Osakidetzako arazoak lehenagotik datozela salatu dute sindikatuek

SATSE «kezkatuta» dago gertatutakoak osasun langileengan izanen dituen ondorioengatik

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, otsailean Osakidetzan egindako greba. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako ESIko kargugabetzeek eta dimisioek ezustean harrapatu dituzte aunitz. Bertze zenbaitek, ordea, argi zuten Osakidetzak azkenaldian izandako jarrerak ondorioak izanen zituela. Hala adierazi dio SATSE sindikatuko kide den Maitena Larrañagak BERRIAri: «Nonbaitetik atera behar zuen honek guztiak; ezin dena egin da gauzak inposatu, pasatu duguna pasatu eta gero. Langileak zaindu behar dira». Uste du Osakidetzak ez duela kontuan izan pandemia garaian osasun langileek bizi zuten egoera.

Ikusi gehiago:Sagarduik «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo ditu kargugabetzeak

Larrañagaren erranetan, «ezjakintasun eta mesfidantza» egoera bizi dute sindikatuan. Azaldu du Osasun Sailaren «lerro berdinetik ez joateagatik» gertatu direla kargugabetzeak eta dimisioak, eta sindikatuan jakin nahi dutena da zein diren lerro horiek. «Asko kezkatzen» die ez jakiteak gertatutako guztia «noraino iritsiko den, eta osasun langileengan zein eragin izango duen, baita herritarrengan ere».

Zuzendaritza

LAB sindikatuak argi utzi zuen zer jarrera duen, atzo zabaldutako prentsa ohar baten bidez: «Ez gaude ados Osakidetzako goi karguen kanporatzeen osteko balorazioaren atzean ezkutatzen den klasismoarekin». «Gobernantza ereduaren usteltzea hain da jasanezina eta osasunaren aurkako erasoak hain dira larriak, ezen kargu uzteak beharrezkoak baitira».

Ikusi gehiago:Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa

Uste du egungo zuzendaritza dela dimisioa eman behar duena edo kargua utzi behar duena: «Ez delako zuzendaritza bat; pentsamendu bakarreko batzar militar bat da, sekulako gogortasunarekin bakarrik zuzentzeko gai dena, gabezia asko eta garrantzitsuak baititu». Gehitu zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «gogoeta sakon bat» egitea beharrezkoa dela; bertzela, «gogaitasuna bere bulegora ere iritsiko» delako.

Egoera orokortua

ELAk ere egoera salatzeko ohar bat zabaldu zuen, Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzua «okertzen» ari dela erranez, eta, gogoraraziz, ESIko egoera gero eta «tamalgarriagoa» dela. «Osasun Sailak uko egiten dio egoera iraultzeari, entzungor eginez sindikatu, profesional eta herritarrei», gehitu zuen.

ELAk errandakoarekin bat eginez, LAB sindikatuak azpimarratu zuen egoera ez dela berria, ESIn gertatu dena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasungintza publikoan gero eta ohikoagoa den «gogaitasunaren isla» bertzerik ez delako. «Errefortzu falta, narriadura aurreikuspenak, autoritarismoa, lan kargak, eskubideen murrizketak... aspalditik» Osakidetzan dauden arazoak direlako.

CCOO sindikatua ere ados agertu zen ideia horiekin. Arkaitz Antizar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako CCOOeko bozeramaileak atzo goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi baitzuen «zoritxarrez» gertatutakoa ez dela berria: «Mahai sektorialean ere gertatzen da. Ez da posible mahai sektorialera joateko deia egin eta joaten garenean Osakidetzaren jarrera alde bakarrekoa izatea». Antizarrek erran zuenez, profesionalei eta langileei entzun egin behar zaie, eta, Osakidetza Euskadiko zerbitzu publiko garrantzitsuenetakoa den moduan, behar duen garrantzia eman eta horretarako politikak zuzendu behar dira.

Sindikatu hori ez da mahai sektorialen aferaz mintzatu den bakarra, ELAk adierazi baitzuen Osakidetzak mahai sektoriala erabili nahi duela «existitzen ez den negoziazio baten itxura egiteko». Sindikatuaren ustez, Osakidetzako arazo handienetako bat da prekaritatea.

Larrañagak ere azaldu dio BERRIAri mahai sektorialean Jaurlaritzak izaten duen jarrera: «Negoziatu beharrean, informatu eta inposatu egiten du; Osasun Sailetik ez dira gauzak eztabaidatzen». Gogorarazi zuen SATSEk epaitegietara jo behar izan duela Osakidetzak oinarrizko eskubideak ez negoziatzeagatik, eta epaileak arrazoia eman izan diela. «Tristea da Osakidetzarekin negoziatu ahal izateko epaitegietara joan behar izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.