sumari oparitu dio bere marka hegemonikoa. Edukiko al du inork tentaziorik izen berarekin edo antzekoarekin plataforma alternatibo bat aurkezteko?
ZER EGINGO DU UPN-K?
Navarra Suma hautsita, ahulagoak dira boto eta parlamentari kopuruan, eta, 2015ean gertatu bezala, eskuin zatitu batek arerio politikoak indartzeko arriskua du, UPNren ikuspegitik. Alta, aldi berean, gobernatzetik gertuago egon daiteke ziurrenik, autonomia handiagoa izan dezakeelako Espainiako eskuinak hartu duen bidetik apur bat aldentzeko eta arerioei PSNren inguruko zalantzak eragiteko. Ostegunekoak adierazten du bigarren hautua eta bidea hobetsi duela.
Navarra Suma, krisiaren hipozentroa
UPNk Espainiako Gobernuarekin hitzartu zuen ongietorriak legez zigortzea, besteak beste. Oharkabean igaro bada ere, gertaerek erakutsi dute UPNrentzat amortizatuta dagoela eskuineko koalizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu